Gazteen harremanak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo46.jpg

Zelan zabiltzate? Gogotsu berehala oporrak dituzue eta. Animo ba, azkeneko txanpa da aste pare horrekin gozatzeko. Orain dela gutxi Emakundek Eudelekin batera gazteei zuzendutako kanpaina bat aurkeztu zuen. Kanpaina hau emakumeen kontrako bortizkeriaren aurkako mobilizazioetan barne antolatu zuten

“ Txo! Kontrolatzen? “

, da leloa eta horrekin gazteei, batez ere euren artean dauzkaten harremanei arreta jartzea nahi zuten. Ez dakit zenbaterainoko heldu zaizuen kanpaina hau, beharbada ikastoletan irakasleen bidez jaso duzue, edota telebistatik…Gurako nuke jakin zuok ea zer pentsatzen duzuen eta nola bizi dituzuen horrelako kanpainak. Askotan goitik datozen helburuak, proiektuak, baliabideak edota metodoak ez dituzte gazteek oso ondo hartzen. Ondo legoke jakitea inolako trabarik gabe, zelan kudeatzen dituzuen zuen harremanak eta horiek ekartzen dituzten gorabeherak. Horren arabera kanpainak diseinatu beharko lirateke baina hori dena jakitea nahiko zaila izaten da, beraz ahal dela egiten dela pentsatu behar dugu. Nik sarri egiten dut lan zuokin ikastoletan eta harremanek hainbat burukomin dakartela argi ikusten dut; nagusioi ere horrela gertatzen zaigu. Harremanen izaera oso korapilatsua da hainbat aldagai sartzen direlako. Alde batetik bikotekide bakoitzarenak eta bestetik harremanek sortzen dituztenak. Ez da lan erraza bi pertsonen arteko desioak bat egitea, bi pertsonen beharrak betetzea, euren arteko mugak errespetatzea, gorabeherak kudeatzea…Bakoitzak ditu bere moduak arazoak bideratzeko, barrenak askatzeko…Eta harremana eraikitzen gabiltzanean aldagai guzti horiek elkarrekin topo egiten dute eta askotan ez du batak bestea ulertzen nahiz eta elkar maite. Sarri pentsatzen duzu zurekin dagoena zure gorabeherak ulertu behar dituela, zure beharrak bete egin behar dituela, zure pentsamenduez eta sentimenduez jabetu behar duela zuk ezer esan gabe, zurekin joan behar duela leku guztietara, zuri gustatzen zaizkizun gauzak egiten saiatu behar dela, zuri kontatu behar dizkizula bere burutazio guztiak…Baina beti ez da horrela. Beste batekin zaudetenean beste hori, neska edo mutila, den modukoa gustatzen zaizuela konturatzen zarete bere beldurrekin, ametsekin, lotsekin, desioekin, helburuekin, beharrekin… Ez da zure laranja erdia, zure zati osagarria…Laranja osoa da bera, horregatik da hain erakargarria eta hain konplexua, eta horrexegatik duzu gustuko.Hau horrela izanda, arazoak eta gora beherak izatea ohikoena da elkar maite arren. Guk nahi baino gehiagotan beldurrek eta lotsek kontrolatzen dituzte gure jokabideak. Guk nahi baino gehiagotan kapaz gara ia edozer egiteko bestea ez galtzearren, gu bakarrik ez sentitzearren, gu txikiegiak ez sentitzearren, gu ondo sentitzearren… Batzuetan harroegi jartzen gara edo jarrera zatarrak adierazten ditugu ez dakigulako zelan espresatu barrenak agintzen digutena. Minduta gaudenean sua ateratzen da eta ezin bideratu nahi genukeen moduan. Baliabide gabe sentitzen gara. Beste batzuetan pentsatzen dugu inork ez gaituela maiteko egun daukadan mutil edo neska lagunak beste . Eta neskak edo mutilak egiten duena edo sentiarazten diguna ez bada gure gustukoa ere aurrera egiteko gai izaten gara hainbat aitzaki bilatuz gure bihotzari sentitzen duena ukatzeko. Honen adierazgarri atzo gertatutakoa. Atzo sexualitateari buruzko aholkularitza saioan nengoela gazte batzuek hurbildu zitzaizkidan euren kezkak adierazteko nahian. Batek esan zidan ia urte bi zeramala mutil batekin, baina aspaldian moztu eta atzera ere elkartu egiten zirela. Neskak argi zeukan mutila ez zela bera betetzen zuena baina mutil lagunak horrenbeste maite zuen, neska beldur zela ea inork maiteko zuen mutil lagunak bezala. Beste neska bat ere etorri zen eta hark kontatu zidan mutil batekin zegoela “roiloak” edukitzen oso sarri, ez zegoela inolako konpromisorik baina mutilak beti berorrek gura zuena egiten zuela eta neskak ez zekien zer egin, bere bihotzak esaten bazion ere mutilak ez zituela betetzen bere beharrak. Neska bakarrik geratzearen beldur zen. Ez dira egoera samurrak eta errez esaten dugu besteak zer egin behar duen. Beharbada egin behar duzuen bakarra zuon bihotzari jarraitzea baino ez da, hauxe da askotan bide gaitzena. Zuk zeuk zeure barrenean bilatzen baduzu erantzuna topatuko duzu. Gero hartu duzuen erabakia aurrera eramateko denbora eta batzuetan laguntza beharko duzue, baina hori gertu daukazue. Hemen ere laguntzeko prest gaude eta. Besarkada handi bana.


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2007, Abendua 01
Arloa: Jo ta jo