Hilero gure gorritasuna (I)

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

jotajo090201Gaurkoan aukeratu dudan gaia, askori aspergarria irudituko zaie. Batzuei ez daukatelako inolako ardurarik gai honen gainean eta beste batzuei horrelakorik ez zaielako gertatzen. Denoi ere animatzen zaituztet irakurtzera. Zergatik? Alde batetik, denok biziko duzuelako egoera hori oso gertutik, etxean, neskalaguna, inoiz beharbada alabaren bat ... eta bestetik, neskak eta mutilak gero eta gauza gehiago jakin eta ulertu bata bestearengandik errazagoa egingo zaigulako gure elkarbizitza. Askotan hori be ulertezinen gainean eraikitzen dugu eta.

Nik gogoratzen dut nire kasua eta hilekoa izan baino lehenago ez neukan ideia handirik horri buruz. Agian gazteegia nintzen, hamaika urte baino ez. Etxean amak emakumea nintzela esan zidan. Aitak eta amamak zoriondu ninduten eta ni lotsatu. Hala ere berria pozik hartu nuen pentsatuz pribilegio gehiago edukiko nituela: asteroko paga igoera, etxera etortzeko orduren luzapena.... Baina ez, dena jarraitu zuen berdin, hilerokoa izan ezik.

Egun ikastetxeetan, kontsultan, edota lagunen artean hilerokoari buruz hitz egiten dugunean konturatzen naiz zein garrantzitsuak diren emakumeon bizipenak honen inguruan. Bizipen batzuk oso antzekoak besteak aldiz ez. Baina galdera eta mito batzuk leku eta garai gehienetan eman izan dira.

 


Menstruazioa latinetik dator, menstruum hitzetik eta honen jatorrian mensus dago, hilea, alegia. Hortik dator euskarazko hilekoa.

 

Historian zehar, orain dela oso denbora gutxira arte, gertaera hau fenomeno misteriotsu bat izango balitz moduan jorratu da. Ezjakintasunaren gainean ezarritakoak hainbat tabu lotu izan zaizkio. Honen eraginez hainbat emakume isolatuak egon dira, debekatu izan zaie hainbat janari prestatzea eta harreman erotikoak edukitzea ere. Odol hori oso kutsakorra, arriskutsua edota botere magikoduna zela pentsatzen zen. Historiako hainbat pasartek hilekoa ezbehar bat bezala deskribatzen dute. Beraz, emakumeek ezin zuten hainbat gauza egin. Adibidez, Euskal Herrian askotan entzun izan dugu ezin ditugula txerrikiak egin.

Hainbat kultura indigenetan pentsatu izan da hilekoaren jarioa animali baten haginkadaren ondorioz sortu dela. Beste tribu askotan jai handiak egiten dira lehenengo hilekoarekin, emakumeari garai emankorra heldu zaiola ospatzeko. Erlijio gehienetan, hainbat interpretazio badaude ere, hilekoa haragikoia, lohia, gaixotasuna -izan- da . Beraz emakumea baztertuta -egon- da hilekoa izan duenean. Pentsalariek eta zientzialariek ere denetarik idatzi dute, gehien bat gaixotasunarekin lotuta.

Ikusten dugun moduan zer esanik eman eta ematen du gure hilekoak!

Agurtzane Hormatza

2009, Otsaila 05
Arloa: Jo ta jo