Mutilek neskei

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi!

Orain dela hamabost egun konta nizuen zelan ikastetxeetan mutilen eta nesken arteko harremanak lantzeko joko bat egiten dugula, non batzuek zein besteek galdera sorta bat idazten dute beste sexukoei buruzko informazio eskuratu nahian.

Pasarte hartan neskek mutilei zuzendutako galdera bat hartu genuen aztergai eta oraingoan mutilen txanda da.

" Nazka ematen zaizue ala gustatzen zaizue masturbatzea? "

Lehengo moduan galdera zuzena .Neskek horrelako galdera entzuterakoan askotan mutilen jakin mina ikusi beharrean euren aurkako atakea ikusten edota sentitzen dute. Galdera honek ikastetxe gehienetan bi erantzun sorrarazten ditu neskengan. Alde batetik neska batzuengan sua pizten du eta bestetik, gehiengoengan lotsa edo jakin eza ekartzen du. Sentipen horiek euren burua oso modu anitzetan defendatzera bultzatzen du, mutil askoren harridurarako.

Adibidez erantzun zakarrak esanez: " Hori gure intimitatean sartzea da,ez da zuon ardura? ", " Zer pentsatzen duzue zuok egin dezakezuela eta guk ez? "

Edo ihesbidea: izugarrizko isiltasuna. Ez berbarik ezta inolako mugimendurik...ezer ere ez mutilen behin eta berriro galdetu arren.

Mutilak eta neskak lasaitzen diren heinean eta berba barrenetako sentipenetatik abiatzen den heinean konklusio hauetara heltzen gara:

1. Neska asko ez dira konturatzen mutilek gehienetan jakin mina baino ez daukatela, jakiteko batez ere neskak nondik nora doazen eta zer egin behar duten.

2. Mutil askok ez dakite neskaren isiltasunak ez duela esan nahi neskek "euretaz paso egiten dutela" edota ez dutela inondik inora asmorik gai hori buruz berba egiteko.

3. Neska batzuek ez dakite eurentzako gogorrak diren esanei aurre egin ez bada askotan paso eginez. Lagunei adierazi gabe benetan zer daukaten barrenean

4. Neska askori masturbazioaz berba egitea kostatu egiten zaie. Heziketak, fisiologiak, anatomiak, gizarteak ez du askorik lagundu.

5. Mutil askori oso zaila egiten zaie ulertzea masturbazioari buruz berba egiteko eurek daukaten erraztasuna neskek ez edukitzea. Askotan pentsatzen dute neskak adarra joten edo gezurretan dabiltzala. Eta sentipen horrek sutan ipintzen ditu.

6. Neska batzuek masturbazioaren bidea bilatu eta gozatzen dute, baina lotsatzen dira eta ez dute nahi inori esan zer egiten duten. Beste batzuk ez dira inoiz ere masturbatu eta lotsa ematen die hori azaltzea. Besteek zer pentsatuko duten oso garrantzitsua da.Bakoitza bere erritmora.

7. Mutil gehienek neskan masturbazioaren gainera oso iritzi baikorra daukate, eurentzako ez da lotsatzekoa, gozatzekoa baino.

Hilabete honetan ikusi izan dugun moduan ez da bat ere erraza gure benetako barrenak azaltzea. Emozioen zurrunbiloan sartzen garenean batez ere. Zelan egiten dugu denon artean leku lazgarrietara iristeko neskok zein mutilek elkar ulertzea eta batzea denean gehien gura duguna. Animo bide gazi gozo honetan. Eta ADI, lagunak ez duenean erantzuten edo erantzun bortitza ematen duenean askotan izaten da mina jaso duelako. Baina ADI, askotan ez da errurik topa behar, barreneko informazioa partekatuz nahiko izaten da eta.

Agurtzane Ormatza

2009, Ekaina 18
Arloa: Jo ta jo