Udak dakar...

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi!

Jada oporretan eta gustura! Udak aldaketa eta aukera asko dakar, denak ere oso interesgarriak. Gazte, eta hain gazteak ez direnak ere, gogotsu egoten zarete sasoi honen zain.

Oporrak, eguraldi gozoa, denbora gehiago kalean, ordutegi zabalagoak, neska eta mutil gehiago ezagutzeko aukera, neska eta mutilen harremanak errazago eta sutsuago sortzen dira, intimitatean jolasean ibiltzeko aukera gehiago...Badaude bai hainbat aldagai laguntzen dutenak udako garaia biziago izatera.

Horrela hori bada be, badakigu batzuentzako elkarrengandik urruntzeko denboraldia izango dela, lagunik gabe egoteko sasoia, ikasteko edo lana egiteko garaia....eta askorentzako garai ezin hobea ligatzeko. Baina denontzako be animo!! Oraingoan aukerak kontuan hartuko ditugu.

Eguraldi ezin hobea bestelako planak egiteko. Mendia, erreka, hondartza, hirietako parkeak erdi hutsik...Pentsatu zein plan egin gura duzun eta zure ezagunei, neska edo mutil lagunari , senitartekoei edota koadrilako norbaiti esan. Seguruenik bat baino gehiago egongo dela prest plan hori zurekin konpartitzeko.

Eguzkiak gure burmuinean dagoen serotonina isurtzera laguntzen du. Substantzia honek eragina dauka gure animoan, hobeto sentiarazten gaitu, pozago gaude...Aprobetxa ditzagun gorputzak oparitzen dizkigun sentsazio gozagarri hauek!...merke merke.

Etxera bueltatzeko ordutegia malguagoa denez, denetariko planak egiteko aukera duzu. Lagunekin planak egiteko edota zure kuttunarekin konpartitzeko, adibidez iluntzea elkarrekin gozatzeko edota zuok egindako bokata batzuk jateko edozelako tokitan.

Jaietan ibiltzeko era izugarria da. Neskak zein mutilak kitzikatuta, gauaren zati bat zuon eskuetan egongo delako, eta ilargipean begiradak, lotsak, gogoak, barreak, laztanak eta berbak leku paregabea daukatelako dantza egiteko, hurbiltzeko, musukatzeko...

Naturak eta eguraldiak leku ederrak oparitzen dizkigute gozatzeko: harea, belardiak, pinudiak, erreka bazterrak, atxak, labarrak... Gehienetan gazteek ez daukazue kotxerik ezta leku intimorik zuon lagunarekin zirritan ibiltzeko.Baina sasoi honetan leku erosoak, intimoak, seguruak, lasaiak... eskura badaude. Beharbada heldu da sasoia bion artean bilakatzeko eta aurkitzeko biontzako goxoa izan daiteken txoko bat. Ez dago presarik ikerkuntza lana berez oso dibertigarria da eta.

BERAZ, ATERA BITSA GURE UDARI!!
Besarkada bana, Agurtzane

Agurtzane Ormatza

2009, Uztaila 13
Arloa: Jo ta jo