Mina egiten du!

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi! Zelan zabiltzate?

Oraingoan bi zalantza hauen inguruan idatziko dizuet: " Gero eta gutxiago geratzen naiz nire mutil lagunarekin, gogotsu berarekin egoteko egon arren, irten izan garen bakoitzean txortan gura du, eta niretzat ezinezkoa da izugarrizko mina ematen didalako."
" Nire neska lagunarekin oso ondo konpontzen naiz, baina txortan saiatzen garen bakoitzean ematen du bagina itxita daukala."

Neska eta emakume askori ezagunak egiten zaizkie honelako istorioak. Edozein emakumeri, bere bizitzako momentu batean, sarketa momentu konplikatua egiten zaio. Baina, zertaz hitz egiten ari gara?

Gure bagina muskuluz osaturik dago. Espazio birtuala da, bagina zulotik barrena dagoena. Ematen du oso laburra eta txikia dela, baina zer edo zer sartuz gero, handitu eta luzatu egiten da batez ere andrea lasai eta kitzikatuta badago.
Gure baginari, gorputzeko edozein muskuluari gertatzen zaion bezala, urduri edota deseroso gaudenean edota mina sentitzen edo sentituko dugula pentsatzen dugunean, uzkurtu egiten da eta poroak zarratu egiten dira. Barrukoa uzkurtu, gogortu eta itxi egiten da ezinezkoa izanez ezer sartzea. Pelbiseko eta baginaren kanpoko aldean dauden giharrak uzkurtzen dira nahi eta ez, erreflexu automatikoa bihurtuz. Honek koitoa, ginekologoaren esplorazioak edota tanpoia sartzea ezinezkoa bihurtzen ditu eta zerbait sartzea mingarria bihur daiteke.

Zelan ekiditu edota baretu?

Gure gorputza nola erlajatu ikastea ezinbestekoa da. Horrek lagunduko digu gure muskuluak laxo egoten eta gure poroak zabaltzen. Orduan exzitazio sentsazioak areagotuko dira, lubrikazioa eta sarketa erraztuz.

Gure bagina barrutik ezagutzea ere garrantzitsua da. Animatu eta sar ezazue atzamar txikia barruan eta hormak nolakoak diren jabetuko zarete, tamainaren arabera nola zabaltzen den sentituz.

Zuon gozamena menperatzeak lagunduko dizue lasaitasuna eta segurtasuna hartzen, beldurra kentzen ... ezinbesteko osagaiak bidea lasaiago egiteko.

Dena den ez ahaztu prozesu honek bere denbora daramala. Gainera, kontu honetan gauza asko bakarrik egin badezakezue ere, gero konpartitzea ezinbestekoa izaten da. Kontatu elkarri zer gertatzen zaizuen, zuon beldurrak, lotsak, nahiak...

Konpartitzeak asko laguntzen du!

Besarkada handi bana, Agurtzane

 

 

Agurtzane Ormatza

2009, Azaroa 17
Arloa: Jo ta jo