neska lagunak bai, baina ni???

Agurtzane Ormatza

Zelan zabiltzate urteari agur esaten? Ez dakit horri buruz askorik pentsatzen duzuen baina seguru nago urtearen amaierak dakartzan oporraren usaia gozatzen zabiltzatela.

Gaurkoan, azkeneko urte bitan edo, agertzen zaidan gai bat gura dizuet plazaratu.

Neska mutilen harremanetan aldaketa nabarmen batzuk eman dira beste belaunaldi batzuekin konparatuz, nahiz eta lotsak, beldurrak eta desioak dirau. Adibidez, bikote gazteek agerian uzten dute euren pasioa eta maitasuna, neskek euren desioa azalarazten dute inoizko errazen, homosexualitatearen agerpena zabaltzen doa ...

Egun inoiz baino mutil gazte gehiago agertzen dira ikastolako aholkularitza saioetan euren kezkak azaltzeko. Oraingoan sarri entzun izan dudanetariko bat ekarri dizuet. Batzuetan sentitu izan dutela euren bikotekideengandik presioa harreman erotikoetan murgiltzeko.

Harrituta? Pentsatzen zenuen neskon kontua baino ez zela? edo jada gertutik bizi izan duzue?

Adin desberdinetako pertsonez osaturiko bikoteak betidanik izan dira. Beharbada orain desberdintasuna zera da, sarri mutila neska baino gazteagoa dela. Baina kasu honetan sexuen rola aldatu bada ere, bakoitzak behar dituen prozesuak ikasteko , aberasteko eta zabaltzeko berdinak dira . Hau da , gehienetan pentsatzen dugu mutilak askoz ere prestago egoten direla gorputzen dantzan murgiltzeko: muxuak, laztanak, masturbazioak...Neska eta mutil askori zaila egiten zaie pentsatzea, mutilek prozesu bat behar dutela gorputzaren izkinak lagunarekin arakatzeko eta egoera azaltzea kosta egiten zaie. Korapiloa ez denean askatzen handitu baino ez da egiten!

Neskok argi izan dugu beti, eta mutil askok ere, batzuetan zaila izan arren, gure denbora behar genuela laztanaz gozatzeko,gorputza ezagutzeko, jolasteko ... Askotan bikote sisteman gazteena izanda, horrela helarazten genion gure bikotekideari . Ahal genuen moduan

Dena den inportantea izaten da bikotekide artean gertatzen zaigunari buruz berba egitea . Kezkei, beldurrei, lotsei ... bidea ematea. Gehienetan pentsatzen dugu jada badakigula lagunak zer esango duen, baina errealitatea beste bat da; gure barrena askatzen dugunean bikotekidearekin bat egiten dugu eta bion artean bideak topatzea ezinbestekoa da biok pozik egoteko. Lagunak ezin digu lagundu guk ez badiogu esaten zer daukagun.

Badakit ez dela bat ere erreza, baina merezi du. Hobeto askatu eta konpartitu norberaren beldurretan geratzea baino ezta? Animo ba! Dena den hona hemen baliabide batzuk:

1. Idatzi lehenengo zirriborro bat zuretzako, sentitzen edota pentsatzen duzuna ateratzeko. Askatu!!
2. Berba egin zure konfiantzako lagun edo senitarteko batekin. Gure barrena usteak arindu egiten du zama eta gainera akaso aholkuren bat jaso dezakezu.
3. Bilakatu une lasai eta intimoa neska lagunarekin berba egiteko. Zure urduritasuna adierazi lehenago eta gero astiro zure berbekin atera kezkatzen zaituztena.
4. Aurrez aurre berba egitea zaila egiten bazaizu, idatzi iezaiozu gutun bat edo emilio bat .

Animo ba eta ez ahaztu bakoitzak behar duen denbora hartu behar duela edozelako sentsazioak, sentipenak, jokabideak eta burutazioak barneratzeko.Ez dugu gure burua zertan derrigortu behar. Baina bai kasu egin eta bideratu!

Agurtzane Ormatza

2009, Abendua 15
Arloa: Jo ta jo