Pornoaaaaaaaaaaaa

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi!
Batek jakin nondik ibiliko zareten! Dena den gustura ibiltzea espero dut. Gaurkoan pornoa ekarri dut aztergai.
Pornografia hitza entzuten dugunean, askotariko irudiak etortzen zaizkigu gogora. Gorputzarekin, zakilarekin, titiekin, ipurdiarekin, gozamenarekin eta abar luze batekin daude lotuta irudi horiek. Baina, bestelako sentipenak ere azaltzen dira gure baitan: nazka, gozamena, askatasuna, gogoa, beldurra, lotsa... Gaiarekin lotuta dauden hainbat jarrera agerian geratzen dira. Guztiok dugu sentipen eta iritziren bat pornografia hitza entzuten dugunean. Gordinkeriarekin eta lizunkeriarekin egon da lotuta pornografia. Sexu jokaera gordinak eta zikinak azaltzean, pornografiaz berba egiten da; irudi horiek hain gordinak ez badira, ordea, erotismoaz. Pornografia okertzat hartu da eta erotismoa aldiz, ontzat.

Baina zer da lizuna eta zer ez? Zer zikina eta zer ez? Non dago aldea? Nork ipintzen du marra horien artean? Ez da erraza galdera horiek guztiak erantzutea. Lizunkeriaren definizioa aldatuz joan da mendebaldeko herrialdeetan, eta horrekin pornografia edota erotismoaren edukiak ere. Pertsona bakoitzak garai bakoitzak, sasoi historiko bakoitzak, kultura bakoitzak edukiaz betetzen ditu kontzeptuak, beraz kontzeptu arteko mugak askotan oso labankorrak dira.

Baina seguru nago kontzeptuari lotuta dagoen aldagai bati buruz oso ados egongo garela denok ere. Hauxe da, pelikula pornoak pelikulak direla. Hementxe azpimarratzen dudana tontakeri hutsa da? Erantzun korapilotsua ... Tontakeri hutsa da hortaz ,jada denok ere konturatu garelako. Baina pornoaz aritzen garenenean, hausnarketetan zein lagunekin solasaldietan, ahaztu egiten zaigu.

Egia da egun pornoa dela material bakarra andreon zein gizonen harreman erotikoak islatzen duena. Imajinatu zelako inportantzia ematen diogun, askotan ahazten dugula pelikula denik eta sinesten dugu irudietan agertzen den guztia, are gehiago, uste dugu gure harreman erotikoak horrelakoak izan behar direla edo direla. Eta hortxe dago gakoa.

Pelikulak, denak ere, dibertitzeko, gozatzeko, denbora pasatzeko, pentsarazteko, emozioak mugitu arazteko ... filmatzen dira. Baina denok dakigu hor agertzen dena, askotan errealitatean oinarrituta badago ere, batzuen sormenaren lana dela.Hau da, Swatzenagerren pelikulak ikusten ditugunean gauza asko gertatzen dira, gero zinematik irteten garenean gertatzen ez direnak. Hori horrela bada ere, asko gozatzen dugu zineman gaudenean, ezta?

Ba horixe, pelikuletan azaltzen diren egoerak fantasietan murgildutakoak dira, andreak eta gizonak, aktoresak eta aktoreak oso trebeak diren langileak dira, kamerak izugarrizko lana egiten du zuzendariak nahi duen lekuetara hurbiltzeko eta beste guztia itzalean utziz, montadoreak eta photoshopak eureak egiten dute, eta ordezkoak ere badaude protagonistek arazoren bat edukiz gero .... Beraz zuzendaritza, produkzio lanak, aktore-aktoresak .... denek laguntzen dute azkenean ikusleak pelikularekin goza dezan!

Zeuk ere gozatu, baina adi! pelikulak, pelikulak baino ez baitira.

Ondo pasa,besarkada bana.
Agurtzane

 

Agurtzane Ormatza

2010, Uztaila 27
Arloa: Jo ta jo