Zenbat pilula!

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!
Zelan oporrekin gozatzen jada? Eutsi ba!
Ikasturtearen amaieran,beti bezala, hainbat galdera airean geratzen dira, zelako zurrunbiloak eta nahasmenak. Gaurkoan horrelako informazio desegokiaz egindako korapiloa askatzera natorkizue. Pilulen troinua!

jotajo110629

Pilularen helburua , beste prestakin hormonalak bezalaxe ( partxeak edota baginarako eraztunak) andreengan obulazioa ez izatea da. Obulazio ezean ezin gara haurdun geratu. Gure burmuina, besteak beste, arduratzen da andreon zikloaz. Bere agindupean gure obulutegiek obuluak eta hormonak askatzen dituzte hilekoa edukitzeko. Pilula hartzen dugunean, obulutegiek isuri behar dituzten hormona bezalakoak hartzen ditugu, sintetikoak baina. Orduan behar ditugun hormonak gure odolean jadanik daudenez gure burmuinak ez dio inolako agindurik ematen obulutegiei. Haurdun geratzea ezinezkoa!

Edozelako prestakin hormonala hartzeko, gure medikuarekin edota ginekologoarekin kontsultatu behar dugu. Alde batetik neska guztiek ezin dituztelako horrelako pilularik hartu, eta bestetik hainbat pilula mota daudelako eta bakoitzari dagokiona zein den medikuak esan behar duelako. Dena den, argi eduki beharko dugu pilulek ez gaituztela genitalen bidez transmitituriko gaixotasunetatik babestuko.

 

 

jotajp_11_06_29Hurrengo eguneko pilula: prestakin hormonal bat da. Babes gabeko koito baten ostean erabiltzeko. Nahigabeko haurdunaldi bat sahiesteko. Ez da pilula abortiboa. Ez du genitalen bidez transmitituriko gaixotasunetatik babesten. Metodo hau larrialdirako kasutan erabiltzeko baino ez da.

Nahi gabeko eiakulazioa baginan barruan izan denean erabiltzekoa da. Hau da, kondoia apurtzen denean, kondoia bagina barruan geratu denean edo kondoia jartzea ahaztu denean.Bortxaketa kasuetan ere erabiltzen da. Pilulak ez du inolako eraginik jada haurdun bagaude.

Eraginkorra izateko babes gabeko koitoa eduki bezain laster erabili behar da 72 ordu pasa baino lehenago, lehenengo 24 ordutan eraginkortasun handiena dauka. Euskal Herriko hegoaldeko farmazietan lor dezakezu zuon medikuak emandako errezetaren bidez edota larrialdirako anbulatorioetan bertoko medikuak emanda. Iparraldeko farmazietan errezeta gabe lor dezakegu. Adingabekoa izatea ez da arazorik errezeta lortzeko.

Batzuentzat pilula hau eskuratzea ez da erraza. Lotsak, beldurrak, aurreiritziak bidea zailtzen dute. Konturatzen garenean semena barruan geratu dela oso urdurik jartzen gara eta . Baina momentu horretan laguna alboan izateak bidea erraztuko digu. Gertatutakoak badauka irtenbidea, konfiantza eman zeure buruari, arnasa hartu eta joan zaitez, behar duzunaren bila lotsatuta edota urdurik egon arren.Osakidetzan , familian, lagunen artean edota sexologoak badaude zuoi laguntzeko prest eta.

Animo ba!

Agurtzane Hormatza

2011, Ekaina 29
Arloa: Jo ta jo