Agur!

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zelan zabiltzate? Izenburua irakurtzerakoan batek baino gehiagok beharbada pentsatu izan du nire agurra dela...baina ez, oraindik hemendik edukiko nauzue, ez zarete nitaz libratuko ez! Baina Agur esatearen eta agurra jasotzearen zailtasunari buruz berba egin gura dizuet.

Nagusien harremanak apurtzen direnean garrantziaz denok jabetzen gara eta gazteen harremanak apurtzen direnean ez diegu ematen ia inolako garrantzirik. Egia esateko nik ikusi dudanagatik gehienetan oso momentu latza izaten da. Beharbada egoera horri buruzko pintzelada batzuk ematea ez legoke txarto ezta?

Agur esan

Esan aurretik bidea gehienetan aspalditik hasita dago. Hau da, harremanari lotuta dauden hainbat gorabeherak, iskanbilak, gurariak, isiltasunak, gogo txarrak,espektatibak ... agertu izan dira. Batzuetan horiei buruz berba egin ere. Askotan  bideragarriak direla pentsatzen dugu baina momentu batzuetan bikotekide bientzako edota sikiera batentzako egoera jasanezina da.Gehienetan ez dakigu zelan baina elkarrekiko erakarpena eta gogoa amaitzen da. Beste batzuetan beste lagun bat agertzen,sarri nahiz eta laguna benetan maitatu berarekin harremana zoramena  eta jasanezina bihurtzen da... Istorio bakoitzak bere bidea dauka eta gehienetan arrazoi bat baino gehiago egoten dira nahiz eta momentuan beharbada ikusi ez.

Gure barrenak askatzea eta lagunari bikote harremana amaitu dela esatea momentu latza da. Askok une hori saihestu arren, harremana astiro uzten dute (deiak gutxituz, elkar egoteko uneak ekidituz...), beste batzuek sms edota email bat bidaltzen dute, lagun bati eskatzen diote norberaren ordez egitea ... Sarri harremanari agurra emateko modu horiek ez dira lagungarriak inorentzat. Zergatik? Emozio, egoera eta buruhauste larregi sortzen dituelako. Biak hasi ziren elkarrekin, biek egin dute bidea eta onuragarria izaten da amaiera biek ematea.

Zelan? Inoiz ere ez da perfektua izango ez da leku aproposena egongo, baina intimitatea lortzea ezinbestekoa da. Sasoia ere ez da ona izango baina denbora berba egiteko unea aurkitu beharko dugu. Zer esan? Gure barrenak gordeta daukan istorioa kontatzea lagungarria da, ez luzatu agurra bakarrik.

Jakin ezazue mina sortuko dela, nahi gabe izanda ere, mina eman eta jaso egingo dugu baina min hori ez dadila izan nahita emandakoa.

Mina ezin da saihestu, sufrimendua bai!

Besarkada bana,

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2011, Uztaila 29
Arloa: Jo ta jo