Zaldi kontuak

Kontaizu

2004, Otsaila 01
Arloa: Kirolak

kir04_3.jpg


kir04_1.jpg

Txakurraren ostean, zaldia gizakiaren lagunik onena dela esaten dute. Zaldiak gure gizartean eduki duen garrantzia kontuan harturik, ez dirudi esaera oker dabilenik. Historian bertan jabea bezain ospetsu bihurtu ziren zaldiak aurki ditzakegu. Hain zuzen, haren jatorriaren nondik norakoak ikertzen ibili diren zenbait antropologoen ustez, zaldiek nazioen patua erabaki dute. Lanerako zein aisialdirako, hortxe egon da beti zaldia, otzan, leial. Jakina, gaur egungo ikuspuntutik baloratzen dugu zaldiak mendetan zehar gizateriari ekarri dion onura, baina orain dela mende batzuk dodoaren ibilbide bera errepikatzeko zorian egon zen. Behin betiko desagertzea, alegia. Zorionez, geure antzinako arbasoak, lehendabiziko gizaki haiek, jateko ez ezik zaldiak haren gainean ibiltzeko balio zuela ohartu ziren, eta hortik aurrera animaliak hezten hasiko ziren. Hori egiten lehenak Asia erdiko tribu nomadak izan ziren, k.a. 4.500. urte inguruan. Denborarekin, jaki eta garraio ez ezik, zaldia aparteko denbora pasa bihurtuko zen. Diotenez, zaldi lasterketak ditugu kirolik zaharrena; gutxi gorabehera zaldiak garraio moduan erabiltzen hasi eta berehala agertu ziren estreinako probak. Ez dakigu zein izango zen orduko saria, baina gaur egun dirutza handiak mugitzen ditu zaldi lasterketak.

kir04_2.jpg

Urteak aurrera egin ahala, zaldi jabetza nobleziaren pribilejio bihurtuko zen. Erdi Aroko nekazari xumeak ozta-ozta ibiltzen ziren erregeari zein lurraldeko jauntxoei zergak ordaintzeko orduan. Askotan ez zeukaten ahora zer eramanik ere, beraz, ezinezkoa zitzaien beren beharretatik kanpo zegoen animaliarik mantendu. Ezin dezakegu esan animaliaren luxuzko izaera hori erabat desagertu denik, jabetzari dagokionez behintzat. Gaur egun, etxe gutxitan topatuko ditugu zaldiak, ardura handiegia suposatzen baitute. Alabaina, hipika eskolei esker denen eskura dago haietaz gozatzea. Zaldien Lagunen Lezamako Elkarteak, adibidez, 18 urte daramatza lanean. Hango nagusiak, Jane Maloneyk, bizitza osoa darama zaldiekin lanean. “Hona datozenei, batik bat, zaldi gainean ibiltzen irakasten diegu. Noizean behin, paseoak ere antolatzen ditugu, beti ere zaldia behar bezala gidatzen dakitenekin”. Adin mugarik ez dago eskolan izena emateko. “Sei urteko umeekin hasten gara, baina hortik aurrera edonor etor daiteke”. Gutxi dira behin zaldi gainean ibili, eta bigarren aukera bati muzin egin diotenak. “Normalean, harreman estua sortzen da zaldiaren eta zaldunaren artean”. Horren adibide da Jane bera. “Bazkide batzuk ia egunero etortzen zaizkigu, kirol moduan hipika oso gustukoa baitute. Horrelakoek nahikoa esperientzia badute, eta zaldiarekin beren kasa ibiltzen dira”. Getxoko La Galea elkarteak, berriz, aspaldi ireki zituen urteak. “Hasiera batean, klub pribatua zen La Galea. Sortzaileak bere zaldiak gordetzeko eta nahi zuenean haien gainean ibiltzeko eratu zuen. Gerora, zenbait zaldi jabe klubean sartu ziren, baina erakundea berez ez zegoen publiko orokorrari zabalduta”, azaldu digu Inmaculadak. Baina orain dela 18 urte klubaren egitura goitik behera aldatu zen. “Klaseak emanda diru sarrera osagarri bat lor zitekeela ohartu ziren orduko zuzendaritza batzordekoak. Beraz, bazkideak ez ezik zaldi gainean ibiltzen ikasi nahi zuen oro jasotzen hasi zen La Galea”. Bazkide gehienek beren zaldiak dituzte, “baina klaseetarako eskolak propio dituen zaldiak erabiltzen dira”. “Eskolan, jendeari zaldi gainean ibiltzen irakasten diogu. Dena den, bazkideen artean badira maila ona duten zaldunak, eta hipika lehiaketetan parte hartzeko ohitura daukate. Kasu horietan, probak prestatzera etortzen dira hona. Jakina, eskolak berak zenbait probetan parte har dezake, baina horrelakoak kluben arteko lehiaketak izaten dira; ez dira aurrekoak bezain garrantzitsuak”.

kir04_4.jpg

Hipika gutxiengo bati zuzenduriko kirola dela entzuten duen bakoitzean, sutan jartzen da Inmaculada. “Tamalez, uste hori nahiko zabaldurik dago, baina ez da egia. Zaldia ikusi eta jendeak hura ere mantendu behar duela pentsatzen du. Beraz, garestia da. Ez da konturatzen klasea jasotzeagatik bakarrik ordaindu behar duela. Gimnasio batean izena ematen baduzu, ziur aski hileko kuota zaldi gainean aritzeko ticketak baino garestiago aterako zaizu”. Prezioak aipatu ditugula, nola funtzionatzen dute hipika eskolek? “Eguneroko ticketa garesti samar ateratzen da. Normalean, bonoen bidez funtzionatzen dugu. 10 klasetarako bonoa 73 eurotan eskura dezakezu, eta astean birritan etortzen direnek horrelakoak erabiltzen dituzte”. Euskal Herriko Hipika Federazioaren web orrian gaur egun federatuta dauden eskola guztien berri aurki dezakezue. Era berean, lehiaketetan izena emateko epeak, araudiak eta hipikari loturiko hainbat kontu kontsulta ditzakezue. Beren helbidea ondokoa da: http://www.fvh.org