Mahai-tenisa: tenisaren anaia txikia

Kontaizu

kir15_1.jpg


kir15_2.jpg

Beren partidek ez dute jende uholderik erakartzen, gustuko duten kirolak, mahai-tenisak, ez baitu zale kopuru handirik Euskal Herrian. Bestelakoa da Txinako egoera. Hantxe bai, zaleek ederki berotzen dituzte jokalarien arteko norgehiagokak. Gaztetxoek gehien miresten duten jokalariaren izena daramate idatzita elastikoaren atzealdean, Europan futboleko izarrekin gertatzen den antzera. Izan ere, mahai-tenisa ia erlijio bihurtu da Txinan. Halaxe kontatu die Wu Yichuanek bere taldekoei, eta zur eta lur geratu dira haiek. Txinako selekzioarekin Nazioarteko hainbat txapelketetan ariturikoa da bera, beraz, ondo baino hobeto daki zer esaten duen. Wu Yichuan orain dela urte bete iritsi zen Irungo Leka Eneara, denbora nahikoa taldeko arima bilakatzeko. Gainerako jokalariak zein entrenatzailea bat datoz Txinakoaren teknika goraipatzeko orduan, eta berari esker asko ikasi dutela diote. Era berean, Leka Enearen igoera –iaz "superdibisiora" igo zen taldea, Estatuko lehen mailan ari den mahai-teniseko euskal talde bakarra izanik- neurri batean hari zor zaiola diote. Wu Yichuanek garrantzia kentzen dio kontuari, eta, egiazki, taldeak azken urteetan emandako urratsak talde lanaren emaitza direla uste du. Hain zuzen, Leka Enea dugu Euskal Herrian mahai-teniseko taldeen erreferente nagusia. Hainbat nekeren ostean, profesionaltasunera iristea lortu dute, nahiz eta komunikabideetan oraindik ere apenas tokirik ez duten. Wu Yichuanek lasai hartzeko esaten die taldekideei, etorriko direla garai hobeak. Munduko beste herrialde batzuetan ere modu apalean hasi zen mahai-tenisa, eta gaur egun arrakasta handia dauka.

kir15_3.jpg

Irungo Leka Eneaz gain, Euskal Herrian badira mahai-tenisean aritzen diren beste zenbait talde: besteak beste, Barakaldoko Gorazde, Portugaleteko Gure Talde, zein Gasteizko Kirol Taldea. Bestetik, ondokoak dituzu Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako Federazioen datuak: Arabako Mahai-Tenisko Federazioa Cercas bajas 5 kalea, Gasteiz Tfno. Zkia: 945 25 07 64 Bizkaiko Mahai-Tenisko Federazioa Iparragirre kalea 46 1., Bilbo Tfno. Zkia: 94 443 02 86 Gipuzkoako Mahi-Tenisko Federazioa Anoeta plaza 5, 42. bulegoa Donostia Tfno. Zkia: 943 47 20 20

kir15_4.jpg

 

Mahai-tenisaren jatorriaz

Inork ez daki zein urtetan zehazki sortu zen mahai-tenisa, ezta nor izan zen haren asmatzailea. Gaur egun duen izena bera garaikidea samarra da, lehenago gossima, flim-flam, whif-whaf eta ping pong bezala ezaguna baitzen. Bere jatorriari buruz dugun datu bakarra zera da: XIX. mende amaieran, Ingalaterran, ohiko bihurtu zela bazkalostean mahai-tenisean aritzea. Horren erakusgarri dugu 1810. urteko kolorezko litografia bat, zeinetan gazte talde bat agertzen den mahai-tenisaren antza duen zerbaitetara jokatzen. 1900. urtetik aurrera, kirol honek hedapen eta garapen zabal bezain azkarra izan zuen. James Gibb ingelesaren ekarpenek mahai-tenisean erabiltzen diren materialak hobetzen lagundu zuten. Bien bitartean, bere herrikidea zen John Jacquesek “ping pong” izena erregistratu eta Amerikako Estatu Batuetako Parker Brother konpainiari saldu zizkion kirola amerikar herrialdeetan ezagutzera emateko eskubideak. Baina duda barik urratsik garrantzitsuena 1988an etorri zen: urte hartan, lehen aldiz, mahai-tenisa Olinpiar Jokuetan agertu zen.

Kontaizu

2005, Otsaila 01
Arloa: Kirolak