Windsurfaren inguruan

Kontaizu

kir20_1.jpg


kir20_2.jpg

Pentsa liteke beste hainbat kirolen antzera windsurfa ere praktikaren bitartez sortu zela, baina ez zen horrela izan. Egiazki, Kalifornia hegoaldeko garaje batean bururatu zitzaien Jim Drakeri eta Hoyle Schweitzerri gaur egun munduan jarraitzaile ugari dituen jarduera. Drakek eta Schweitzerrek biziki maite zuten surf taula gainean olatuak harrapatzea, baina biek irudipena zuten olatuekiko morrontza gehiegizkoa zela. Hau da, olaturik ez zenean ezin zuten beren kirol kuttuna praktikatu. Gainera, trebetasun handia behar zen taula gainean zutik mantentzeko, hankasartze txiki batek pikutara bidal baitzezakeen olatu gaineko osteratxoa. Horregatik biak ala biak aspalditik zebiltzan ibilaldia, hots, nabegazio egonkorragoa ahalbidetuko zuen aparailuaren bila. Hainbat zirriborroren ostean, gaur egun windsurf taula bezala ezagutzen duguna asmatu zuten: surferako erabiltzen den taulari bela bat gaineratu zioten. Modu horretan, kirolaria uneoro zutunik egongo zen taularen gainean, belari helduta. Negozioetarako begi ona zutenez –bata ingeniari aeronautikoa zen eta bestea enpresa gizona-, Drakek eta Schweitzerrek berehala lortu zuten beren asmakizuna patentatzea. 1968an gertatu zen hori. Hurrengo hamarraldian zehar, Amerikako Estatu Batuetan windsurf taulak barra-barra saldu zituzten, eta kirol berriaren sukarra Europara ere iritsi zen. Kasik surfa bezain ezagun bilakatu zen, Olinpiar Jokuetan kirol kategoria gisa hartua izateraino. Windsurfa gertutik ezagutzeko irrikitan bazaude, Euskal Herrian diren surf eskoletara gerturatzea besterik ez duzu. Oro har, surf eskola gehienek windsurf ikastaroak ere ematen dituzte. Informazio gehiagorako, hementxe duzu Euskal Herriko Surf Federazioaren helbide elektronikoa: www.euskalsurf.com

kir20_3.jpg

 

EHSFa-k lehendakari berria du

Euskal Herriko Surf Federazioa aipatu dugula, martxotik Itziar Bustamante da elkarteko lehendakaria. Sopelakoa da, 25 urte dauzka, eta surfean «berandu» hasi zela aitortzen du penaz. «Neskatoak olatuak hartzen ikusten ditudanean inbidia izugarria ematen didate». Orain dela sei-zazpi urte hartu zuen bere lehenengo olatua, lehenago ere hartzeko aukera eduki badu ere: «Nire ahizpa bikiak eta anaia Davidek surfa egiten dute betidanik; haiek animatuta hasi nintzen. Lehen olatua hartu nuenetik harrapatu ninduen kirol honek. Lehenago jakin izan banu…». EHSFko presidente kargua pozik hartu du Bustamantek: «Ilusio handia egin dit, eta federazioak emakumezko presidentea izatea garrantzitsua begitatzen zait: emakumeak kontura daitezen zeresanik badugula. Federazioak gauzak oso ondo egin dituela uste dut, eta bide horretatik jarraitzea da nire asmoa. Federazio zaharrenetakoa da gurea: bi mila kidetik gora dauzkagu, oso surflari onak gainera…».

Kontaizu

2005, Uztaila 01
Arloa: Kirolak