Boga, boga

Kontaizu

kir32_1


kir32_2.jpg


Euskal Herriko kosta ere aspalditik dago arraunari lotuta. Hemen ere, arrantzaren ondorioz sortu ziren lehen arraun lehiaketak. Arrantzaleak, ordea, ez ziren hemen arraunera ateratzen Faraoiaren atzetik, balearen atzetik baizik. Itsasoetako ugaztun handi horietako batzuk gure kostara etortzen ziren hiltzera lehen, udazkena eta udaberria bitartean. Hiltzear zeudela kostako arrantzaleak euren ontziekin ateratzen ziren balea harrapatzera. Kai edo portu bakoitzean izaten zen talajeru izeneko bat, balea ikusi orduko sua piztuz arrantzaleei balea agertu zela jakinarazten ziena.
Sua ikusi orduko portu bakoitzeko arrantzale indartsuenak balearen bila ateratzeko antolatzen ziren, beste portuetako arrantzaleak baino lehenago iristeko. Hor hasi zen lehia. Gaur egun bi txapelketa dira arraunean nagusi Euskal Herrian. Traineru Kluben Elkartea Liga (TKE Liga) izena du lehenengoak, eta Kantauri itsasoko ontzi onenak hartzen dute parte. Bigarrenak Kantauriko Arraun Elkartea Liga du izena (KAE Liga).
Guzti hori, ordea, traineruei dagokienez. Trainerua gure kostan arrantzarako erabili den ontzi tradizionalena da. Traina izeneko sare bat zeramaten arrantzaleek lehen ontzi horietan eta hortik datorkio izena. Gainera, itsaso zabalean arraunlarien lana arintzeko bi bela ere izaten zituzten, sei metrokoa bat eta bostekoa, bestea. Haizeak jotzen ez zuenean, belak jaso eta arraunean egitea beste aukerarik ez zen izaten.
Gaur egun, ordea, Euskal Herrian ez da trainerua arrantzarako erabiltzen den ontzi bakarra.Trainerillak geroz eta oihartzun handiagoa ari dira hartzen kirol munduan.

kir32_3.jpg

Traineruen pareko ontziak dira, baina neurrian, txikiagoak. 9,5 metro dira luze, eta sei arraunlari eta lemazain bat izaten dira ontzi bakoitzean. Trainerilla denboraldia uda hasi aurretik jokatzen da, eta zenbait arraunlarirentzat sasoian jartzeko aukera izaten da.
Trainerilla baino txikiagoa da batela. Arrantzaleek gertuko lekuetan arrantza egiteko erabiltzen zituzten; normalean edadetutako arrantzaleak izaten ziren edo bestela, lurrean zeuden bitartean, euren zaletasuna ase edo diru gehigarri bat irabazi nahi zuten ontzi handiagoetako arrantzaleak. Neurri ezberdinetako batelak zeuden, baina ohikoenak 6 edo 7 metro luze ziren , eta 125 edo 150 kilogramo pisatzen zuten.
Ikastolen Konfederazioak badu arrauna ikastetxe guztietara zabaltzeko programa bat. Ikasarrauna du izena. Bertan, munduan izan diren arraunketaren eboluzioa eta erabilerak azaltzen dira, eta arraunaren jatorria eta garrantzia ikusi ondoren, benetako ontzi batean aritzeko aukera dute ikasleek. 8 eta 22 ikasle bitarteko taldea sortu besterik ez da egin behar, eta irakasle arduradun bat topatu.

Olinpiar kirola

1900. urtetik da arrauna Olinpiar Jokoetako kirola. Ez da, ordea, gure kostan ikustera ohituta gauden arraun berbera. Olinpiar Jokoetan jokatzen diren arraun txapelketak aulki mugikorretako ontziekin egiten dira. Traineru, trainerilla eta bateletan arraunlariak aulki finkoetan esertzen dira. Olinpiar Jokoetako arraun ontzietan erabiltzen den aulkia aurrera eta atzera mugitzen da, arraunlariaren arabera.
Aulki mugikorrarekin arraun kolpea leundu egiten da. Indarra egiteko beharra gorputz guztian banatzen da. Aulki finkoko arraunean, ordea, arraunlariak bere besoetan eta giltzurrunetan biltzen du ahalegin guztia. Euskal Herriko arraunkera bortitzagoa da. Arrauna uretan sartu ondorengo lehen kolpea oso gogorra izaten da, eta arrauna aurrera eraman ahala indarra galtzen du, uretatik atera eta berriro atzera eramaten den arte.
Olinpiar Jokoetan egiten den arraunean lau maila daude, ontzi bakoitzak daramatzan arraunlari kopuruak banatuta. Lehen hiruetan arraunlariek ontziaren bi aldeetan egiten dute arraun; alegia, arraun bat maneiatzen dute esku bakoitzarekin. Gainerako bost mailetan arraunlariak arraun bakarra maneiatzen du, ontziaren alde bakar batean.

Skiff:

arraunlari bakarreko ontzia, 8 metro luze da eta 14 kilogramo pisatzen ditu; arraunlari bakoitzak bi arraun ditu, bat eskuinean eta bestea ezkerrean.

Scull bikoitza:

bi arraunlarikoa da, eta bakoitzak bi arraun ditu; 10 metro luze da eta 25 kilogramo pisatzen ditu.

Scull laukoitza:

lau arraunlariko ontzia da, eta lauek ere bina arraun dituzte; 12 metro luze eta 60 kilogramo pisatzen ditu.

Bikoa, lemazainik gabe:

bi arraunlariko ontzia, luzeran 10 metrokoa eta 30 kilogramo pisatzen duena; arraunlariek arraun bakarra dute, batek alde batekoa mugitzen du, eta besteak beste aldekoa.

Bikoa, lemazainarekin:

ontzi hau hiru pertsonarentzako egina dago, bi arraunlariak dira eta hirugarrena lemazaina; arraunlari bakoitzak arraun bakarra dauka; 10 metro luze, eta 30 kilogramo.

Laukoa, lemazainik gabe:

lau arraunlariko ontzia da, eta bakoitzak arraun bakarrarekin egiten du indarra; 12 metro luze da, eta 65 kilogramo pisatzen ditu.

Laukoa, lemazainarekin:

lemazain bat eta lau arraunlari, bakoitza arraun bakarrarekin; 13 metro luze, eta 60 kilogramo ditu.

Zortzikoa lemazainarekin:

arraun bakarreko zortzi arraunlari eta lemazain bat eramaten ditu; 17 metro eta erdi da luze, eta 110 kilogramo pisatzen ditu.

 

kir32_4.jpg

 

Kontaizu

2006, Abuztua 01
Arloa: Kirolak