Haizearekin dantzan

Kontaizu

kir33_1.jpg


kir33_2.jpg

 

Gizakiak aspalditik izan du gorantz begiratzeko joera. Naturak dituen misterioak argitu asmoz, jainko bat edo gehiago izan dituzte hainbat herrik euren sinesmenetako ardatz, eta horietako batzuk zerutik zetozen jainkoak ziren; oraindik ere badira. Zerua ez da izan, ordea, jainkoen bizileku soilik. Hegaztiei ere erreparatzen zieten aintzinako gizon eta emakumeek, eta leku batetik bestera hegan joateko zuten gaitasun hori inbidiagarri izan da askorentzat.

 

Herri aurreratuenak ere ez dira hegan egiteko gai izan orain dela gutxira arte. Gizakia nagusi izan da lurrean, eta trebea, itsasoan. Airea, ordea, ez du orain arte konkistatu. Hasieran hegan egiteko tramankuluak asmatu zituen gizakiak, hegaldi laburrak egiteko. Aurrerapen teknologikoei esker, ordea, horiek garatu eta espazio zabalera iristeko gai izan da. Hasiera batean interesa pizten zuen asmo bat besterik ez zen hegan egitea gizakiarentzat. Gero pertsonak eta gauzak garraiatzeko bide modernoenetako bat bilakatu da, edozertarako baliagarria, beste gauza batzuen artean, turismo bidaiak egiteko eta gerra bonbak lehertzeko.

 

Orain hori baino gehiago da, ordea. Hegan egitea zaletasun bat da gaur egun, eta zaletasun izatearekin batera kirol egin da. Aireko kirolen artean parapentea da berrienetako bat. Parapente hitza gazteleratik dator, eta paracaidismo (paraxuta) eta pendiente (malda) hitzak uztartzen ditu. Badira aireko kirol gehiago ere, baina beste horiekin alderatuta parapentea sinpleagoa, arinagoa, seguruagoa eta merkeagoa da. Esate baterako, paraxutean ez bezala, parapentean ez da aireratzeko derrigorrez motorrik behar; ala delta ez bezala, parapentea erosoagoa eta ikasterrazagoa da.

 

Parapentea hego itxura duen paraxuta da berez. Bizkar zorro batean gordetzen da, baina lurrean zabaltzean airean mantentzen duen hego itxura hartzen du. Maldan behera egiten den korrikaldi batekin puzten da parapentea, eta orduantxe hasten da haizearekin dantzan. Parapentetik zintzilik dagoen eserleku batean esertzen da pertsona, eta eskuekin mugitzen dituen sokekin egiten du batera edo bestera.

 

Parapentea, ordea, ez da garraiobide bat; ezin da edozein lekuan aritu eta edozein lekura joan. Parapente zalearen helburua ez da zehazki leku batera iristea, hegan egiteak sortzen duen zirraraz eta eskaintzen duen paisaiaz gozatzeaz baizik. Haizeak mugitzen du parapentea, hori da indarra, eta haize korronteak kontuan izan behar dira. Bi haize korronte mota daude: termikoak eta orografikoak.

 

Korronte termikoak lurrak aire masa bat berotzen duenean sortzen dira. Aire masa hori dilatatu egiten da, eta arindu egiten denez, gorantz egiten du. Parapenteak korronte hori baliatzen du gora egiteko, eta hegoaren oreka baliatzen du abiadura motelduz jaisteko. Korronte orografikoak haizeak mendi baten kontra jo ondoren sortzen dira. Mendiak duen formagatik haizeak gorantz egiten du, eta parapenteak airean mantentzeko modua dauka.

 

Parapentea horizontalean mugitzen da. Aire korronteak baliatuz gora eta behera aritzen da, eta luzera eta iraupen handiko bidaiak egin ditzazke; 400 kilometroko bidaialdiak dira jasota daudenen artean luzeenak. Ohiko parapente batek gutxienez 24 kilometro orduko abiadura behar du airean mantentzeko, eta gehienez 50 kilometro orduko abiadura har dezake. Parapentearen hegoa tolestu egin daitekeenez, ordea, kontuz aritu behar da haize korrontekin, beti zabalik mantendu dadin. Airean oso altu dagoela tolesten bada, normalean berriz ere zabaltzeko aukera egoten da.

 

Hala ere, parapentean aritzen diren hegalari guztiek larrialdietarako paraxuta izaten dute, eta aireratzerako behar-beharrezkoa da kaskoa jartzea. Parapentean hasteko ezinbestekoa da ikastaro bat egitea.Lehenik parapentea zer den erakusten dute, ondoren lurrean zabaltzen eta jasotzen, eta azkenik ikasleak bere lehen hegaldia egiten du, normalean irakaslearekin batera. Ikasi beharrekoak arretaz ikasi behar dira, eta horregatik hegan aritzeko presarik ez edukitzea komeni da. Pazientziaz aritu behar da.

 

Parapentea aire kirol federazioan sartzen den kirola da. Euskal Herrian hainbat parapente klub daude, eta informazioa jasotzeko horietara joatea da onena. Leireko Hegoak da garrantzitsuenetako bat (Nafarroa). Gurean parapentean aritzeko lekuak badaude ere, maiz toki hobeetara joaten dira zaleak, besteak beste, Aragoiko Pirinioetara edo Arcachoneko duna handira. Hego Euskal Herrian bi federazio daude. EAEko Aire Kirol Federazioa eta Nafarroako Aire Kirol Federazioa.

Jon Ordoñez

 

Kontaizu

2006, Urria 01
Arloa: Kirolak