15, 30, 40 eta jokoa

Kontaizu

kir37_1.jpg


kir37_2.jpg

Kirolean tantoak zenbatzeko modu asko daude. Kirol batzuk banaka zenbatzen dituzte: futbola, adibidez. Beste batzuk banaka, binaka eta hirunaka: saskibaloia, esate baterako. Badira binaka, hirunaka eta bosnaka zenbatzen dituztenak ere: errugbia kasu. Baina bada tantoak modu irregularrean zenbatzen dituen kirol bat ere: tenisa. Lehen tantoak 15 balio du, bigarrenak beste 15, hirugarrenak 10 eta laugarrenak jokoan dagoen jokoa. Tenisa joko izeneko zatietan banatzen da, eta joko gehien irabazten dituen tenislariak irabazten du. Beste kirol askotan bezala, tenisean ere urte berriarekin batera hasten da denboraldia. Pista estalian edo estali gabekoan joka daiteken kirola da tenisa, baina Euskal Herrian pista gehienak estali gabekoak dira, eta eguraldi onarekin batera suertatzen da jokatzeko aukera. Urtarrilean hasi zen tenislari profesionalen denboraldia. Hasi, ordea, Australian hasi zen, Hego Hemisferioan uda betean daudelako hilabete hauetan. Tenis torneo asko jokatzen dira munduan, baina txapelketa garrantzitsuenak Grand Slam zirkuitua osatzen dutenak dira: Australiako Irekia, Amerikako Estatu Batuetakoa (AEB), Frantziako Roland Garros eta Erresuma Batuko Wimbledongoa. Munduko tenislari onenek elkarren aurka jokatzen dute txapelketa horietan, eta pilotak batzuetan 150 kilometro orduko abiadura hartzen du. Historialariek diotenez Frantzian XII. mendean jokatzen zen Jeu de paume jokoa da tenisaren arbasoa. XIX. mendera arte, ordea, ez zen sortu tenisa gaur egun ezagutzen dugun moduan. Jokalariek erraketa batekin pilota batak besteari itzultzen dio bietako batek kale egiten duen arte. Pilota sarearen gainetik pasa eta beste jokalariaren pistan sartu behar da; horrela egiten ez bada, tantoa aurkariarentzat izango da.

kir37_3.jpg

Banaka edo binaka joka daiteke tenisa. Banaka jokatzen denean pista estuagoa da, eta pista non hasi eta bukatzen den zehazteko marrazten dira alboetako barruko marrak. Binakako partidetan kanpoaldeko marrek zehazten dute zein den pista. Banakako partidetan 8,23 metroko zabalera dauka, eta binakakoetan, 10,97 metrokoa. Joko bat irabazteko bi tantoko aldea lortu behar du tenislariak aurkariarekiko. Lortzen ez duen bitartean, pilota behin eta berriz jartzen da jokoan bietako batek bi tanto segidan irabazten dituen arte. Tanto zenbaketa ezohikoa den bezala, markagailua ere ez da beste kirol batzuetan bezain arrunta. Jokalari batek sei joko irabazten dituenean set bat irabazten du, beti ere aurkariak bost joko irabazi ez baditu. Partida guztiek ez dute luzera berbera. Bost setetara jokatzen diren partidetan hiru irabazten dituenak irabazten du partida; hiru setetara jokatzen direnetan, nahikoa da bi set irabaztea. Tenisak badu beste kiroletatik bereizten duen ezaugarri bat. Pistan jokalariez eta epaileez gain, badira ezinbestekoak diren beste pertsona batzuk: pilota jasotzen dutenak. Tenislariek ez dituzte pistan lurrean geratzen diren pilotak jasotzen. Horretaz normalean tenisean jokatzen duten haurrak arduratzen dira; modu horretan, jokalari helduak gertutik ikusteko aukera izaten dute, eta eurengandik ikasteko ere bai. Zoritxarrez, ordea, bada ohitura hori baztertu eta pilotak jasotzen modeloak jarri duen torneo bat: Madrilgoa. Zozketa batean erabakitzen da zein tenislari hasiko den pilota sakatzen. Joko bakoitzean txandakatu egiten dute jokalariek funtzio hori, abantaila biek izan dezaten. Jokalari batek sakean huts egiten badu, berriz ere sakatzeko aukera dauka; bigarren aldiz, huts egiten badu, ordea, aurkariak tanto bat zenbatuko du. Pilota pistaren alde batetik bestera sakatu behar da, eta sarearen eta aurkariaren pista erdiaren artean eman behar du. Gaizki ulerturik egon ez dadin, beste bi marra daude jokalari bakoitzaren pistan: bat zeharka pista, pista erdia zein den marraztuz, eta bestea aurreko marra horretatik sarera. Erraketa esku batekin edo bi eskuekin har daiteke. Normalean tenislari bakoitzak jokatzen gehien trebatu duen eskuarekin jotzen du pilota, eta pilota beste aldera doakionean bi eskuak erabiltzen ditu. Esate baterako, eskuina dena eskuin eskuarekin jokatzen du, eta pilota bere ezker aldean daukanean, bi eskuekin. Pilota botea egin aurretik jotzean, bolea esaten zaio kolpe horri. Jokalari batek pilota beste jokalariren gainetik pasatzen duenean (horrek buelta ez diezaion) puztutako kolpea esaten zaio. Tenisa kirol entretenigarria da, eta adin guztietako pertsonek joka dezakete. Gainera, emakumezkoak gizonezkoek bezain beste ospe lortzen duten kirol gutxienetako bat da, eta zentzu horretan ez dago beste kirol batzuetan dagoen bazterketa. Azkartasuna, erreflexuak, punteria eta indarra trebatuz lortzen da jokalari hobeagoa izatea, eta guzti hori jokatzearen poderioz irabazten da.

Egilea:

Jon OrdoƱez

Kontaizu

2007, Otsaila 01
Arloa: Kirolak