Beti goitik behera

Jon Ordoñez

kir39_1.jpg


kir39_2.jpg

 

Goitibehera esaten zaie, aldapa baten goikaldean hasi eta beheran amaitzen dutelako euren ibilbidea. Euskal Herrian aspalditik dago ohitura tramankulu gurpildunak egin eta aldapak jaisteko. Herri askotan egiten dira txapelketak, eta Euskalherria txapelketa bat ere jokatzen da, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Igo, tramankuluan eseri eta ahalik eta azkarren jaistea da kontua, errepidetik irten gabe.

 

Goitibehera zaleek, ordea, ez dute soilik jaitsierarekin gozatzen. Euren ibilgailua egitea, konpontzea eta hobetzea atsegin dute, eta mekanika eta artea nahasten dituzte nolabait. Modalitate ezberdinak daude, eta denetan goitibehera ikusgarriek lehiatzen dute. Inertzia kirolen arteko bat goitibehera, eta guzti horietan bezala, grabitasunaren indarrak erabakitzen du nork irabazten duen.

 

Orduan eta pisu gehiago, orduan eta azkarrago jaisten dira goitibeherak. Gurpil gaineko lera karrera bat da, eta goitibehera bakoitzean pertsona bat eta zazpi bitartean igo daitezke. Parte-hartzaile gehiagorekin abiadura handiagoa izaten dute, baina bihurguneetan lana handiagoa da denek elkarrekin mugimendu berbera egin dezaten.

 

Segurtasuna oso garrantzitsua da goitibeheran, eta gutxienez parte-hartzaile guztiek kaskoa jantzi behar dute. Horretaz gain, aldapa bat jaisteko errepide horrek itxita egon behar du, aurretik autorik igoko ez dela ziurtatzeko, eta ikusleak leku seguruetan kokatuta egon behar dute (leku altuak seguruagoak dira), ibilgailuren bat errepidetik ateratzen bada, inor jo ez dezan.

 

Hiru motako goitibehera txapelketak jokatzen dira, eta gurpilen arabera bereizten dira:

 

kir39_3.jpg

 

Gurpil pneumatikoak: Gomazko gurpilak dituzte. Ibilgailu modernoenak eta azkarrenak dira, eta batzuk 115 km/h.-ko abiadura hartzen dute. Hiru gurpiletakoak edo laukoak izan daitezke.

 

Errodamientokoak: Metalezko errodamientoak dituzte. Bihurguneetan itsaskortasuna urriagoa da. Ondorioz, abiadura motelagoa izaten dute, eta derrapatuz ateratzen dira bihurgunetik.

 

Egurrezkoak: Euskal Herrian ez da ohikoa. Galizian, ordea, oso-osorik egurrezko goitibeherak egiteko ohitura mantendu da. Carrilanas esaten diete; batzuk errodamientoak izaten dituzten ardatzetan eta beste batzuk, ez.

 

Denbora gabekoak:Aurreko modalitateetan ibilgailu azkarrenak irabazten du, baina badaude denbora kontutan hartzen ez diren karrerak ere. Horietan ibilgailu ikusgarrienak irabazten du, beti ere segurtasun arauak gordez.

 

 

Antzeko jaitsiera gehiago

 

Euskal Herrian goitibeherak dira nagusi, baina beste herrialde batzuetan antzeko kirol gehiago ere badaude. Inertzia kirol dira grabitasun indarra baliatuz aldapan behera lehiatzen direnak. Goitibehera ibilgailua astunen mailan dago, eta arinenen artean beste lau badaude behintzat; lauetan banaka lehiatzen dira parte-hartzaileak. Longboard izenekoak patin bakarrarekin jaisten dira, eta patinatze izenekoan oin bakoitzean patin banarekin. Street Luge izenekoan lera gurpildun batean etzanda jaisten dira. Inertzia kirol arinen laugarren maila jaitsiera egiteko bizikletena da.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

 

Jon Ordoñez

2007, Apirila 01
Arloa: Kirolak