Mundu bat lur azpian (I)

Jon Ordoñez

kir48_1.jpg


kir48_2.jpg

Gizakiak konkistatu du Lurra. Gure planetaren lur azalean gizakiek agintzen dugu beste edozein animali edo landareen gainetik. Leku gutxi dago jada deskubritzeko, ezagutarazteko. Esploratzailearena egin al du orduan? Ez, oraindik ez. Espazioan dituzte jarrita euren begiak XXI. mendeko esploratzaileek. Galdera asko daude oraindik erantzuteko. Esploratzaileen bideak beti egon dira oso lotuta zientziarekin, jakin eta ezagutarazteko gogoarekin. Zoritxarrez ondorioak beste batzuk izan dira gehienetan, herrialde aurreratuak bestea menperatu eta kolonizatu egiten zuelako, XIV. mendean espainiarrek Amerikako konkista hasi zutenetik XIX. mendean Europako beste herrialde batzuk Afrika eurentzat hartu zuten arte. Ez daude, ordea, esploratzaile guztiak espaziora begira. Gizakiak lurra konkistatu duela esaten dugunean, lur azalaz ari gara; izan ere, lur azpian gizakiarentzat ezezagunak diren gauza asko egon litezke oraindik. Hor ere galdera asko daude erantzuteko, beste gauza batzuen artean, nola sortu zen Lurra. Galdera horiei erantzuna emateko asmoz sortu zen espeleologia. Lur azpiko leize-zuloetan barna aritzea da espeleologia. Ez dago lehiarik parte hartzaileen artean. Helburua ahalik eta aurrerago iristea da.

kir48_3.jpg

Espeleologoaren bidaia leize-zulo edo sima baten aurrean hasten da. Lurrak irekita utzi dituen zirriztu horietan materiala ondo prestatu behar du espeleologoak. Iristeko zailak diren tokietan praktikatzen diren beste kirol batzuetan bezala (eskalada, esate baterako) segurtasuna ezinbestekoa da espeleologian ere. Lur azpian hutsune zoragarriak daudela erakutsi digute espeleologoek orain arte, baina toki arriskutsuak ere egon badaude, baita horiek gainditzeko eta arriskua murrizteko teknikak ere. Hauek dira horietako batzuk:

Putzuak:

Zulo bertikalak dira, metro batzuetakoak zein ehunka metrokoak izan daitezke.

Simak:

Lur azalean hasten den putzu kate bat da, zulo batetik bestera daramana.

Leku estuak:

Zenbait tokietan bidea estutu egiten da, eta pasoa zaildu egiten da.

Ur azpiko pasalekuak:

Ur azpiko erreka bat bidera ateratzen denean, material berezia erabili behar da, urpekoena bezalakoa. Horregatik, esperientzia handiko espeleologoek soilik pasatzen dituzte ur azpiko pasalekuak. Lur azpian mugimenduak bi motatakoa izan daiteke. Bertikala denean eskalada edo jaitsiera teknikak erabiltzen dira, besteak beste, rappela. Normalean, ordea, mugimenduak horizontalak izaten dira. Sakontasun maila batera iritsita sima batek hainbat pasaleku eskaini ditzake horizontalean joateko, eta aintzirak eta errekak ere ikus daitezke. Leize-zuloen edertasuna askotan gizakiak horietan izan duen eraginari lotzen zaio, hala nola, historiaurreko margoak eta sorginen kondairak. Baina lur azpikoa berez da zoragarria, batez ere estalaktita eta estalagmita areto handiak agertzen direnean.

 

Espeleologoak ezinbestean jantzi behar du kaskoa. Kaskoaren aurrealdean, gainera, argia izango du, eskuak beste gauza batzuetarako izanik, begiratzen duen tokian argia izateko. Horrela eskuak mugitzeko askatasun osoa du. Arnesa eta mendiko botak ere jantzi beharrekoak dira. Lur azpian leku asko bustita daude, hezetasunaren eraginez eta eguzkiak jotzen ez duelako. Erraza da irrist egitea, eta minik ez hartzeko komeni da aurretik neurriak hartzea. Norberaren materialaz gain, taldeko materiala ere eraman behar da: sokak, kable eskailera bat, materiala biltzeko poltsak eta errekak eta aintzirak zeharkatzekoa. Edonola, leize-zulo batera sartu aurretik ondo prestatu behar da bidaia. Aditu batekin sartzeaz gain, kanpoan geratu den norbaiti gure asmoen berri ematea komeni da. Taldekako kirola da espeleologia, inoiz ez bakarkakoa. Azkar mugitzeko kopuru ideala bikoa da, baina edozer arazo izanez gero bikotea motz geratu daitekeenez, onena bi bikote joatea da. Bidea ondo zehaztu behar da, ez galtzeko, eta arrisku handiak hobe saihesten badira. Kirol honetan hasteko onena Euskal Herrian dauden espeleologia talde batekin harremanetan jartzea da. Segurtasun neurri guztiak hartuta, lasai asko gozatu daiteke espeleologiaz. Mundu oso bat dago deskubritzeko lur azpian.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Argazkiak: Jabier Les - Torca del Carlista haitzuloa (Karrantza - Bizkaia)

Jon Ordoñez

2008, Otsaila 01
Arloa: Kirolak