Bete ez den ametsa

Jon Ordoñez

kir54_1.jpg


kir54_2.jpg

Olinpiar Jokoen hasiera eguna: abuztuak 8 Olinpiar Jokoen amaiera eguna: abuztuak 24 Paralinpiar Jokoen hasiera eguna: irailak 6 Paralinpiar Jokoen amaiera eguna: irailak 17 Web gune ofiziala: www.bejing2008.com Nazioarteko Olinpiar Batzordearen webgunea: www.olympic.org Citius, altius, fortius dio Nazioarteko Olinpiar Batzordearen (NOB) leloak. Gainean dago abuztuaren 8a, eta egun horretatik hilaren 24ra azkarrago, altuago eta indartsuago direnen arteko kirol lehiaketa jokatuko da. Beijinen jokatuko dira XXIX. Olinpiar Jokoak, One world, one dream (Mundu bat, amets bat) leloarekin. Munduko kirolari onenak egun horietan lehiatuko dira urrezko domina irabazteko, eta mundu osoak zuzenean jarraituko du hiru osagai nagusi dituen ikuskizuna: esfortzua, hedabideen jarraipen zabala eta antolakuntza bikaina.

kir54_3.jpg

Lau urtean behin gertatzen den bezala, Txinako Olinpiar Jokoak bikaintasunaren erakusle izango dira. Musika ozena, irudi ederrak eta munduko errekorren artean, ordea, lehiaketa hori zer helbururekin sortu zen gogoratu behar da, eta hausnartu. Izan ere, Olinpiar Jokoak 29. aldiz jokatuko diren arren, oraindik bete gabe daude Pierre de Fredy Coubertaingo baroiak ezarri zituen oinarriak. XIX. mendearen amaieran sortu zituen Pierre de Coubertainek Olinpiar Jokoak, bere asmoa begi onez jaso zuten hainbat pedagogoren babesarekin. Lau ziren olinpiar mugimenduaren oinarriak:

-Inor ezin da Jokoetatik kanpo geratu politika, erlijio edo arraza arrazoiengatik. -Jokoak ezin dira negozio izan bultzatzen edo antolatzen dituztenentzat. -Kirolariek amateurrak izan behar dute, eta ez dute diru saririk irabazi behar. -Lehia kirolarien artekoa izango da, ez herrialdeen artekoa.

Gaur egun Olinpiar Jokoak zer diren ikusi besterik ez dago, puntu horietako bat bera ere ez dela betetzen ikusteko. Lehenengoa da bere helburutik gertuen dagoen oinarri bakarra, baina ez da ahaztu behar 1980. hamarkadan hainbat boikot egin zirela nazioarteko arrazoi politikoak tartean, Moskuko eta Los Angelesko Olinpiar Jokoetan; 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan, gainera, ekintzaile palestinarrek hainbat kirolari israeldar hil zituzten. Aurten ere Txinaren Tibeteko okupazioa dela eta, olinpiar zuziaren ibilbidea polemikaz inguratuta egon da, eta Jokoek ezin izan diote ihes egin nazioarteko politika arazoei.

 

kir54_4.jpg

Baina lehen oinarri horretan aurrera egin den moduan, beste hiruetan atzera egin da. Geroz eta gehiago, Olinpiar Jokoak negozio dira bultzatzen eta antolatzen dituztenentzat, eta hein handi batean babeslez bizi dira; Txinan ez dira faltako Coca-cola, McDonald’s, Samsung eta Volkswagen, besteak beste, eta gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Jokoak antolatzen dituen hiriarentzat handia dela onura ekonomikoa, epe luzean batez ere. Kirol amateurraren hesia aspaldi gainditu zuten Olinpiar Jokoek. Gizartean garaipenak hartu duen garrantziaren ondorioz, goi mailako kirolak exijitzen duen lana aintzat hartu eta profesionaltasuna onartu zuen NOBek azkenean. Horrek berez ez du ezer txarrik, baina bai garaipenaren behar horren ondorioz eratorri den arazo bat: dopinga. Olinpiar Jokoetan izan den doping positibo kasu nagusia Ben Johnsonena izan zen, Seulgo Olinpiar Jokoetan. NOB ari da dopinga Jokoetatik desagerrarazteko lanean, baina profesional batentzat garaipenak duen balioa mantentzen den bitartean, are eta gehiago Olinpiar Jokoetan, milioika ikusleren aurrean, geroz eta zailagoa izango da dopingari aurre egitea, batez ere, teknologia berriak aurretik ariko direlako beti. Azkenik, Coubertainen oinarriekin amaitzeko, esan behar da Olinpiar Jokoetako garaipenak beti gainditu duela kirolaria, eta, nazioarteko elkarlana bultzatzeko baino gehiago, herrialde bakoitzak bere handitasuna nabarmentzeko erabiltzen dituela. Oso ohikoa da gaur egun herrialde bakoitzak zenbat domina irabazten dituen zenbatzea; laugarren oinarri horren porrota da zenbaketa hori, ez baitu erakusten nork irabazi duen domina, eta bata bestearekin pilatzen ditu bandera baten itzalean.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2008, Abuztua 01
Arloa: Kirolak