Pilotaleku betea Brooklynen

Jon Ordoñez

brooklynbat

AEBetako hainbat telesail eta filmetan ikus daitekeenez, herrialde horretan badago pilotan jokatzeko tradizioa. New Yorkera egindako bidai batek horren lekuko diren bi argazki utzi dizkigu.

2008ko urria. Brooklyn auzoa, New York, Amerikako Estatu Batuak. Atariko ordua da eskolan, eta ikasleek gustuko duten moduan egiten dute jolas, arraza eta sinesmen guztietakoak. Saskibaloian ari dira gehienak. Saskibaloi kantxaren aldamenean dagoen beste kantxan ‘Knowledge is Power' dio horman margoturik dagoen graffitiak (jakinduria boterea da). Zertan ari dira, ordea, argazkian ikusten diren bi gazteak hormaren aurrean zutik?


brooklynbi

Eskupilotak badu tradizioa AEBetan, lanera joan ziren euskaldunek jokatzen zutelako. Apustuek indar handia eman zioten pilotari, eta garai batean ugariak ziren zesta-puntako pilotalekuak. Nork ez ditu gogoratzen Miami Vice AEBetako telesailaren hasierako kredituetako irudietan ateratzen ziren puntistak? CSI telesailaren atal batzuetan ere agertu dira tarteka pilotariak jokoan.

Pilotak izan ditu bere saio txikiak Holywooden ere, eta ez zesta puntak bakarrik. Modalitate hori gainbeheran etorri zen AEBetan beste apustu joko batzuk nagusitu zitzaizkionean, esate baterako, txakur lasterketak. Sleepers filmak ageri duen bezala, ordea, apustuetatik urrun eskupilotan jokatzeko ohitura mantendu egin da auzo askotan, batez ere txiroenetan.

Film horretan protagonistetako bat ikus daiteke auzoko dendariarekin, argazkiko gazteen moduan, auzoko pilotalekuan pilotan jokatzen. Gogoratzen al duzu zuk pilota irudiak dituzten AEBetako beste film edo telesailik? Zerrenda film batekin eta bi telesailekin hasi dugu; ea luzatzeko gai garen.

Knowledge is power' ez da lelo txarra eskola bateko horman margotzeko. Are gutxiago ikasleek horma horren aurrean minutuak eta minutuak pasako badituzte, hormari begira. Zenbait kirolek pentsatzeko aukera ematen dute, eta eskupilota eta leloa erabat bateragarriak dira kasu horretan. Bete-betean asmatu du graffitiaren egileak. Txirrinak jotzen duenean isilduko da pilota, baina inork ez du esango ikasleak ikasgelara joan arren, pilotalekua hutsik geratu denik.

 

Jon Ordoñez

2009, Urtarrila 08
Arloa: Kirolak