"Faltan botako ditut itzuli handiak, baina Euskal Herrian ere bada lasterketa ederrik"

Iker Zabala

2012, Azaroa 12
Arloa: Berba Bi

 

  • Amets Txurruka (Etxebarria, 1982) txirrindularia Euskaltel Euskadiren aurpegi ohikoa izan da azken urteetan, Tour, Giro edo Vueltan.
  • Uda hontan Igor Gonzalez de Galdeanok zuzentzen duen taldean jarraituko ez zuela adierazi zion, hala 6 urtetako ibilbidea etenez.
  • Orain Caja Rural talde profesional Continentaleko izar berria da, eta ilusioz ekiten dio bizkaitarrak bere ibilbideko ziklo berri honi.

berbabi 12 11 12 2

 

Caja Ruralen etapa berria hastear daukazu. Zeintzuk dira sentsazioak urrats honen aurrean?

Ilusioz ekiten diot. Etapa berria da, bai, taldekide berriekin, eta halakoetan ilusioa behar izaten da. Hurrengo urteari begira elkar ezagutzen ari gara, plangintza doitzen, ea ahalik eta ondoen ekiteko modua dugun.

Aldaketa nabaria taldearentzat, zuretzako ere imaginatzen dut Euskaltel Euskadiren tamainako talde batetik Caja Ruralera igarotzeak bilakaera suposatuko duela. Nolako eraldaketa inplikatu du horrek?

Desberdina izango da dena. World Tour egutegitik pasatzea, lider argi bazuentzat lan egitetik, oso eremu ezberdinera igaroko naiz. Egutegia oso diferentea da, lasterketak batez ere bertakoak... hortara egokitu beharko naiz, garaipen aukerak lortzeari begira.

Egutegia eta probak desberdin izateak besteak beste planifikazioa ere eraldatuko zizun. Oso ezberdina izango da zure eguneroko lana?

Aldatu egingo da dena, bai. Azken urteetan Tour-era edo Girora begira egin dut nire prestauntza, hori baitzen lehentasuna. Aurten desberdina da. Gauzak ondo badoaz Espainiako itzulian egoteko aukera izango dugu, baina dena desberdina da. Denborada hasieran, behinik behin, astebeteko txapelketetan zentratuko naiz, eta ikusiko dugu nola egiten duen urteak aurrera.

Erronka konkreturik makatu diozu zure buruari?

Oraindik ez dut egutegia diseinatu, beraz ez daukat ezer konkreturik buruan. Ea lesioek errespetatzen nauten, eta hortik aurrera daukadan maila erakustea izango da nire helburu nagusia.

Euskaltel-eko etapa bukatu berri daukazu. Sei urte intentsitatez beteak. Nolako balantzea da egiten duzuna?

Balantze positiboa egingo nuke. Lehen urtean, 2007an, espektatiba gehiegi gabe etorri nintzen eta karrera garrantzitsu askotan izan nintzen. Eta hortik aurrera ere oso pozik, bai nik lortutakoarekin eta baita besteentzat lortutakoarekin ere. Beste alde ilunagoak ere badaude, tarteko lesio eta erorketak, nire maila ematea eragotzi izan didate askotan.

Ziur asko momenturik gozoenetarikoa Paris-eko podium hortara igotzea izango zen, Tour-eko leihakortasun saria irabazita.

Bai, entzutetsuena ezbairik gabe. Egon izan dira, halere, beste hainbat momentu on, adiera hiandikoak. Gogoan dut, esaterako, Mikel Nievek irabazi zuen etapa hura, Espainiako Vueltan; biok eskapatuta eta elkarlanean eraiki genuena, Juanjo Orozekin batera. Mikelek burutu zuen azkenik, baina nirea izan balitz bezala gozatu nuen.

Momentu on horien ondoren uda hontan bukatu da zure Euskaltelekin kontratua. Harridura piztu zuen erabakia izan zen zure kontratua ez berritzearena. Zerorrentzat ere harrigarria izan zen?

Bai, ez nuen inondik inora espero. Gainera esana zidaten nirekin kontatzen zutela, baina azken unean, telefono dei baten bitartez adierazi zidaten ez nuela jarraituko. Moduak ez dira onenak izan, eta harrituta nagoela onartu behar dut.

Azken uneko erabakia izan zen heinean, urte hontarako talde gabe egoteko beldurra ere izan zenuen?

...Beldurra beti hortxe dago, baina hastapenetik ikusi nuen aukerak bazirela, bai Caja Ruralen, baita atzerrian ere. Azkenik, Caja Ruralek eskeiniriko disposizio onaren ondorioz, bertara heldu nintzen, eta oso gustora nago orain.

Euskalteleko kapituloa ixte aldera, taldeak zu edo beste batzuk ez berritzearen argudio nagusia World Tour sistema horren baldintza berriak dira, puntukako sistemaren plazaratzea. Zenbat eraldatzen du honek goi mailako txirrindularitza?

Baldintzatu egiten du, jakina, taldearen egituratzea zeharo desberdina baita. Denarekin, ez dut uste nire kasuan hori izan denik faktore esanguratsuena, azken finean puntuatzen duten txirrindulariak 12 baino ez dira. 30era arte badago margena puntuatzen ez duten txirrindulari zerrendan... egun, oraindik ez dakit zergatik ez dudan Euskaltelen jarraitzen. Denarekin, haien eskubidea da, nik kontratua bukatzen nuen, eta beste batzuen aldeko hautua egin zuen taldeak.

Kontuak kontu, etapa hura bukatu egin zen, eta orain etapa berria hastear daukazu Caja Ruralen. Fitxaketen artean izarra izan zara. Horrek ardura puntu bat ere jarriko du zure gain.

Bai, batez ere medioek hala egozten didate, eta nabaritu egiten da. Baina beti esan dut izena errepidean irabazi beharra dagoela. Egia da esperientzia pilatu dudala nire ibilbidean, eta horren ondorioz pisua izango dut taldean, baina ez da gehiagi kezkatzen nauen aspektua.

Taldeko lider ez zara sentitzen, beraz?

Liderraren pisua baino, nik bizitakoa elkarbanatzeko ardura sentitzen dut. Akaso momenturen baten lidertza izango dut, eta hala ez bada, inongo arazorik ez daukat besteak laguntzeko.

Azken urteetan itzuli handietan egon ondoren, faltan botako duzu ziurrenik Tour edo Giroko etapen giroa.

Bai, pixkat bai, sei urtetan 6 Tour, 5 Buelta eta Giro 1etan hartu dut parte, eta hiru asteko itzulietara egon da bideratua nire erritmoa. Halere, lasterketa polit asko dago etxetik gertu, Euskal Herriko Itzulitik hasita, beraz lasteketa horietan gozatzen ahaleginduko naiz.