Onenen artera bueltatzeko xedea

Iker Zabala

Errugbyak Hego edo Ipar Euskal Herrian izan dezakeen oihartzuna ezberdina dela aitortu beharra dago. Talde bizkaitar eta gipuzkoarren artean azken urteak oparoak izan badira ere, Lapurdi edo Nafarroa Behereako errugby tradizioa askoz ere errotuagoa dago, eta bere kluben arrakastetan beha daiteke hau era agerikoan. Denarekin, baloi obalatuaren kirolak ez du panorama goxoegia utzi Frantziako ligako, Top 14ko, euskal ordezkarientzat. Agian lorpen nabarmenetara ohituta egotearen sindromearen ondorio.

Miarritze Olympique taldeak azken urte onak izan ditu, sailkapeneko goiko postuak urtero urtero erdietsiz, eta ligako txapeldun hiru aldiz bilakatuz XXI. mende hontan. Bere lorpen zerrenda puztu egin zuen iaz, Amlin Challenge Cup txapelketa, Europa mailan dagoen bigarren lehiaketa esanguratsuena bereganatu baitzuen. Bada, Europako handietako bat bilakatu izanaren zeinurik nabarmenena azken 14 urteetan Heineken Cup-ean, txapeldunen ligan, alegia, parte hartu izana da. Aurtengo denboradak ez du albiste onegirik ekarri talde lapurtarrarentzat, izan ere, Laurent Rodriguez-en gizonek ez dute liga ona burutu, Europarako sailkapena urruti baitaukate jada liga bitartez, eta aurtengo txapelketa kontinentalei dagokionean ere atea itxi berri zaie, iaz bereganatutako Challenge kopan ere erori berri baitira.

kirolak 13 05 01

Esan bezala, azken aukera zen Miarritzeko taldearentzat berez ona izan ez den urtea aurrera ateratzeko, nahiz eta finalerdiak suposatzen zuen erronkaren tamaina izugarria zen. Aurrean Leinster talde irlandar beldurgarria zegoen, azken lau urteetan txapeldunen liga hirutan irabazi duena, eta aurten denboraldi makal samarra burutu badu ere, Europako talderik indartsuenetarikoa da ezbairik gabe. Denarekin, euskaldunak ez ziren inolaz ere kikildu eta Dublingo zelaian ziren 20,000 pertsona inguruk pizten zuten presioa kontutan izanda ere, matxada burutzeko bidean ezarri ziren. Borondatea eta ekintza ez dira, edozelan, baliokide izaten, askotan, eta irlandarrek bere indarra inposatu zuten, hasiera berdinduaren ondoren. Entseguak behin eta berriro erori ziren etxekoen alde, 44-16 ukaezin batetara heldu zen arte.

Bada, finalik gabe geratzeaz gainera, hurrengo urteko Heineken Cup-erako txartela ere geratu zen Dublingo zelaian. Lapurtarrek, azken 14 urteetan erdietsitako sailkapen marka ezingo dute jarraitu. Une batez atzera begiratzeko momentua da, beraz, eta kontsolidaturiko proiektua zenbateraino sendo bilakatu den behatzeko aukera. Izan ere, hurrengo denboradan berriro ere hortzak estutzea dagokie euskaldunei onenen arteko lehian egoteko.

Iker Zabala

2013, Maiatza 06
Arloa: Kirolak