Gizon handien itzal luzea

Iker Zabala

“Nire herriko gizonak 300 kiloko harriak sorbalda gainera igotzeko gai dira”. Atzerrian halako baieztapenak eginez gero zorotzat hartuko lukete hizlari euskalduna ziur asko, gure herriari ezartzen zaion cliché harroputzaren koska, esagerazioaren zeinua. Herri kirolaren disziplina harrigarri eta ikusgarrienetarikoa, harri jasotzeak lilura eta harridura nabarmenak pizten ditu oraindik ere, nahiz eta, kirolariek aitortzen duten bezala, publikoaren interesa jaitsiz badoan.

Egia da beste garai batzuetako kirolariek oihartzun gehiago izaten zutela. Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegik haragituriko errekorraren borroka lehiakorrak ikusmira ugari erakarri zuela ezin uka. Halere, mende berriaren jorratzean harri jasotzeak oihartzuna galdu du. Esan daiteke akaso herri kirolaren jorratze naturala herriko plaza dela. Telebistak ez diola inolako honik egiten, irudien kristal horrek xarma kentzen diola praktikari, eta harri jasotzea, euskal kirol tradizionalaren beste disziplinak bezala, ezin daitekeela gozatu bere baitan daukan jai testuingururik gabe. Bada, hauxe egia izanik, herri kirolak aurrera egin dezan belaunaldi berriek lekukoa har dezaten ezinbesteko delaren zalantza gutxi dago.

kirolak 13 07 01 01

Eta belaunaldi berri horien amu nabarmenetarikoa Inaxio Perurena da ezbairik gabe, gorago aipaturiko Iñaki Perurera leitzarraren semea. Gaztetasunean marka zoragarriak lorturikoa, 29 urterekin, heldutasuna erdietsi duela ematen du, eta beti ere herri kirolak bere baitan izan duen gertutasun eta tradizioaren eskutik, erronka etengabeak plazaratu izan dizkio bere buruari. Iazko abenduan 300 kiloen klub-ean sartu zen Perurena “txikia”, momenturarte bere aitak, Saralegik eta Jose Mari Otaegi 'Gibitegi'k soilik osatzen zutena. Eta oraindik ere hazteko tartea geratzen zaiola argi dauka leitzarrak, nahiz eta harri geroz eta pisutsuagoak altxatzeko bidean estropozoa izan duen. Leitzako frontoien eginiko saiakeran, 303 kiloko harria iztarretatik gerrira igotzeko arazoak izan zituen, eta hala, ez zuen bere marka berritu. Ondoren, ezinaren arrazoiak argudiatu zituenean, muturreko esfortzuaz batera, beldurra ere aipatu zuen nafarrak. Motibo deigarria, akaso, beldurraren hau, kanpo ikuspegitik beha ezin daitekeena. Ahaztu egiten baitugu zer izan daitekeen norberaren pisua ia hirukoizten duen munstro gogor eta zakarrera besarkaturik egotea.

kirolak 13 07 01 02

Beldurrak gainditzeko hausporik ba ote, norberaren mugak ezagutzeaz bat? Inaxio Perurenaren ibilbideko giltzarri, bere aitak lorturiko marka eta arrakastak iparrorratz eta erronka dira aldi berean. Harri jasotzearen ikono bilakatu zenaren lorpenen artean, 320 kiloko harriari tamaina hartu izana. Desafioetatik sorturiko kirolaren baitan egon daitekeen apusturik handiena. Aitaren tamainako ibilbidea eraikitzea. Momentuz Iñakik lorturikoa semeak eginikoa gainditzen du. Denboraren tunelak baliatzen duen neurketak izan dezakeen emaitza beha dezagun!

Iker Zabala

2013, Uztaila 01
Arloa: Kirolak