Maisuen finalari xake

Iker Zabala

Gauzak betikotzea ondo egoten da. Lehiaketa bat toki berdinean, urtetik urtera antolatzeak jarduera berari izatasuna ematen dio, xehetasunak ahalik eta doituen egoteko modu bakarra da, eta zergatik ez, tradizioak horrela hasten dira, lehen urrats irmo eta sendoek irekitzen duten bidea jorratuz. Arriskuak ere badaude, halere, izan ere, urteroko gauzak errepikatzeak inguruko jendearen arreta uxatzea ere inplikatzen du, egunero jaki gogokoena jateak eragiten duen sentsazioa bezalaxe.

kirolak 13 10 25

Bilbo urri erdialdean mundu mailako xakearen erdigune bilakatzen da, Chess Masters Final lehiaketa izaten baita, munduko txapela lortzeko lehian zein baino zein momentuko xakelari boteretsuenetarikoak. 2008tik izan da 64 laukien kirolaren ikuskizunik puntakoena Bizkaiko hiriburuan, eta sortu duen ikusmiraren eboluzioak analisia merezi duela ezin uka. Izan ere, lehen urte haietan, pribilegio gisa hartzen zuten Anand, Carlsen edo Topalov-en tamainako xakelariak Euskal Herrian izatea.

Horrela, xakeak sortzen zuen mesfidantza gainditu zela ematen zuen, eta jarduera elitista eta ulergaitz bezala hartzen zutenak ere joan ziren partidak ikusi eta jokoa ezagutzera. Hurrengo urteetan ere berdintsu, nahiz eta gutxinaka, jada ikusiaren sindromea nagusitzen hasi zen, eta horrela, 2013ko edizio hau heldu denerako, eszeptizismo kutsua nabarmendu da bilbotarraren interesean.


Lehenik eta behin, lehiakideen mailak ez duelako aurreko urtekoen kartela hobetu inolaz ere. Aurten ez zen lehiakideen artean Magnus Carlsen jeinu norbegiarra, aurreko bi txapelen irabazlea eta xakearen gaztetasun erregistro denak hautsi dituena; edo Viswanathan Anand indiar beteranoa, bilbotarren bihotzetan txokotxoa eginda zuen jokalaria. Hala, Aronian, Vachier-Lagrave, Mamedyarov eta Adams-ekin “konformatu” behar izan du ikusle bilbotarrak. 4 xakelari, aurreko urteetan 6 izan direla kontutan hartuta, beherakada izan da Masters-arentzat. Eta mailari begira ere, Aronian munduko hirugarrena dela albo batera utzita, munduko ranking-eko 10. postutik beherako xakelariak ziren beste hirurak.

Puntako plantela, edozelan, baina beste urte batzuetako hesia gorenean zegoen ezarria. Guzti honekin, ez da jende gehiegi hurbildu Bilboko Zabalgunean antolaturik zegoen txapelketa hortara, eta Aronian eta Adams-en arteko lehia biziak ez du horren oihartzun zabala izan. Azkenik Aronian armeniarrak jantzi zuen, bigarren aldiz bere ibilbidean, Bilboko txapela, nahiz eta bere jokoarekin gustora egon ez zela adierazi zuen amaiera ekitaldian.

kirolak 13 10 25 2

Bilbon giro xakezalea piztea zen, bere garaian, antolakuntzak bere gain hartu zuen erronka. Lortu dutenik ezin uka, interesa izugarri hazi baita azken urteotan, baina zailena geratzen dela esan genezake. Interes horren egonkortzen eta mardultzea, Bilbok berriro ere “berriro ere xake txapelketa?” galde ez dezan.

Iker Zabala

2013, Urria 25
Arloa: Kirolak