Flash animazioak

Jabi Zabala

2004, Ekaina 01
Arloa: Sarean

sa08_1.gifWeb orrialde estatikoei bizitasuna emateko sortu zen Flash formatoa. Formato honetan sortutako animazioak web orrialdeetan txertatzen dira eta oso ikusgarriak dira. Bi ezaugarri nagusi dituztelako bihurtu dira ospetsuak: kargatzeko errazak direlako eta interaktibitatea dutelako. Artxiboek gutxi okupatzen dutenez, kargatzeko errazak dira eta interaktiboak izanik jokoak sor daitezke Flashen. Beste ezaugarri bat nabigatzailean bertan ikusteko aukera da. Dagoeneko gehienok instalatuta izango dugu ordenagailuan flash artxiboak ikuskatu ahal izateko behar den plug-in edo gehigarria, eta eduki ezik ordenagailuak berak gidatuko gaitu 900 KB pisatzen duen programatxoa behar den moduan jaisteko. Macromedia enpresaren asmakizuna izanik, eurek dute Flasharen dohaiak ezagutarazteko beharra, horregatik shockwave.com webgunean hainbat animazio istorio eta joko interaktibo erakusten dituzte. Ekintza jokoak, buruari eragitekoak edo marrazki bizidun "filmak" ikusi ahal izango ditugu bertan, oso marrazkilari onen lanak barne. Hala ere, bestelako jende eta talde askok ere euren webguneak sortu dituzte formato honen inguruan jarduteko eta euren lanak erakusteko. Batzuk bertokoak dira, animatu.com sortu duten marrazkilari teknofiloak kasu. Euskal sortzaile batzuek Ti-ta.net webgunean hainbat animazio eta joko barregarri jarri dituzte. Esaterako, Tranvia Chirene jokoan, kalea zeharkatu behar dugu Bilboko alkateak gidatzen duen tranbiak harrapatu gabe. Mister Tus animazio filmetan kaktus baten ibilera xelebreak ezagutuko ditugu. Flash formatoko lanen lehiaketak ere badira. AEBetan eta mundu mailan ezagunena Flash Forward jaialdia da, baina Europa aldean famatuena Bartzelonako OFFF edo Online Flash Film Festival izenekoa dugu, azken aldi honetan beste mota batzuetako animazio eta filmei atera zabaldu diena. Gure artean Nontzeberri aldizkari elektroniko euskaldunak Nontzeflash I. Lehiaketa deitu du aurten arrakasta handiz. Irabazle suertatu diren hiru animazioak ikusgai daude Nontzeberriren webgunean. Animaturen webgunean euren lanaren erakusgarri batzuk jarri dituzte eta Flash sorkuntzaren munduko lotura interesgarriak ere aurkituko ditugu. Lanbroute webgunea Goio Telletxeak eta Mikel Lazkanok sortu dute, euskaraz eta ingelesez dago eta Flash asko dauka, tartean eurek sortutako player izenekoa, euskal talde batzuren abestiak aukeratu eta entzuteko. Baina sarean badira beste sortzaile askoren bestelako flash guneak, batzuk oso interesgarriak. Nacho Turururen webgunean animazio zoroak, Joshua Davis sortzaile famatuarenean edo hainbat lagunen ekarpenak biltzen diren Polo webgunea.