Gozatuz sarean ikasteko

Jabi Zabala

2004, Uztaila 01
Arloa: Sarean

sa09_01.jpgAzterketen aroa igaro da, gehienentzat bederen, baina oraindik ikasi behar duenarentzat edo, besterik gabe, ikasten gozatzea gustuko duenarentzat hainbat baliabide daude Interneten esku-eskura. Klaseko kontu gutxi daude euskaraz sarean, horien artean, "El racó del Clic" izeneko webgunean haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako haur eta gaztetxoentzat ordenagailu bidezko 132 jarduera didaktiko eskura daitezke, guztiak euskaraz. Erabili.com albistegian irakurri dugunez, Matematika, Gizarte Zientziak, Musika, hizkuntzak, euskal aditza, Euskal Herriko inauteriak edota Eguzki sistema ordenagailu bidez lantzeko aukera ematen du, baina webguneko hizkuntzen aukeran ez da euskara agertzen. Lehenengo, webgune hartandagoen programa bat instalatu behar dugu Windowsdun PC batean, informazio eta aurkezpen interaktiboak ikuskatu ahal izateko. Baina dena ez da ikastolan eskatzen den moduko jakintza eta batzuetan zientziaren dibulgazioak beste gai batzuk jorratzen ditu. Esaterako, zernola.net ataria bisitatuz gero konturik bitxienak azalduko dizkigute bertan. Jolastuz ikasi atalean etxean egin daitezkeen zientzia esperimentuak proposatuko dizkigu: tipula baten DNA ikuskatzea, osmosia, uraren hidrogenoa eta oxigenoa bereiztea... Naturaren kontu bitxiak, asmakizunak eta jokoak ere badira atal honetan. Nola funtzionatzen du? atalean autoetako teleagintearen funtsa, su artifizialena edo barra-kodeena azalduko dizkigu. Horiez gain, berri laburrak, galderen txokoa eta alegiak aurkituko ditugu Zernola.net horretan. Gai serioagoetan murgiltzen diren informazioak erakutsiko dizkigu zientzia.net aldizkari digitalak. Zernola bezalaxe Elhuyar Fundazioak sortua da zientzia.net baina irakurlego helduago batentzat da eta euskaraz gain ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere baditu informazioak. Albisteak, gai baten inguruko txostenak, agenda eta saretik eskuratutako berriak irakurri ahal izango ditugu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak etengabeko ikaskuntzarako hiru.com ataria sortu du, herritarrei hezkuntza-edukiak eskaintzen dizkiena. Software libreko Zope plataformaren gainean eraiki da. Ez dago gazteentzako bakarrik egina, helduek ere ikas dezaten baizik. Besteak beste, atari honen bidez aurki hizkuntzak irakatsi ahal izatea espero du Jaurlaritzak. Bertan, edozelako gaiak topatuko ditugu: fisika, literatura, historia, euskara, teknologia berriak... Betiere modu eskuragarri batean jorratutako gaiak dira. Bertako eduki guztietarako sarbidea izateko soilik gure e-posta helbidea eman behar dugu eta eurek bidaliko digute sarbidea emango digun pasahitza. Baina zientzia era atseginean ikasteko aukera franko izango ditugu Miramongo Zientziaren Kutxagunearen webgunean. Esperimentu errazak proposatzen dizkigute bertan, museoaren bisita birtuala, planetarioa eta astronomiaren inguruko kontuak aurkituko ditugu bertan. Esperimentalia izeneko atalean naturaren hainbat fenomeno azaltzen duten esperimentu gehiago aurkituko ditugu, zernola.net-en daudenen antzekoak: giza-ikusmenaren mekanismoa, akzioa-erreakzioa, mekanika eta beste hainbat kontu azalduko dizkigute animazioen bidez. Esperimentu gehiago aurkituko ditugu erdaraz La celda de Bernard webgunean, denak etxean egiteko modukoak. Alex Fernandez Muerza kazetari euskaldun bilbotarrak koordinatzen duen Divulcat sareko aldizkarian zientzia gaiak jorratzen dira oso modu erakargarrian. Berari lotuta dago 100cia.com aldizkaria eta bertan aurkituko ditugun artikuluak eta albisteak oso interesgarriak dira, arratoi edo arrain mota berriak aurkitu dituztela, Vazquez Figueroa idazleak itsasoko ura hartu eta gatza kentzeko sistema naturala aurkitu duela... Horrelako gaiak jorratzen ditu ere Portal del Medio Ambiente webguneak, ikuspuntu ekologistatik.