Bildumak bai, baina digitalak

Gorka Julio

sa46.jpg

Gero eta gehiago dira irudiak internetera igo, ezagunekin elkar trukatu, jendeari erakutsi, hauetan iruzkinak uzteko aukera emateaz gain gure argazkiak zein besteek igo dituztenak online editatzeko aukera ematen duten zerbitzuak. Orain arte hau egiteko GIMP edo Photoshop bezalako programak behar izaten genituen baina orain nabigatzaile bat eta zerbitzu hauen bidez egin daiteke.

Aurrekariak

Flickr irudiak igotzeko tresna interesgarri bat da. Bertan zure bilduma digitala sortu eta nahi dituzun pertsonei edo guztiei erakusteko aukera ematen dizu. Muga bat ezartzen badu ere erabilpen arrunt batentzat nahikoa izan daiteke. Irudietan iruzkinak eta oharrak uzteko aukera ematen du gainera, zure argazkiek jendearengan zein iritzi sortu duen jakin ahal izaten lagunduko dizu honek.

Picasa web albums irudiak igo eta bilduma digitalak sortzeko aukera ematen du. Hauetatik publiko egin nahi dituzunak definitzeko aukera ematen du. Bistaratzeko aukera ezberdinak ere baditu horien artean aurkezpen moduan ikustekoa edota irudiak mapa batean kokatzeko aukera. Picasa gure ordenagailuan instalatu beharreko tresnarekin integratzen da, gure argazkiak gure ordenagailuan moldatu ondoren internetera igotzeko aukera emanez.

Online editoreak

Picnik: beste online editore bat da. Orain Yahook erosi badu ere orai arte Flickrrek falta zuen edizio tresna zen. Gauzarik interesgarriena hainbat zerbitzutatik Flickr, Picasa, Facebook, Photobucket eta Webshots ekarritako irudiak editatzeko aukera da. Irudiak editatu eta birziklatzeko tresna aparta. Esan daiteke ekartzen dituen tresnak irudi edizio sinple baino eraginkor bat egiteko aukera ematen dutela.

Splashup: Aplikazio honek mahaigaineko aplikazioen ezaugarri garrantzitsuenak ditu baina online zerbitzu bat izanik. Irudi edizio programa gehienek dituzten geruzak, iragazkiak, tresnak erabiltzeko aukera emateaz gain irudiak automatikoki gure ordenagailutik edota Flick, Picasa web albums edota Facebook bezalako tokietatik ekar ditzakegu erraz.

Fixpicture: Editore sinple bezain erabilgarria. Zure ordenagailutik igotako edo interneten topatutako irudiak editatzeko aukera ematen duen zerbitzaria. Ematen dituen tresnak nahiko sinpleak dira erabiltzeko eta aplikatu daitezkeen efektuak oinarrizkoak izanda ere oso erabilgarriak dira.

Fotoflexer: beste aukera oso interesgarri bat. Hau ere, hainbat tresnekin integratzen da Flickr, Picasa, Facebook, Photobucket, MySpace eta Yahoo irudiak lortu ahal izateko. Tresna oso interesgarriak aurki daitezke bertan, gauza asko egiteko aukera ematen duelarik. Hauetako batzuk morphing tresna eta aurpegiak txertatzeko aukera dibertigarriak.

Pixer.us: Tresna barra sinple baten bidez beharrezko diren ekintza nagusiak egiteko aukera ematen duen tresna azkarra.

Snipshot: Gure ordenagailuko irudi bat igo eta aldatzeko aukera ematen duen beste tresna bat. Gauza oinarrizkoak egiteko erraztasun handiak ematen dituen bitartean, zenbait iragazki eta efektu aplikatzeko ordainpeko zerbitzu bat eskaintzen du.

xmgimage: Aukera interesgarriak eskaintzen dituen zerbitzua. Irudiak igo eta bertan gordetzeaz gain hauek editatzeko tresna asko dituen zerbitzua da hau.

Pikipimp: Zerbitzu honek zure argazki bat igo eta horren gainean beste hainbat gauza jartzeko aukera izango duzu era sinple eta dibertigarri batean. Lehen paperarekin egiten ziren panpinak janzteko tresna baina 2.0 garaian.

Aukerak asko dira eta horretarako betiko gomendioa probatu eta erabaki. Hala ere, kontutan hartu edizio aurreratu bat egiteko software libreko tresnak ere badituzuela eta hauetan GIMP oso aukera interesgarria izan daitekeela nahiz eta ez online egon.

Gorka Julio

2007, Abendua 01
Arloa: Sarean