Ama, hacker izan nahi dut

Gorka Julio

sa50.jpgJendartean asko entzuten den hitza izanda ere askok ezaugarri negatiboekin erlazionatzen duten hitza da. Ezartzen zaizkion beste hitz batzuk, pirata, sarkin, lapur etab. izan ohi dira, hackerra aldiz jarrera horiekin zerikusi gutxi duten pertsonak izaten dira. Testu honetan hacker bat benetan zer den eta informatikari dagokionez irakurketa interesgarriak proposatuko dira.

Benetan hacker bat zer da?

Hacker hitzak hainbat zentzu ditu zentzu zabalean ulertuta edozein gauza egiteko grina edo gogo handiz gauza oso interesgarriak egiteko gai den pertsona bat izan daiteke. Informatika eta teknologia arloa hartzen badugu ezaugarri asko ezartzen zaizkio hacker bati, denak bete behar ez badira ere hauek dira orokorrean ezaugarri hauetako batzuk:

  • Ezagutza librea, informazioa libreki atzitzeko eskubidea ezagutzak lortu ahal izateko.
  • Software librea eta segurtasun informatikoaren inguruko interes berezia.
  • Ikasteko eta irakasteko grina eta gogoa.
  • Jarrera sozial askatzaileak: faxismoaren aurkakoak, alienazioaren aurkakoak, korrupzioaren aurkakoak, berdintasunaren aldekoak, adierazpen askatasunaren aldekoak etab.

Hacker kulturaren adierazgarri den sinbolo bat ere badago. Sinbolo honek "Bizitzaren jokoa" izeneko bizitzaren simulazio jokoaren hasierako posizioa erakusten du.

Gomendio batzuk

Programatzen ikasi. Unix sistema eragile libreren bat ikasi, Linux adibidez. Interneteko funtzionamendua, protokoloak, zerbitzuak ezagutu eta web orrien programazio edo diseinurako HTML ikasi. Ahal bezainbeste hizkuntza ikasi horien artean gehien erabiliak baliagarriago izango bazaizkizu ere edozein hizkuntzek mundua hobeago ulertzen lagunduko dizute.

Liburuak

Interneten informazio asko dago bilatzaile bat erabiltzea nahikoa da informazio interesgarria lortzeko. Horretaz gain liburu interesgarriak ere badaude eta hauek dira gomendio pare bat:

  • Oinarrizko programazioa: Programazioa ikasteko lehenengo urratsak emateko liburu interesgarria. Osoki internet bidez jaisteko aukera duzue UEUren orrialdetik.
  • Linux sistemaren eta sarearen administrazioa: Linux sistemen kudeaketa ikasteko erarik generikoena, komando lerroa, konfigurazio fitxategiak eta zerbitzu ezagunenak ikasiz edozein GNU/Linux banaketa ezagutzeko balioko digu. Kapitulu bat interneten lor dezakezue.
  • TCP/IP sareak: TCP/IP sareak eta orokorrean sareen funtzionamendua ezagutzeko liburu bikaina. Erosi badaiteke ere interneten denontzako eskuragarri dago egilearen web gunean.
  • Hacker etika (The Hacker Ethic): Pekka Himanen-ek hackerren lan egiteko era eta izaerak definitzen dituen liburu interesgarria. Hacker etika deitu dena ulertzeko oso interesgarria. Liburua gazteleraz osorik sarean aurki daiteke.
  • Ziberaktibismoa (Civeractivismo): Virus editorialak ateratako testu ezberdinen bilduma. Bertan segurtasuna, hacktibismoa, hacklab mugimendua etab. azaltzen dira. Oso interesgarria hacktibismo mugimenduaren gaur egungo mugimendu batzuk ezagutzeko.

Web gune interesgarriak

Erreferentziako web gune interesgarriak badaude:

  • Marrapuntu: Hacking, informatika, segurtasuna eta teknologiaren inguruko berri interesgarriak jasotzen dituen web gunea.
  • hackingbadakigu: Informatika gogoko duten hacker talde batek osatutako elkarte herritarra. Beraien web gunetik "hack.in#badakigu informatika elkartea, informatika arloa jorratzen duen herri kultur elkartea da, informatika bere osotasunean landu nahi duen elkartea izanik. hack.in#badakigu aske sentitzen den informatikari talde batek eratzen du."
  • Indymedia Euskal Herria: Jendeak era parte hartzaile batean sortutako informazioa. Hacktibismo ekimen zabal baten barnean jaio zen informazio askea sustatzeko ekimena da.
  • Librezale: Software librean lan egiten duen bolondres taldea. Programak itzuli, dokumentazioa sortu, software librea sustatu etab. dira beraien ekimen nagusiak.
  • Alephandria: Hacktibismoarekin erlazioa duten dokumentu, audio eta bideo ezberdinen biltoki handi bat. Gai hauetan hasteko testu oso interesgarriak aurkitu daitezke bertan.

Gorka Julio

2008, Apirila 01
Arloa: Sarean