Firefox Guinness errekorra, euskararentzako berri onak

Gorka Julio

sa53.jpgFirefox nabigatzaileakegun bakar batean jaitsiera gehien izan dituen programa izan da. Beste errekor bat dirudien arren hori baino askoz gehiago da, Firefox nabigatzaile bat baino gehiago delako. Firefox nabigatzaile librea, segurua, azkarra, moldagarria eta euskalduna ere bada. Programa honen ezaugarriak eta euskararentzako duen garrantziaz mintzatuko gara.

Guinness errekorra

Errekorra lortzeko, Spread Firefox Download Day 2008web gunearen bidez mundu osotik ekimenean parte hartu nahi zutenen parte hartzea eskuratu eta jaisteko aukera ematen zuten. Errekorraren garrantzia handia izan da mundu guztitik zortzi milioi pertsona baino gehiagok jaitsi baitute Firefox 3 nabigatzailearen bertsio berria. Interneten ibiltzen den komunitateari esker Guinnessa lortzeko helburua lortu da. Hala ere, hori ez zen helburu bakarra nabigatzaile libre honen ezagutaraztea eta hedapena lortu nahi zen eta espero baino handiago izan da erabiltzaileek egindako arrera.

Zergatik da berezia Firefox

Firefox berezi egiten duten ezaugarri nagusiak 5 izan daitezke librea, segurua, azkarra, moldagarria eta eleanitza; hauek dira Firefox besteengandik gehien ezberdintzen dituzten ezaugarriak.

Librea

Firefox nabigatzailea software libreada. Horri esker programa horri moldaketak egin eta komunitatearekin partekatzea erraza eta aberasgarria da. Nabigatzaile honen inguruan programatzaile, garatzaile, diseinatzaile komunitate handi bat dago eta horri esker posible izan da mundu osoan sakabanatutako pertsonen arteko parte hartzearen bidez nabigatzaile hau sortzea.

Segurua

Segurtasun neurri aurreratuak erabiltzen ditu. Datuak gordetzeko garaian pasahitzak kudeatzeko sistema, web gune "arriskutsuen" aurkako neurriak, publizitate leihoen kudeaketa etab. Gainera librea denez milaka begi daude bere kodeari begira eta horrek arazoak aurkitu eta azkarrago konpontzeko bidea eman ohi du.

Azkarra

Beste nabigatzaile batzuk baino azkarragoa da eta estandarrak jarraitzen ditu. Honek ondo egituratutako web guneak azkar eta ondo ikustea ahalbidetzen du.

Moldagarria

Gure beharretara egokitzeko aukera ematen du nabigatzaileak. Lan, ikasketak, aisialdiari gehien egokitzen zaizkion tresnak gaineratu daitezke nabigatzaile honetan bere gehigarrieiesker. Horrek Firefox nabigatzaile bat baino lan tresna orokor batean bilakatzen du nabigatzailea, edozer egiteko sarrera atea.

Eleanitza

Munduko hizkuntza askotan eta sistema eragile ezberdinetarako prestatua dago. Gainera hauetako hizkuntza askotan idazketa tresna laguntzaileak ere ekartzen ditu, adibidez zuzentzaile ortografikoak. Euskaraz ere badugu, Librezale.orgkomunitate irekian lan egiten duten boluntarioek egindako lanari esker.

Nabigatzaileak eta euskara

Nabigatzaileak edozein dela eta euskaraz izatea oso garrantzitsua da. Bi arlo nagusi bereiz daitezke nabigatzaile baten barnean lehenengoa menuak euskaraz egotea eta bigarrena hizkuntza lehenetsia euskara izatea.

Menuak euskaraz egotea

Nabigatzailea interneten murgiltzeko tresna da, horrek gaur egun ia edozertarako erabili behar dugun tresna batean bilakatzen du, sarrera portala. Horregatik, nabigatzailea euskaraz egoteak, euskarazko mundu batean murgiltzeko lehenengo pausoa da. Nola pentsatuko dute ezagutzen ez dutenek edukiak euskaraz daudela beraien sarrera tresnak pistarik ematen ez badie? Noski pentsatu dezaketela, baina errazagoa da testuinguruak horretan laguntzen badu. Kasu honetan testuingurua ikusten ari garen tresnaren menuak dira.

Hizkuntza lehenetsia euskaraz

Edozein nabigatzaile erabiltzen dela ere, garrantzitsua da euskara jartzea hizkuntza lehenetsi bezala. Nabigatzaile batean euskara hizkuntza lehenetsi bezala jartzeak web gune eleanitzetan hizkuntza aukera automatiko egitea lortzen du adibidez. Hau da, web guneak hizkuntza aukera ezberdinak ematen baditu euskara agertzea lehenetsi bezala. Horretaz gain, parametro hau kontutan hartua izaten da interneteko gune eta enpresa garrantzitsuen aldetik, datu hau jasotzean jakiten dute euskaraz nabigatzen duen mundua badagoela, bestela inoiz ez gara ezer izango beraientzat. Horregatik, eskola, ikastola, euskaltegi, heziketa zentro, ordenagailu gela ezberdinetan nabigatzaile guztietan euskara lehenetsi bezala markatzea beharrezkoa da. Firefoxen horrela egiten da:

  1. Menuan Editatu > Hobespenak atalera joan
  2. Bertan hizkuntzak atalean "Hautatu" sakatu
  3. Hautatu nahi duzun hizkuntza jartzen duen tokian Euskara aukeratu eta lehenengoa jarri zerrendan (bat baino gehiago badituzu)

Gorka Julio

2008, Uztaila 01
Arloa: Sarean