Liburu elektronikoa bidean da

Gorka Julio

Internet hedatzen hasi zenean liburuaren desagerpena aipatzen hasi zen jende asko. Hori horrela izan ez bada ere, gero eta gehiago dira liburuak orain arte betetzen duen tokia bereganatzeko prest dauden gailu berriak.

Tinta elektronikoa. Gaur egungo gailu guztiek eink edo paper elektroniko teknologia erabiltzen dute. Teknologia berri honi esker gailuek oso energia gutxi behar dute. Paper arruntak bezala kanpoko argia behar dute irakurtzeko. Ez da LCD edo CRT pantailak bezala argi propioa duen gailurik eta beraz begien osasunerako ere egokiagoa da.
Teknologia hau polimero eta mikrotransmisore kapa batez osatua dago. Polimeroak plastiko baten gainean kokatutako milaka partikula esferikoz osatua daude. Partikula horiei korrontea aplikatzen zaienean bere kolore tonoa aldatzen dute eta horrela gelditzen dira hurrengo korronte aldaketa egon arte. Tarte horretan, beraz, ez dago energia gasturik eta horregatik pantaila hauek energia gutxi behar dute funtzionatzeko.

Irakurgailuak. Teknologia hauek erabiltzen dituzten gailu asko dago merkatuan.
Sony reader. Famatuenetakoa da. Bere gauza hoberenetarikoa prezioa dela esan daiteke. 6 hazbeteko pantaila bat dauka eta fitxategi mota asko irakurtzeko gai da, Media PDF, TXT, RTF, DOC, FB2, LRF, LRX, ePub, JPG, GIF, PNG, BMP, MP3, AAC.
Iliad. Iliad ezberdinak badaude ere, bertsio arruntenak 8 hazbete ditu. Besteekin konparatuz tamaina hobekuntza garrantzitsua da. Beste alde batetik, bertsio aurreratuago batek idazteko aukera ematen du eta berrienak internetera konektatzeko wifi sistema dauka. Onartzen dituen formatuak, PDF, TXT, HTML, Mobipocket PRC, JPEG, PNG, GIF, TIFF, BMP. Bere prezioa nahiko garestia den arren merezi duen gailu bat da. Sistema eragile libre baten gainean eraikia dagoenez aplikazio berriak sor ditzakegu.
Kindle. Amazon enpresak atera duen liburu elektroniko irakurgailua. Honek ere 6 hazbete ditu. Amazon enpresak bere liburuak saltzeko erabiltzen duen dispositiboa da eta horregatik nahiko itxia da bai formato zein sistema eragile aldetik. Onartzen direnak, Kindle (AZW), TXT, PRC, MOBI, MP3, AA eta beste batzuk baina ez guztiz PDF adibidez. Estatu Batuetarako pentsatutakoa da gailu hau.
Hanlin. Tresna honek izen ezberdinak izan ditzake Jinke edo Papyre kasu. Oso tresna interesgarria da. 6 hazbeteko pantaila badu ere oso erosoa da erabiltzeko. Horretaz gain, sistema eragile libre bat erabiltzen du eta gainera berarentzako programak sortzeko garapen tresna sorta bat ere eskaintzen du. Onartzen dituen formato kopurua ere harrigarria da, PDF, DOC, WOLF, MP3, HTML, TXT, CHM, FB2, Djvu, PNG, TIF, GIF, BMP, JPG, PPT, EPUB, LIT.

Ondorioa. Liburu elektronikoaren zabalpena ez da oraindik gertatu. Teknologia nahiko aurreratua dago baina tresna hauen kostuak eta liburu elektronikoen eskasiak asko mantsotzen ari dira hedapena. Horretaz gain, gero eta gailu eramangarri gehiago ditugu, horietako askok testuak irakurtzeko aukera ematen dute eta beste gailu bat erostea zaila egiten da jende askorentzat.
Papera momentuz desagertuko ez bada ere gero eta arruntagoa izango da era honetako tresnak ikusten hastea, beharbada kasu batzutan eramangarri edo beste erabilera anitzeko gailuetan. Papera ez da desagertuko baina bere tokia berdefinitu beharko du. Hala ere, batean edo bestean IRAKURTZEA DA GARRANTZITSUENA, IRAKURRI DEZAGUNĀ  BERAZ.

Gorka Julio

2008, Abendua 08
Arloa: Sarean