Ziberekintzaile izan zaitez

Gorka Julio

Ziberekintzaile izan zaitez

topologas_de_redGure bizitzako atal gehienak Internetek sortutako eragina izan dute. Mezu bat zabaldu behar duen pertsona, ekitaldi baten berri eman behar duenak, produktu bat saldu behar duenak, denak, Internet erabili edo baliatu beharko dute beraien nahia egin ahal izateko. Beraz, eragitea bilatzen badugu ziberekintzaile izatera behartuta gaude.

Sareak

Hainbat nodoz eta horien arteko loturez osatutako egiturak dira. Bizitza sare ezberdinen baitan gertatzen da eta sare hauek tipologia ezberdinak eduki ditzakete:

  • Sare zentralizatuak: Nodo zentral nagusi bat behar dute nodo bat eta bestearen arteko erlazioa gerta dadin. Adib. Diktadura bat.
  • Sare deszentralizatua: Sare zentralizatu batzuen batura cluster nagusi bat eratuz. Komunikazioa ahalbidetzeko sare nodo zentralizatzaileetatik igaro beharko da. Adib. Ejerzitoa
  • Sare banatua: Ez dago ez cluster ez nodo zentralik. Nodo ezberdinek konexioak zuzenean egin ditzakete hainbat nodo ezberdinekin, komunikazua azkartuz. Adib. Internet

Sareak eta komunitateak

Zer gertatzen da aurretik aipatu ditugun sare tipologia ezberdinak pertsonei aplikatzen badizkiegu. Hau da, nodo bakoitza bezala pertsonak ikusten baditugu. Sare sozial eta komunitateen munduan sartzen gara. Sareak azaldu ondoren, komunitateak definituko ditugu. Komunitateak identitate amankomun bat duten eta beraien artean elkarreragiten duten sareak dira. Komunitateek elkarreragitearen bidez gauza berriak sortzeko gaitasun handiagoa izaten dute, proiektu baten parte sentitzen direlako.

Sare sozialetan pertsonak indibidualki erlazionatu ohi dira baina sortzen diren erlazio sareak ondoren informazioa hedatu eta ekimenak garatzeko balio izaten dute. Sare sozial horietako pertsonak ezagutzen direnean beharbada identitate eta helburu bat duen komunitate baten partaide egin daitezke.

Komunitateko partaideek beraien artean elkarreragiteaz gain, gai edota helburu antzekoak dituzten beste pertsona edo komunitateekin erlazionatzeko joera dute. Era berean sare sozial ezberdinetako partaide direnez, komunitaterako pertsona interesgarrienak direnak erakartzen dituzte.

Ziberekintzailetasuna

Jendartean eragina izan dezan, mezu baten ahoz-ahoko hedapena lortu ahal izateko, mezuaren hedapena hedabide arrunten eta tresna elektroniko pertsonalen bidez hedatzera bideratutako edozein ekintza antolatuari deitzen diogu.

Ziberekintza bat egiteko manuala

Ziberekintza edo kanpaina batean pentsatzen dugunean hauek izan daitezke horrelako ekimen bat aurrera eramateko pausoak:

Tresnak

Jorratu nahi dugun gaiaren inguruan informazioa bildu, bai aldeko zein kontrako argumentuak bilduz.

Mezua argia eta motibatzailea izan behar du. Mezua azkar ulertua izateko gaitasuna izan behar du baina era berean esan nahi duguna ondo adierazten duela ziurtatu behar dugu.

Mezu horren hedapena ziurtatzen duten mekanismoak sortu, mezua berbidaltzeko aukera, kopiatzeko erraztasuna etab.

Jendeari zerbait egiteko eskatzen bazaio, egitekoak eta kanpainaren helburuak errealistak izan behar dute, bestela lortzen ez ditugula ikusita etsipenean erori gaitezke eta. Helburua bat izanda ere, komeni da helburu txikiak ere finkatzea eta helburu horien lorpena ospatzea. Ospakizuna edozein sareren parte garrantzitsu bat da aurrera egiteko.

Mezua

Tresnek, mezua, bakoitzaren sare sozialean zabaltzeko erraztasunak eman behar dute. Hau da, sortzen ditugun tresna guztiak erraz errepikatzeko aukera ematea interesgarria da, horrela gure lana gure kontrolik gabe hedatzen eta zabaltzen joango da.

Materialak(irudiak, dokumentazioa, informazioa) kanpainarenak eta moldagarriak izan behar dute. Norbaitek gure kanpainarekin bat egiten badu eta bere sare sozialean gure mezua zabaldu nahi badu, beharbada mezu hori bere testuingurura egokitzeko aukera izan beharko luke. Honela, mezua hedatzeko era naturalago bat lortzen dugu, gertuagokoa, egokiagoa.

Ikusgarritasuna

Kanpainaren jarraipena egiteko gune bat sortu behar dugu. Webgune horretan informazio berriak, hedapena, materialak etab. jartzen joango gara. Normalean blog bat tresna interesgarria izan daiteke hori egiteko.

Kanpainara biltzen den pertsona bakoitza igorle izatera (blogean, sare sozialetan, sms bidez, hedabide lokaletan, hedabide arruntetan) gonbidatu behar dugu, pertsona bakoitza da garrantzitsua. Pertsona bakoitzak bere kontaktu sarea duenez, mezua iritsi ezingo litzatekeen lekuetara eramango du pertsona bakoitzak eta mezua iritsi bada ere, askoz fidagarriagoa da gertuko pertsona batek ahoz-aho kontatzen diguna, eta ez al zen hori nahi genuena?

Gorka Julio

2009, Urtarrila 23
Arloa: Sarean