ZuZeu kazetari

Gorka Julio

sarean050509Hedabideen euskal esparruan aldaketak izaten ari dira. Paperezko hedabideek eta beste zenbait hedabide tradizionalagoek dituzten arazoak gero eta nabariagoak dira. Internet esperimentaziorako, probarako, berrikuntzarako esparru bilakatu da eta horren harira ZuZeu (http://zuzeu.com) bezalako hedabide digital berriak sortu dira. Hedabideak ulertzeko era berritzaile bat, denborak esango du asmatu duten edo ez, baina saiatzea interesgarria dela ez dago zalantzarik.

Erabiltzaile motak

Izenak berak gauza asko adierazten dizkigu. Beraien hitzak erabiliz horrela definitzen da ZuZeu, "ZuZeu izenak adierazi nahi duen bezala, zuk zeuk ere baduzu lekua ZuZeun. Areago, zeure albiste-bide nagusi bihur dezazun nahi genuke, zeure nabigatzailearen lehen orri bihurtuz, eta zeure eskutik albisteak eta iritziak jasoz. Zeure partaidetza gabe, ZuZeu ez da bideragarria izango. Nolabait esateko, erabiltzaileek egindako hedabide horizontala izan nahi du ZuZeuk".

Bertan parte hartzaile izateko 3 erabiltzaile mota nagusi daude, baldin eta noizbehinkako erabiltzaileak alboratzen baditugu:

  • Begiraleak: ZuZeun zuzenean idatz dezaketen erabiltzaileak. Normalean kazetariak, profesionalak, iritzigileak... izaten dira eta hedabidearen arduradunek erabakitakoak izaten dira.
  • Zuzeulariak: ZuZeun-n izen eman duten erabiltzaileak dira. Artikuluak bidali ditzakete baina ZuZeuko arduradunek ikuskatzen dituzte.
  • Gugeulariak: Zuzeun informazioa, ekitaldiak, ekimenak bidaltzen dituzten erakunde konkretu batzuk dira.

Gaiak

Albisteen gaiak nahiko irekiak diren arren, badira gehiago nabarmentzen diren zenbait. Hedabide gehienek dituztenen antzekoak direnak Euskal Herriko gaiak, mundua, ekonomia, kultura, kirola aurki daitezke. Hala ere, bereziagoak diren batzuk ere ekologia, teknologia eta "Zeure kasa" izena duen bat, non batez ere iritzi artikuluak sartzen diren. Horretaz gain badira bi oso berezi, lehenengoa "Etxetik urrun", erabiltzaileek atzerrian dituzten bizipenak kontatzeko tokia eta "Xaia", deskargatzeko dokumentuak edo informazio astunagoak jartzeko tokia.

Edukiak Creative Commons lizentzia batean publikatzen dira. Creative Commons aitortza-eratorririk ez lizentziapean. Lizentzia hau Copyright arruntatik ezberdina da. Lizentzia hori duten edukiak erabiltzeko baimena duzu baldin eta aitortza adierazten bada eta lan eratorririk egiten ez baduzu, hau da informazioa bere horretan erabiltzen bada. Copyright-a baino askeagoa den arren, eduki libreen aldeko mugimenduak proposatzen dituen Creative Commons aitortza eta aitortza-berdin partekatu lizentzietatik urrun dago eta ezin esan daiteke edukiak guztiz libreak direnik.

Atalak

Webgunea hedabide digital bat izanik multimedia eta Internetek beste webguneetako informazioak txertatzeko ematen dituen erraztasunak aprobetxatzen ditu. Webgunearen azalean bidalitako informazioen aukeraketa bat ikus daiteke eta goiko parteko bi alboetan azken informazioak. Eskuinean garrantzitsuenak "Azken berriak" azken albisteak erakusten dituen atala eta "Bero-bero", interes gehien piztu duten albisteak daude. Ezkerrean aldiz, "Han-hemenka" atalean, erabiltzaileek beste hedabideetan topatutako gauza interesgarriak aurki daitezke eta "Zizka eta mizkak" atalean aldiz euskarari buruzko berri on eta txarrak. Gai horiekin batera azken iruzkinak eta bidalitako azken hitzorduak ikusteko aukera ere badago.

Multimediari dagokionez argazkiak eta bideoak biltzen dituen atal bana dago. Eguraldia erakusten duen atal bat ere badago. Horretaz gain, Facebook eta Twitterreko sare sozial birtualetan ZuZeuren presentzia erakusten duen botoi bat ere ikus daiteke.

Gorka Julio

2009, Maiatza 05
Arloa: Sarean