Grebaorokorra.info, informazio herritarra greba egunean

Gorka Julio

sarean090519Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du maiatzaren 21erako. Interneteko komuniteatean ekimen herritar bat jaio da egun horretan gertatzen dena kontatzeko: grebaorokorra.info webgunea. Webgunearen antolaketarako prozesu guztia era irekian eta parte-hartzailean egin dute eta horretarako koordinazio wikia ere erabili dute.

Webgunea

Webguneak irudiak, bideoak, albisteak.. erakusten ditu. Ezkerreko aldean jendeak bidalitako azken irudiak ikus daitezke. Beherago, elkarlanerako erabili den koordinazio wikia eta beste hainbat lotura daude. Ezkerreko aldean, bukaeran, Grebaorokorra TBrako sarrera dago. Erdigunean, bestetik, Grebaorokorra TBn emititzen ari den azken bideoa eta jendeak bidalitako azken albisteak erakusten dira. Eskuineko aldean, azkenik, greba orokorrarekin zerikusia duten Twitterreko azken mezuak eta jendeak pilatutako azken berriak ikusten dira.

Parte-hartzea

Twitter

Twitter da azken urte hauetan sorturiko tresnen artean hazkunde handiena izan duena. Kontzeptua sinplea da: bakoitzak nahi dituen mezuak bidali ahal ditu eta bakoitzak dituen jarraitzaile guztiek mezu horiek zuzenean jasotzen dituzte. Era berean, norberak dituen jarraitzaile guztien mezuak ere jasoko ditu zuzenean. Mezuak bidaltzen direnean, gainera, publikoak dira. Horregatik, hitz konkretu batzuk askotan erabiltzen direnean, mundu guztiak jarraitu ahal ditu. Horrela grebaren inguruan informatu daiteke #grebaorokorra etiketa edozein mezuri jarrita.

Bideoak

Youtuben egunero milaka bideo igotzen dira eta gaur egun gertakari garrantzitsuak jarraitzeko oso erabilia da. Horregatik, bertan eguneko bideoak igotzea (mugikorrarekin edo kamararekin hartutakoak, profesionalak edo afizionatuak) proposatu da, etiketa jarrita. Horrela, webgunean azkeneko bideoa jarri ahal izateaz gain, greba orokorra TBan hauetako batzuk informatzeko erabiliko dira.

Argazkiak

Flickr argazkiak igotzeko zerbitzua da. Bertan kontu bat sortzea doakoa da. Gainera, etiketak ere zehaztu daitezke. Egun horretako argazkiak markatzeko etiketa erabiltzea proposatzen dute, horrela webgunean ikusi ahal izango dira etiketa hori duten argazki guztiak. Egun horretan egindako argazki gehienak automatikoki bildu ahal izango dira, etiketa horri esker errazago aurkituko direlako.

Loturak

Bildu erabiliz eta albiste edo loturak "grebaorokorra" bezala etiketatuz, jendeak bidalitakoa automatikoki erakutsiko da webguneko Nabarmen atalean. Honela, nahiz eta gordetzen duena ez izan sortzailea, zerbait interesgarria aurkitzen badu, beste guztiekin banatzeko aukera izango du.

Albisteak

Grebaorokorra.info webgunean bertan norberak sortutako albisteak publikatzeko aukera izango da baita ere. Eskuinean azaltzen den publikatu botoia sakatuz, norberak nahi duen albistea argitaratuko du eta webgunearen erdigunean agertuko da.

Gorka Julio

2009, Maiatza 20
Arloa: Sarean