Garraio publikoa erraz

Gorka Julio

sarean090721Mila dira garraio publikoa erabiltzeko arrazoiak eta gomendioak; ingurugiroa, krisiari aurre egitea, etika, hiritartasuna... Hala ere, askotan zaila egiten zaigu garraio publikoa erabiltzea, ordutegiak, ibilbideak, tarifak etab. Interneten dauden hainbat tresnek arazo txiki hauetan laguntzen digute.

Mugitu.com

Joseba Alberdik eta Endika Esteibarrek EHUko ikasleek sortutako webgunea da. Arraytxiki web laborategiaren barnean sortu duten ekimen honen bidez garraio publikoa erabiltzeko erraztasun handiak ematen dituzte. Hizkuntza aukeratu, bidaiaren hasiera eta bukaera herriak zehaztu eta amaitzeko bidaia gauzatu nahi duzun ordu tartea erabaki. Hori eginez gero, bi herrien arteko konbinazio posible guztiak, ordutegiak eta tarifak emango dizkigu sistemak.

Webgunea beta fasean dago, bere hastapenetan dago oraindik. Gipuzkoako datuak bakarrik ditu oraindik baina laster herrialde gehiagoren informazioa egongo dela adierazten dute sortzaileek euren webgunean. Dudarik gabe webgune sinple bezain erabilgarria.

Nondik-nora.com

EEEk, Energiaren Euskal Erakundeak sortutako egitasmoa da. Mugituk eskaintzen duenaren antzeko funtzionalitatea eskaintzen du baina EAE guztirako. Berezitasun bat dauka, ibilbidearen hasiera eta bukaera zein tokitatik edo tokitara zehazteko aukera duzu. Hau da, zein kaletik edo toki ezagunetik udala, autobus geltokia zein beste kale edo toki ezagunera. Ibilbidean oinez egin beharreko ibilbidea eta denbora ere hartzen du kontutan.

Aipatutako aukeraz gain, tarifak, ordutegiak eta zerbitzuak garraio motaren arabera kontsultatzeko aukera ere ematen du. Gorabeherak, berriak eta lotura interesgarriak ere eskaintzen ditu, baina dudarik gabe zerbitzu kuriosoena bidegorrien inguruko informazio zerbitzua da. Herria aukeratu eta herri horretako bidegorriaren mapa erakusten du.

Laguntza tresna hauekin aitzaki gutxiago izango duzue garraio publikoa erabiltzeko. Hala ere, garraio publikoa erabiltzerik ez baduzu trafikoa nola dagoen ezagutzea ondo etorriko zaizu. Horretarako trafikoa kontsultatzeko webgunean, trafikoaren gorabeherak ezagutzeko aukera duzue.

Garraio publiko, kotxe, moto edo beste edozein ibilgailurik erabili nahi ez baduzue eta oinez joatea erabakitzen baduzu, eguraldia zein izango den jakitea interesgarria izan daiteke. Ez ahaztu Euskalmet webgunea kontsultatzeaz busti nahi ez baduzu behintzat.

Gorka Julio

2009, Uztaila 21
Arloa: Sarean