Hezkuntza askea

Gorka Julio

sarean091006

Asko hitz egiten ari da Eusko Jaurlaritzak erosi behar dituen 20.000 ordenagailuen inguruan. Batez ere, ordenagailu horietan Windows sistema eragilea eta MS Office erabiltzeko lizentziak ordaindu beharko direlako diru hori beste gauza batzuetarako erabili beharrean. Baina, beste ikuspuntu batzuk ere badaude, alde etikoa, alde pedagogikoa, alde praktikoa... Eztabaida arlo askotatik ikusi badaiteke ere, hezkuntza sistema askeago bat lortzeko bidean interesgarriak izan daitezkeen gaiak jorratuko ditugu oraingoan.

Eduki libreak

Hezkuntza askatzaile bat nahi badugu edukiak ere libreak izan behar dute. Edozeinek eskuratzeko eta erabiltzeko aukera izan behar du. Horretarako kopiatzeko aukera izan beharko du. Eskola bakoitzak eduki horiek beraien neurrira egokitu eta hobekuntzak besteekin partekatzeko aukera izan behar du. Aldi berean, hezkuntza komunitateak eduki horiek hobetzeko aukera izango luke. Eduki horiek gero eta hobeago bihurtuz.

Software librea

Edukiak bezala softwareak garrantzia dauka. Ez bakarrik ikuspuntu ekonomikotik ikusita (ez dira lizentziak erosi behar) baizik eta zabaltzen dituen balioengatik baizik. Software librea erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitekeen softwarea da. Ez al dira balio horiek haurrek eta gazteek ikastea nahi ditugunak. Ez al dugu sormena sustatu nahi? Ez al dugu taldeko lana sustatu nahi? Ez al dugu kritikotasuna aztertu nahi? Balio horiek dira hain zuzen software libreak proposatzen dituenak

Eredu pedagogiko askatzaileak

Eredu berriak probatu beharko dira. Aurretik aipatutako balioak kontutan hartu eta ustiatuko dituztenak. Eredu tradizionala gero eta zaharragoa gelditzen ari da. Irakaslea gauza batzuetan ezagutzaren jabe izaten jarraituko du, baina beste batzuetan bere papera beste bat dela ulertu beharko du. Irakasle orojakilea baino bideratzaile bat izan beharko du eta horrekin batera elkarlanean nola ikasten den erakutsi beharko du. Bera elkarlan horren barnean bere burua kokatu beharko duelarik kasu askotan.

Jarrera askatzaileak

Hezkuntza ez da eskolan hasi eta amaitzen. Hezkuntza zerbait zabalagoa da, baina eskolatik bertan ikasitako balioak erabilgarri egiten dituzten lekuak eta jarrerak promozionatu behar dira. Ikasleak kritikoak izatera bultzatzen baditugu, eman gida batzuk adibidez Interneten ere balio kritiko horiek martxan jartzeko. Ikasleak talde lanean murgiltzea nahi badugu, beraiek kudeatutako espazio publikoetan parte hartzera bultzatu.

Edukiak, teknologia, ereduak eta jarrerak, guztiak dira garrantzitsuak gure hezkuntza sistema publikoak pertsona sortzaileak, kritikoak, parte hartzaileak, berritzaileak eraikitzea nahi badugu. Baina, beno beharbada hau ez da hezkuntza sisteman erabakiak hartzeko gai direnen nahia...

Gorka Julio

2009, Urria 06
Arloa: Sarean