Scratch, programazioa 8 urtetik gorakoentzat

Gorka Julio

sarean091020Programazioaz hitz egiten dugunean jende gehienari informatika, ordenagailuak, teknologia... etortzen zaio burura. Baina, programatzea hori baino gehiago da eta egunero egiten dugu adibidez errezeta bat irakurri eta bertan agertzen dena egiten dugunean. Azken finean, programatzea algoritmoak erabiliz, ekintza konkretu batzuk egikaritu ondoren zerbait lortzea da. Algoritmoak erabiliz pentsatzen dugunean, arazoei soluziobide bat bilatzea errazago egiten dugu. Egin beharrekoak ataza ezberdinetan banatzea, egin beharrekoak antolatzea, behar ditugun gauzak planifikatzea lortzen dugu. Hori ikasteko era polit bat Scratch izan daiteke. Era grafiko batean, pentsatzeko era horretan murgiltzen laguntzen digu.

Scratch, MIT laborategiek haurrek programatzen ikas dezaten sortutako tresna da. Scratch irekitzen dugun lehen aldian katu bat ikusiko dugu. Katu hori Scratch da eta probak egiteko gure lehenengo objektua da.

Scratch hainbat zatitan banatua dago. Ezkerreko barran objektuei egin beharrekoa adierazteko funtzioak aurkitzen dira. Erdialdean sortzen goazen algoritmoa, objektuen mozorro (hartu ditzaketen itxurak) ezberdinak eta soinuak kudeatzeko aukera daukagu. Eskuin aldean aldiz, sortu dugun fondoaren gainean, gehitu ditugun objetuak egindako algoritmoaren arabera ekintzak burutzen ikusiko ditugu.

Scratch era ezberdinetan erabil daiteke eta batez ere hezkuntzan oso baliagarria izan daiteke. Tresna honen bidez algoritmoak baliatzen dituzten gauza guztiekin jokoak sor daitezke adibidez. Edo, hobeagoa dena ikasleek beraiek sor ditzakete. Ideia posible batzuk: simulazioak, trivial moduko jokoak, fisika ikasteko ariketak, matematikako ariketak egiteko algoritmoak, pelikula animatuak, joku didaktikoak...

Benetan oso erraza da Scratch bidez gure programak sortzea. Scratch bera ikasi nahi badugu ScratchEd komunitatean laguntza lortuko dugu. Baina sortzaile izateaz gain, besteek egindakoak baliatu eta berrerabiltzeko aukera izango dugu. Horretarako Scratcheko webgunean jendeak sortu eta igo dituen proiektuak ikusi ahal izango ditugu. Proiektu horiek jaitsi eta nahi ditugun aldaketak egiteko aukera dugu. Gureak igo baditugu, Scratch editorean bertan goiko menuan gure programa besteekin banatzeko botoi bat dago.

Jendeak sortu eta banatzen dituen artean oso lan politak daude. Gure programak egiteko, programa horiek edo programa horietako zati batzuk baliatu ahal izango ditugu. Interesatzen zaizkizun programak aurkitzeko begiratu maiteenak, ikusienak, gomendatuenak, berrerabilienak atalak.

Scratch beraz programazioaren kontzeptu orokorrak ikasteko balio duen arren, aukera asko eskaintzen dituen programa bat da. Beste ikasteko modu sortzaileagoa bultzatzen du, programa txiki horiek nola antolatu behar diren pentsatzeak, informazioa gehiago barneratzeko balio du. Horretaz gain besteen lana baliatu eta guk sortutakoa ere besteekin partekatzera eramaten gaitu. Programatzen ikasteko baino, jokamolde batzuk barneratzeko ere tresna bat dela esan dezakegu.

Gorka Julio

2009, Urria 20
Arloa: Sarean