Librezale berria

Gorka Julio

sarean100311

Software librea euskaraz sustatzen duen Librezale taldea osatzen dutenek webgune berria jarri dute abian. Itxura berriturik, webgune dinamikoagoa eratu dute eta bertan zegoen informazioa eguneratu.

Portadan albisteak modu argiagoan eskaintzen dira, baita ere Interneteko sare sozialen informazioa eta foroetako mezuak ere. Foroan euskarazko softwareari buruzko eztabaida orokorra ematen da. Baina, horretaz gain komunitatearen eztabaida orokorra posta elektronikoaren bidez izaten da. Librezale parte-hartze irekiko taldea da: edozeinek har dezake parte inolako arazorik gabe eta bakoitzak ahal duen neurrian.

Webgune berrian garrantzi berezia eman nahi izan diote aplikazio informatikoak euskaratzeko prozesuaren azalpenari. Lokalizazio-gida izeneko atalean lan horretan hasi nahi duenak edo gehiago sakondu nahi duenak informazio baliagarria aurkituko du. Lan-tresnak atalean, bestalde, euskaratzeak egiteko erabil daitezkeen hainbat aplikazio, formatu eta baliabide azaltzen dira. Honi lotuta, Librezalek Pootle web aplikazioa dauka instalatuta bere zerbitzarian, itzulpenak auzolanean bideratzeko. Ez da informatikaria izan behar itzulpenak egin ahal izateko, interesa duen edonork egin dezake. Komunitatea beti prest dago edozein galdera erantzun eta laguntzeko.

Lagundu nahi baduzu, hainbat moduz egin dezakezu: itzulpenak egiten, foroetan agertzen diren zalantzak argitzen, euskaratutako aplikazioak sustatzen… Begiratu webguneko Parte hartu nahi duzu? atala informazio gehiagorako. Baina kontuan izan komunitatearen filosofia (webgunetik):

  • Aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan egiten dugu.
  • Software librea lehenesten dugu, askatasun gehien ematen duena delako.
  • Gure lanak ere lizentzia libreekin banatzen ditugu, egindako lana etorkizunerako ere baliagarria izatea nahi dugulako.
  • Zubiak eraiki behar direnez, plataforma anitzetan dabiltzan programak lehenesten ditugu.
  • Estandar eta formatu irekien alde egiten dugu, aukerak aukera, elkar ulertzeko ezinbestekoak direlako.

Orain arte hainbat tresna lokalizatu dituzte. Horietako ezagunenank Mozilla Firefox nabigatzailea eta Wordpress blogak sortzeko tresna. Horretaz gain ere, OpenShot bideo editorea, Thunderbird posta kudeatzailea, Tux Paint haurrentzako irudi editorea etab. ere jarraitutako proiektuen artean daude. Baina, orain hobekuntzen artean lokalizatzen dituzten aplikazioen egoera adierazten dute. Semaforo batek, proiektuaren lokalizazioa gorri, hori edo berde dagoen adierazten du. Semaforoaren kolorearen ondoan honen egoera azaltzen duen esaldi labur bat dago. Proiektu batean lagundu ahal baduzu, aipatutako posta zerrendan edo foroetan parte hartu.

Gorka Julio

2010, Martxoa 12
Arloa: Sarean