Precise Pangolin

Gorka Julio

Ubuntuk bertsio berria atera du, bere izena Precise Pangolin da. Aurrekoetan bezala animali izenak jartzeko ohitura ez da galdu eta Pangolinaren forma hartu du oraingoan. Pangolina bezala etsaietatik defendatzeko urkuzteko gaitasuna du bertsio honek, irauteko pentsatua dago horregatik da LTS (Long Term Support). Horrek bertsio honi jarraikortasun handiagoa ematen dio, denbora gehiagoan euskarria izango duelako. Ubuntu erabiltzaileek egin beharreko eguneratze ia beharrezkoa eta berrientzat Ubuntu erabiltzen hasteko aukera paregabea.

 sarean20120430

Bertsio berriak berrikuntzak baditu, baina horretaz gain batez ere aurreko bertsioetan izandakok aldaketak egonkortzera dator. Aldaketa nagusiena sistemarekin elkarreragiteko eran dago, aurreko bertsiotik datorrena, baina orain egonkorragoa. Jende batzuk alde eta beste batzuk aurka izan dituen aldaketa bat, baina dirudienez bere horretan geldituko dena. Hauek dira berrikuntza nabarienak:

HUD (Head-Up Display)

Aldaketa handia suposatu du honek azken aldian. Orain arte menu bidezko elkarrekintza ohituta egon bagara, bertsio honetan horrekin erabat apurtzen da. Goian dagoen eremuan nahi duzuna bilatu eta hainbat aukera emango zaizkizu. Horietatik nahi duzuna aukeratu eta listo. Horren bidez programak exekutatu, bilaketak egin, dokumentuak ireki... nahi duzuna egin ahal izango duzu. Jakin behar izan gabe non dagoen bilatzen ari zaren hori.

Honek batzuentzako abantaila bat suposatzen du erabilerreztasuna hobetzean duelako. Esan daiteke hasierako komando lerroetako ideia hartzen duela, baina mahaigain berrietara hurbilduz. Beste batzuentzako zaila egingo da hasieran, urte asko baitira menuak erabiltzen, baina egokitzapen txiki baten ostean ez dute erabiltzeko arazorik izango

Ubuntu Software Center

Programa berriak bilatu eta instalatzeko aukera asko hobetu da. Orain gauza ezberdinak egiteko programak topatzea errazagoa da eta gainera jendearen iritziari esker horien kalitatea apur bat gehiago neurtzeko balio duten tresnak oso ondo integratzen ditu. Berezitasun bezala tresna honi esker Ubuntu instalaturik duten ordenagailu ezberdinen artean, aplikazioen sinkronizazioa egin daiteke. Honek ordenagailu ezberdinetan dauden programen mantenua asko errazten du.


Video Lens

Azken aldian, multimediak erabateko garrantzia hartu du. Bideo kontsumoa batez ere asko handitu da, gero eta jende gehiagok bideoak Internet bidez jaso eta ikusten ditu. Gailuetan ditugun bideoez gain, Interneten biltegi ezberdinetan daudenak ikusteko joera handia da.

Video Lens tresnak hori kontutan hartuta, bideoak bilatzeko erraztasunak ematen ditu. Honi esker ikusi nahi dugun bideoa gure ordenagailuan edo YouTuben adibidez egon berdin izango da. Video Lens bidez aukera guztiak eman eta aukeratzeko parada izango duzu. Ubunturen multimediaren aldeko apustua argi uzten du honek. Laster beharbada, Ubuntu telebistetan ere ikusi ahal izango dugu, hori da behintzat bertsio honek erakusten duen bidea.

 

Segurtasuna

Segurtasunaren inguruko berrikuntza batzuk ere ekartzen ditu sistemak. Aurreko bertsioetan baldin baziren ere, oraingoan hobetu integratuak daude sisteman. Horri esker Ubuntuk eguneraketa automatikoak, birusen eta phisingaren aurkako neurriak, fitxategien zifratzea, pasahitz babesa... inplementatzen ditu. Segurtasuna aukera lehenetsi bezala inplementatzen da sisteman eta hori oso garrantzitsua da batez ere erabiltzaile arruntentzat.

Instalazioa

Instalatzeko aukera asko eskaintzen ditu. Webgunetik bertatik jaitsi eta diska batean edo USB gailu batean kargatuta erraz instala dezakezu. Hala ere, Windows erabiltzailea bazara oraindik errazagoa duzu, Windowsetik bertatik instalatzeko aukera ematen duen bertsio bat baitago. Webgunean Windows instalatzailea jaitsi eta bide gehiena egina izango duzu.

Aipatutako gauza guztiez gain, beti esaten duguna gogoratu behar dugu; Ubuntu software librea da eta sistemaren zati handiena beste hizkuntza askotan egoteaz gain euskaraz dago. Erabiltzen erraza izateaz gain, ia erabateko bateragarritasuna dauka oraingo gailu guztiekin. Zerbait berria probatzeko zirraragatik bada ere merezi du. Eskaintzen duten diskaren bidez probatu dezakezue, instalatu behar izan gabe. Saiatu eta gustatzen bazaizue instalatu, merezi du.

Gorka Julio

2012, Maiatza 02
Arloa: Sarean