Topatu.info

Gorka Julio

Topatu.info Euskal Herriko gazte mugimenduaren tresna eta bozgorailu izateko helburua duen gazte proiektu komunikatibo nazionala da. Gazteek gazteentzat sortua; euskalduna, gorria, parekidea, parte hartzailea, askatzailea. 2009ko abenduan ikusi zuen argia, eta orduz geroztik gazteriak egunez egun, arloz arlo kalean egindako lana lau haizetara zabaltzeko lanean dihardu. Bide horretan, gazteen arteko parte hartzea sustatzeari garrantzia berezia aitortzen dio. Gazteriak sentitzen, pentsatzen eta egiten duena adierazteko atari digitala izateaz gain, gazte kolektibo zein norbanakoekin elkarlanean baliabide eta tresna eraginkor eta erabilgarriak ahalbidetuko dituen proiektu integrala eratzeko lanean dihardu egunez egun.

 

2. Bisita kopuruari erreparatuz gero pozik zaudete izandako harrerarekin? Proiektua gazteen artean ezaguna dela uste duzue?

Zenbakiei begiratuz gero, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Kontua da, ordea, oso zaila dela hartzailea webguneak eskaintzen duenarekin asetzen den edo ez jakitea. Guk uste batzuk izan ditzakegu, baina esaera zaharrak dioen bezala, sarritan usteak erdia ustel. Gazte mugimenduan erreferentzialtasun indartsua dugunaren kontziente gara; pozgarria da, baita ardura handia garen talde txikiarentzat. Hala ere, gure hartzaile esparru finkotik haratago joateko urratsak eman behar ditugu eta lanean hari gara hori lortze bidean. Anitzagoa eta parte hartzaileagoa izan behar du proiektuak, gazteriari ateak zabalik ditugula erakutsi eta ulertarazi behar diogu. Gazteok gure kontsumo eta heziketa propiorako tresna aberasgarriak sortu ditzakegula sinetsi eta horren aldeko apustua egin behar dugu. Izaera multimediarekin batera, aniztasun eta parte hartze horri begira ari gara zehazten eta diseinatzen hurrengo ikasturterako aldaketak, gazteria bera izan dadin eduki sortzaile eta hedatzaile.

3. Proiektu berri honek komunikazioari bai, baina sormenari ere begiratzen dio, zein dira lan lerroak?

Komunikazioa, sormena, harremanak, elkarbizitza, aisialdia, informazioa... guztia elkarri lotua dago azken finean. Komunikazio proiektua gara, baina Topatu hitzak berak iradokitzen duen guztia guregain hartuz. Gazteon topaleku izateko jaio zen eta hori lortzeko helburuarekin ari gara lanean, izan sormenaren bidez, iritziak elkartrukatuz, norbere inguruko ekimenen berri emanez... Topaleku hori izateko beharra arrazoi sinple baten ondorioa da: gazteon usteei, iritziei, sormen zein izaera anitzetako lan ezberdinei ez zaiela tokirik esleitzen komunikabide handietan. Horren aurrean, guk sortu behar ditugu gure tresnak, isilik geratzea azken aukera litzake. Herriz herri, eskualdez eskualde, gazteon jarduna plazatu behar dugu, garena eta borrokatzen duguna ikusarazteko tokiko tresnak sortu behar ditugu, gazteriak egunez egun, arloz arlo kalean egiten duen lana isilpean gera ez dadin. Egun, kaleko jardunaren berri emateko esparru eraginkorrena Internet dela ikusi dugu. Hala ere, Interneteko ozeano infinituan asmatu egin behar eraginkortasuna nola eta zeren bitartez lortu.

4. Orain arte landu dituzuen gai edo arloetan non nabaritzen da interes gehien, parte- hartze gehien?

Azken urteetan, tamalez, errepresioaren gaia da zeresan handiena sortzen duena. Kriminalizatuak izan gara urte luzeetan, eta horren aurkako borrokak indar handia hartu du. Hala ere, esparru ezberdinei so egiten jakin behar dugu, sarritan irudikatzen dugun errealitate beltz horretatik irteten. Okupazioaren gaiak indar handia hartu du azken hilabeteetan, Kukutza III gaztetxearen eraispenaz geroztik. Gazteak gara, orokorrean, aisialdi eredu askatzaile eta euskaldunaren alde lan egiten dugunak, euskal udalekuak kasu. Neska gazte andana ari da lotzen borroka feministara, eta gazteon jardunean islatzen da patriarkatua suntsitzeko behar hori. Topatu lan eta borroka esparru hauei eta aipatu gabe utzitako guztiei ahotsa emateko dago.


topatu-aurkezpena20120507

5. Parte-hartzeari garrantzi berezia eman diozue beti, parte-hartze horren garapena nolakoa izaten ari da igotzen, jaisten, mantendu da...?

Normala den bezala, gazte mugimenduaren osasunak baldintzatzen du Topatu bera. Ahuluneak eta momentu sasoitsuak batera igarotzen ditugu. Parte hartzea garai bakoitzak hartzen duen izaeraren menpe dagoela esan genezake. Hausnarketa gai nagusienetakoa izan dugu hau; gazteok gure iritzia emateko gogoz gaudela ikusten dugu, baina bada zerbait gogo horiek geldiarazten dituena. Sare sozialetako parte hartzea baino aldea handiagoa da, eta zerbaiten seinale da hori. Ez dugu webguneko parte hartzea sustatzeko diseinatutako tresnekin asmatu, eta hori guztia berrantolatzeko saiakeran ari gara.

6. Gazte munduan Internet, tresna komunikatiboak, blogak, sare sozialak honen guztiaren gainean hausnarketarik eman dela uste duzue, zein da zuen jarrera alor honetan?

Jarrera irekia izan behar da beti. Hausnarketa ez da tresna hauen guztien existentziaren inguruan eman behar, hauen erabilpenak dakartzan onura eta kalteen inguruan baizik. Gazte proiektu komunikatiboak argi izan du beti gazteriaren lan eremua kalea dela, jendartean eragiteko kaleak hartu behar direla, gertuko harremana landu behar dela guztiaren gainetik. Hain zuzen, kalean egiten den lan horren guztiaren bozgorailu gisa definitzen gara hein handi batean. Baina, aldi berean, komunikazio ohiturak aldatzen joan ahala hauek lantzen ere joan behar da, izan modu batean edo bestean. Gazteok kalean lortutako oihartzuna ozenagoa izaten laguntzen badute, ongi etorriak izan dadila.

7. Edozein kasutan topatu.info -ren inguruan komunitate bat dagoela dirudi. Noizbait komunitate hori tresna komunikatibo (ez hedabide) baten bidez egituratzea pentsatzen duzue?

Gazte proiektu komunikatiboak argi izan du beti ez dela hedabide bat izateko jaio, gazteriaren esku egon behar den tresna bat izateko baizik. Beste kontu bat da, egun duen itxura fisikoa medio, hedabide gisa etiketatzea. Azken batean egiten duguna bitartekaritza lana da: gazte kolektibo zein norbanako batek informazio bat publikatu nahi izanez gero, beraien hitza zuzenean plazaratzen dugu. Bitartekaritza lanaz haratago, kontziente gara tresnak sortu behar ditugula, beti presente izan dugun erronka eta eztabaidagai bat da hori. Hala ere, oinak lurrean izatea ere komeni da; proiektu honetan sinesten dugun talde txiki bat gara, gure lana borondate hutsean oinarritzen da, eta gure ahalmenak ere horren baitakoak dira. Aurrera begira, saretzen joan beharra daukagu, eta joango gara, ziur gaude. Gure atzean komunitate bat ikusi arren, eta kolektibo eta norbanako askoren babes handia izan arren, independenteki egiten dugu lan. Egun, markatutako helburuak erdiesteko, beharrezkoa dugu taldea handitzea, kide gehiagorekin kontatzea, eta komunitate eta babes hori gertukoago egitea. Hori guztia lortuz goazen heinean gorpuztuko gara, eta beharbada orduan izango da momentua Topatu.info-ren egituraz hausnarketa sakon bat bideratu eta 360 graduko aldaketa bat emateko. Momentuz, urratsak poliki- poliki emateko hautua hartu dugu.

8. Bukatzeko, demagun galduak dituzun gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenukete bertan?

Topatu nahiko genuke... bere ideiak askatasun osoz lau haizetara zabaltzeko beldurrik ez duen gazteria, euskaraz mintzo eta sentitzen duena, harreman askatzaile eta parekideez gozatzen duena, kritikoa, aktiboa, lotsagabea, alaia, gorria, morea, mila koloretakoa aldi berean, irudimentsua, normak hausten dituena, burujabea, alternatiboa, borrokalaria, ameslaria, askea. Topatu nahiko genuke sentitu, pentsatu, egin eta... adierazten duen gazteria, isilik geratzeko inongo asmorik ez duena.

Gorka Julio

2012, Maiatza 07
Arloa: Sarean