Liburu elektronikoa

Gorka Julio

Liburu elektronikoa, liburu digitalak irakurtzeko erabiltzen den gailua da. Normalean tinta elektronikoa erabiltzen duten gailuek hartzen dute izen hau. Tinta elektronikoak, paperezko liburuaren antzeko ikusgaitasuna eskaintzen du eta bateria iraupen luzea. Bateria bakarrik "orriak" pasatzean xahutzen baita.

 

Oraindik tresna garestiak badira ere, jada badira 100 euro inguruko gailu oso interesgarriak. Dudarik gabe laster irakurleen artean azkar zabalduko den tresna izango da. Pantailek ere hobekuntzak izango dituzte eta laster kolorea ere ikusiko dugu pantaila mota hauen artean.

Liburu elektroniko hauek irakurtzen dituzten formatuen artean txt, pdf, html... ohiko formatuak egon ohi dira. Baina horretaz gain, ePub formatua irakurtzeko gaitasuna izaten dute. ePub-a liburu digitalentzako espresuki sortutako formatu estandar eta irekia da. Badaude beste formatu batzuk ere, baina ez dira estandar irekiak eta normalean enpresa edo gailu konkretu bati (edo batzuri) lotuak daude. Hor kokatzen da adibidez Amazonek bere Kindle irakurgailuentzat sortutako azw formatua.

Liburu digitalak tinta elektronikoa darabilten liburu elektronikoetan irakurtzeko pentsatuak badaude ere, gailu askotan irakurtzeko aukera dago. Goazen hauetako batzuk aztertzea:

Liburu elektronikoak: tinta elektronikoa erabiltzen duten gailuak dira hauek. Ez dute atzeko argirik, beraz paperezko liburuak bezala argi naturala behar dute irakurri ahal izateko. Ez dute kolorerik, gris eskalako pantailetan oinarritzen dira. Hauetako batzuk ukipen pantailak izaten dituzte, baina beste askok ez; botoien bidezko nabigazio sinplearekin askotan nahikoa izaten da. Pisua, sarera konektatzeko aukera, prezioa... horren baitan egon ohi da bat edo beste aukeratzeko erabakia. Nook edo Kindle ezagunak hemen kokatuko genituzke.

Tablet txikiak: hauek ez dute tinta elektronikoa erabiltzen. Normalean kolorezko ukipen pantaila erresistibo (edo kapazitiboa gutxiagotan). Liburu digitalak irakurtzeko aukeraz gain, Interneten nabigatzeko ere aukera ematen dute, gauza arruntentzako behintzat. Bateria iraupena nahiko txikia izan ohi dute eta atzeko argia dutenez, irakurketa luzeak egiteko ez dira guztiz egokiak. Horrelakoak dira adibidez Nook color edo Bq enpresaren tablet asko.

Tabletak: Aurrekoen ezaugarri antzekoekin, baina prozesu gaitasun handiagoak dituztenak. Liburu digitalak irakurtzeaz gain, Interneten ibili eta ordenagailuekin egin izan ditugun ekintza asko egiteko aukera ematen duten gailu eramangarriak dira. iPad-a da adibide ezagunena.

Gailu mistoak: Badira tablet eta liburu elektronikoaren ezaugarriak batzen dituzten gailuak ere. Normalean pantaila handia tinta elektronikokoa dute eta azpian ukipen pantaila txiki bat izan ohi dute. Ukipen pantaila txiki horrek liburu elektronikoaren menuak kudeatzeko balio izateaz gain, beste hainbat aukera ere ematen ditu. Horrelakoa da adibidez Papyre 6S. Alex gailua.

Telefono adimendunak: Telefono mugikor askok, tableten adinako gaitasunak dituzte. Pantaila txikiagoak badituzte ere kasu askotan nahikoak izaten dira liburu digitalak irakurtzeko. Android sistema eragilea darabilten pantaila handiko telefono adimendunak edo iPhoneak adibide garbiak dira. Liburu digitalak irakurri eta kudeatzeko aplikazio baten beharra izaten dute. Aldiko da hori egiteko gaitasuna ematen duen aplikaziotako bat.

Gailuaren aukeraketan faktore asko daude, lehena beharra bera. Beharbada nahikoa dugu ditugun gailuetako batekin liburu digitalak irakurtzeko. Puntu hori ere kontutan hartu behar da. Gailu berri bat eskuratzea erabaki badugu, erabilera, prezioa, pisua, bateriaren iraupena izan daitezke faktore garrantzitsuenetako batzuk. Irakurlearen perfilaren arabera gomendio batzuk:

Irakurle sutsuentzako: Dudarik gabe liburu elektroniko bat da aukerarik hoberena, bateriaren iraupena eta erosotasuna garrantzitsuak izango baitira kasu honetan.

Irakurle konektatuarentzako: Irakurri bai, baina gailuarekin Interneten kontsulta moduan ibili nahi izanez gero gailu misto bat edo tablet txiki bat izan daiteke aukerarik hoberena.

Konektatutako noizbehinkako irakurlearentzat : Irakurri baino, gailua Interneten gauzak egiteko eta irakurtzeko erabiltzen baduzu tablet bat edo mugikor adimendun bat erabiltzea da gomendagarriena. Bata edo bestearen aukeraketa, pantailaren tamainaren eta idazteko gaitasunaren araberakoa izango da.

Kasu batzutan hainbat gailu izan ditzakegu. Liburu digitalak ere formatu ezberdinak izan ditzakete, baina liburu berdina gailu ezberdinetan irakurtzeko beharra sor daiteke. Kasu horietan formatuen arteko transformazioa edota egokitzapena egin behar izaten da. Batzuetan gailuek beraiek egiteko gaitasuna badute ere, badaude lan horretan lagun dezaketen programak ere.

Programa horietako bat Calibre (http://calibre-ebook.com/) da. Calibre software librea eta Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistema eragileentzako eskuragarri dago. Formatuen arteko egokitzapenak egiteaz gain, gure liburutegi digitala kudeatzeko erabili dezakegu. Bertan ditugun liburu digitalak sailkatu, gorde, kudeatu... eta gero gailu ezberdinetara kargatu erraztasun osoz eta formatu egokietan. Aukera paregabea etorkizuneko liburutegi pertsonala antolatzeko.

Gorka Julio

2012, Ekaina 08
Arloa: Sarean