Biltegiratzea hodeiean

Gorka Julio

Fitxategiak gordetzea beti izan da beharrezkoa, baina orain inoiz baino errazagoa da biltegiratze sistema berriei esker. Oso ohikoa da fitxategiak elkartrukatzea, segurtasun kopiak egin beharra, hainbat gailuetatik atzitzea... Hau dena biltagiratze sistema hauekin era automatikoan egin daiteke.

biltegiratzea hodeiean

Hodeia azken finean Interneten metafora bat da. Biltegiratze sistema hauek hodei konputazioa izena hartu duten konputazio sistema berrien parte dira. Azken hauek azpiegitura, plataformak eta aplikazioak zerbitzu bezala eskaintzen dituzte. Elektrizitatea dugun moduan orain zerbitzu hauetako batzuk kontratatu erabili ditzakegu.

Biltegiratze sistema hauek erabiltzeko normalean programa edo aplikazio bat instalatu behar izaten da gure gailuan. Horrela tresna hauek gure sistema eragilearekin integratzen dira era errazean erabiltzeko. Hortik aurrera karpeta edo diska gogor antzeko bat agertzen da gure sisteman eta bertara mugitzen diren fitxategiak automatikoki hodeiean ere sinkronizatuko dira. Beste gailu batetik edo nabigatzaile baten bidez fitxategi hauek ikusi, editatu edo partekatu daitezke orain.

Hainbat zerbitzu ezberdin daude, hauek dira batzuk:

  • Dropbox: Oso ezaguna eta arrakastatsua. Aplikazioa instalatzean Dropbox karpeta bat agertzen da sisteman. Bertan gordetzen diren fitxategika automatikoki sinkronizatzen dira. Partekatzeko aukera ezberdinak ematen ditu eta 2GB doan.
  • Windows Live Skydrive: Microsofeten zerbitzu batzuekin Mail eta Office kasu oso ondo integratzen den sistema. Doan eskaintzen dituen 25GBak asko dira, baina fitxategien tamainak mugatuak dira. Nahiko sinplea da eta besteekin alderatuz mugak ditu, baina Microsoft etxearen beste tresnekin erabateko bateragarritasuna dauka. Windows sistema ez duten beste sistema eragileetan ere erabilgarria da hala ere.
  • Ubuntu One: Ubuntu GNU/Linux sistema eragileak berezko duen zerbitzua. Sistema eragile horrekin erabateko integrazioa dauka. Karpeta zehatz bat edo batzuk sinkronizatzeko aukera emateaz gain, bertan dauden fitxategiak ere partekatzeko aukera ematen du doaneko 5GB horietan. Windows sistematan ere erabilgarri dago; bere izenak ez zaitzala beldurtu.
  • Google Drive: Googleren biltegiratze sistema berria da. Google Docs erabiltzaile bazara automatikoki Drive erabiltzera pasako zaitezke. Docs-ek eskaintzen dituen edizio, partekatze, elkarlan... aukera guztiez gain orain zure fitxategiak ere bertan sinkronizatu ditzakezu. Aplikazioa instalatu eta gero sisteman beste diska gogor bat izango bagenu bezala izango da, bertako fitxategiak gure Google Drive kontuarekin sinkronizatuko direlarik.

Aukera hoberena bakoitzaren esku dago, baina hainbat gauza izan behar ditugu kontutan:

  • Erabilpen baldintzak: Erabilpen baldintzak onargarriak diren eta bertara igotzen diren edukien lizentzia kontutan hartu behar da. Hauetako askotan enpresa hornitzaileak eduki horiek erabiltzeko aukera gordetzen du.
  • Bateragarritasuna: Jada ditugun tresna eta sistemekin nola integratzen den soluzio berria. Aldaketak suposatzen dituen, ordezkatzeak edota bateragarriak diren orain arteko lan egiteko moduekin.
  • Hedapena: Tresnak aurrera begira behar gehiago bagenitu, hauei erantzuteko aukera. Doaneko kontua erabiltzeari utzi behar diogu behar gehiago ditugulako, prezio eta eskaintza arteko egokitasuna.
  • Hornitzailearen izaera: Segurtasuna, atzigarritasuna eta etorkizunari begira iraupena ere kontutan hartu beharko dira.

Erakunde edo enpresek aldiz aipatutakoez gain beste hainbat ezaugarri hartu beharko lituzkete kontutan. Segurtasun eremuaren hedapena edota kostuen ingurukoak erabakian eragin handia izan dezakete.

Norbanako edo erakunde bat izanda ere, zure hodei propioa eduki dezakezu. Aukera eta baliabideak izanez gero badaude aukera hori ematen duten software libreko tresnak ere. Zerbitzari batean (edo batzuetan) instalatuz gero gure biltegiratze sistema propioa izan dezakegu. Owncloud da horietako bat eta dudarik gabe aukera interesgarria izan daiteke.

owncloud

Ezaugarri azterketa, gauza on eta txarrak aztertuta, bakoitzak erabakiko du horrelako sistema bat behar duen edo ez. Gomendio bat, ahal denean behintzat gorde beti kopia bat Internetik behar ez duen biltegiratze gailu batean.

Gorka Julio

2012, Uztaila 10
Arloa: Sarean