Android libreago

Android sistema eragilea asko zabaldu da gure artean. Beste mugikorrentzako sistema eragileak gainditu eta gailu mugikorren erdiak baino gehiagok sistema hau erabiltzen du. Honen arrazoiak asko izan badaitezke ere, sistema eragile libre bat izateak zerikusi handia izan du, baina zein puntutaraino da librea Android?

cyanogenmod

Android sistema eragilearen atal gehienak Googlek libre utzi zituen Apache 2.0 lizentzia bat erabiliz. Bere kernela, hau da sistema eragilearen muinak aldiz, GPLv2 lizentzia erabiltzen du; hau ere librea. Hau horrela izanda ere, badira telefonoekin normalean etortzen diren zenbait aplikazio eta baita driver ere libreak ez direnak. Google Play adibidez, aplikazioak erosteko eta jaisteko erabiltzen den programa ez da librea eta gainera Google kontu bat erabiltzera behartzen du.

Android sistema eragilearen atal gehienak libre izanik eta askatasun hori edukita, badira Android oraindik libreago izatea lortu nahi duten pertsonak. Telefonoan sistema eragileaz gain, badira oso garrantzitsuak diren aplikazio batzuk ere. Horiek guztiek egiten dute darabilgun sistema libreago izatea. Proiektu asko daude, baina bi aipatuko ditugu oraingoan Cyanogenmod eta Replicant. Biak bide ezberdinetatik Android libreago bat egin nahi dute.

Cyanogenmod

ROM honek bertsio ofizialak ez dituen zenbait ezaugarri jartzeaz gain, Googlek berez dakartzan aplikazioak aukerazko egin nahi ditu. Honek ez ditu aplikazio pribatibo horiek ekartzen nahiz eta, instalazioan gailutik kopiatu eta sistema ezarri ondoren instala daitezkeen.

Komunitate handi bat dago ROM honetan lanean eta beharbada hori da bere arrakasta handienetako bat. Eskaintzen dituen ezaugarri berezi batzuk: modu pribatuan nabigatzea, openvpn aukera, aplikazioak pantailan egindako keinuez aktibatzea, itxura moldatzeko txantiloien erabilera, bideo ediziorako aplikazio bat eta beste aplikazio berezitu batzuk dakartza.

Bere azken bertsioa orain hamargarrena da, baina gauero bertsio berriak ateratzen dituzte azken aldaketekin. Ez da guztiz librea, oraindik ere zenbait gailuetako kontrolatzaileak ere libreak ez direlako, baina izaera librea eta guztiz eguneratutako telefono bat izateko aukera bikaina da.

Replicant

replicantOrain dela oso denbora gutxi erabat librea den Android bertsio bat lortzeko proiektua ezagutarazi dute, Replicant. ROM honen nahia horixe da, pribatiboak diren elementurik ez duen sistema bat sortzea. Aipatu ditugun Googleren aplikazioei alternatibak bilatu eta kontrolatzaile libreak erabiliz lortu nahi dute.

Google Play ordez aplikazioak instalatzeko F-Droid izeneko aplikazio bat instalatu eta erabil daiteke. Honen bidez, benetan libreak diren aplikazioak bakarrik dituen aplikazio biltegi batetik aplikazioak instalatu ahal izango dituzu.

Azken bertsioa 4.0 Android bertsioaren gainean dago eraikia. Oraindik ez du komunitate handirik bere inguruan, baina jende askoren interesa piztu du eta jada erabilgarria da. Orain arte HTC Dream and Magic, Google Nexus One, Samsung Nexus S, Samsung Galaxy Nexus eta Samsung Galaxy S and Galaxy S II telefonoetan erabil daiteke, baina gehiago ere izan daitezke.

 

Oso garrantzitsua litzateke testuinguru honetan Android euskaraz izatea. Bertsio ofizialean ez bada beharbada ROM horietako bat lokalizatuz (euskarara egokituz). Hau horrela egingo bagenu errazagoa litzateke gero Googlek onartzea. Saiakera batzuk egin dira orain arte, azkena Joseba Gabilondok (@JGabiMark) eta bolondres talde batek aurrera eraman zutena. Orain saiakera berri bat egingo dute Android euskaraz lan taldean.

Android eta bere aplikazio ekosistema oso garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Hala ere, software libre izateak gure esku uzten ditu gauza asko, baina beti ere asko mugatzen gaitu sistema batera. Norbaitek aplikazio bat sortu nahi badu Android, iOS, Windows 8... ere kontutan hartu behar ditu. Denek beren aplikazio biltegi propioak eta itxiak dituzte (batzuk besteek baino gehiago) eta horiek ere oztopo izan ohi dira. Etorkizunean beste batzuk ere agertuko dira, Firefox OS izan daiteke horietako bat. Ea aukera berri hauek ere askatasuna plataforma konkretu batetik pasa behar izateko aukera ematen diguten; ikusiko dugu.

Gorka Julio

2012, Abendua 04
Arloa: Sarean