Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2008

Kontaizu

bl52.jpg

  • Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2008
  • Bertsozaletasuna zabaldutea eta bertsolarien promozinoa bideratutea helburu
  • Zazpi eskualde, 62 parte hartzaile
  • Saioetara be jende asko batu da, eskualdez eskualde

 

Maiatzean jokatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako eskualdekako finalak. Urte birik behin egiten dira eskualdekako finalak eta aurten 62 parte hartzailek kantatu dabe. Bizkaiko esparruetan bertsolaritza sustatatutea, bertsozaletasuna zabaldutea eta bertsolarien promozinoa bideratutea dira txapelketaren heburu nagusiak. Zazpi eskualdeetan banatuten da, Busturialdea, Ipar Uribe, Arratia, Bilboaldea, Durangaldea, Lea Artibai eta Ezkerraldea. Hemendik erabagi da ze 30 bertsolarik lortu daben udagoienean egingo diran kanporaketetara pasetea. Eskualde bakotxeko txapelduna zuzenean eta beste parte hartzaileak lortutako puntuazinoan arabera pasau dira. Bertsolariek egin behar izan daben beharra bardina izan da eskualde danetan. Ofizioka kantatu dabe zortziko handian eta txikian eta honen ostean, bakarkako beharran puntu bi erantzun zortziko txikian eta gai baten inguruan bertso bi osatu behar izan dabez doinu eta neurri librean. Lehen fasean puntu gehien lortu izan dabezan bi bertsolariak buruz burukora pasatu dira, ofizioka hamarreko txikian eta kartzelako lanean gai beraren inguruan bhiru bertso egiteko. Busturialdeko finala Gautegiz Artegan jokatu zan aretoan jendea sartu ezinik geratu zala. Xabier Enbeitak jantzi eban txapela Jon Enbeitaren eskutik. Bigarren Iker Belaustegi geratu zan baina aipatu beharra dago Busturialdean lagun artean herriko Bertso Eskolan hasi diranak txapelketan parte hartzeko saltoa emon dabela eta horretarako be lehio bat zabalduten dauala txapelketak, aurpegi barriak ikusi eta entzuteko. Ipar Uriben izan zan bigarren zita. Bi neska gazte pasatu ziran buruz burukora. Arrate Illarok lortu eban txapela eta Jone Uria izan zan bigarren. Hemen be, Algortako Bertso Eskolearen beharra nabarmendu behar da. Hogei parte hartzailetik gora egon dira eta horrek finalerako sailkatutea gatx ipini eban. Horrez gainera esan, finalean kantatu eben sei bertsolarietatik, bost neskak izan zirela. Horrek argi ixten dau belaunaldi barriak gogotsu eta sendo datozala, Bertso Eskolen eta irakaskuntza arautuan egin dan lanaren fruitu diranak. Arratian, areto barri eta dotorean 140 lagun batu ziren domeka euritsuan. Eñaut Intxaurraga zeanistarrak jantzi eban txapela hirugarrenez eta Iñaki Iturriotz geratu zan bigarren. Saio orekatua izan zan, goi mailako bertsoaldirik bakoa baina bertso onez josia. Lagun arteko giroan hasi zana, modu berean amaitu zan. Txapeldunak kantukideei eskaini eutsien azken agurra eta txapeldunordeak bailarako bertsozaleentzat eta Bertso Eskoleantzat esker onak agertu ebazan. Bilboaldean be giro polita sortu zan. Oihana Bartrak irabazi eban baina bigarren sailkatu zan Mikel Galarzari be zor jako meriturik. Urte askoko beharraren eta orduen emoitza agertu eban Galarzak mikrofono aurrean kantari agertu zanean. Santutxuko Bertso Eskolako kide dan Joserra Bilbaok jantzi eutson txapela txapeldunari. Garain otea loran ez eze, bertsoak be loran dauzela erakutsi eben Durangaldeko bertsolariek. Herriko frontoia zalez ganezka egoala, Gorka Lazkano eta Miren Amurizak jokatu eben buruz burukoa. Saio polita, umoretsua eta alaia izan zan sei bertsolariek eskaini ebena eta lortutako puntuetan be igarri zan hori. Puntu gitxiren barruan egon ziren sei bertsolariak.

PUNTUKA

BERTSO UDALEKUAK 2008 Udako beroa eta bertsoen epela batuten diran lekua dala esan geinke bertso udalekuak. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urtero antolatuten dauz ume eta gazteentzat bertso udalekuak. Ondo pasatzeko modua da, lagun barriak egiteko aukerea eskaintzen dauana, bertsolariak zuzenean entzun eta ezagutzeko eta ekintza desberdinetan parte hartzeko modua emoten dauana. Aubixa, Zuhatza edo Eulate dira beste batzuen artean aurten egonaldia egiteko aukeratu diran herriak. Beraz, gaztea bazara eta bertsoak gustuko badozuz badakizu zer egin, apuntatu ahalik eta arinen.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Kontaizu

2008, Ekaina 01
Arloa: Bertsoleku