Musika SOS

Kontaizu

2003, Azaroa 01
Arloa: Barri music

a2mus1.jpg


Itxi begiak. Bost minutuz, saia zaitez musikarik gabeko mundua imajinatzen. Ezinezkoa zaizu, ezta? Edonora zoazela ere, dela tabernara, dela trenera, dela auzoko dendara, beti egongo da giroa alaituko duen doinurik. Musika hain dago erroturik geure gizartean, ezen zaila baitzaigu erabateko isiltasunean murgildurik dagoen espaziorik irudikatzea. Mendia eta basamortua aipa ditzake baten batek, eta bai, arrazoia eman beharko genioke. Baina ziur gaude norbaitek halako tokiren batera joateko asmoa edukiko balu, berehala sartuko lukeela zorroan konpainia ederra egingo liokeen diskoren bat. Konpainia. Horixe izan da urteetan, mendeetan musikak izan duen funtziorik garrantzitsuena. Bakardadeari aurre egitea. Norbera ondo sentiaraztea. Geure aitita-amamen sasoian, binilozko diskoak eta haiek entzuteko aparailua harribitxiak bailiran zaintzen zituzten. Teknologiaren aurrerapenei esker, geure gurasoek cassette-en bidez beren idoloen (orduantxe zabaldu zen fan fenomenoa) doinuak modu merke eta erabilgarriagoan jarraitu ahal izan zituzten. Guri, berriz, CD ezagutzea egokitu zaigu, musika entzuteko punta-puntako sistema bai kalitate aldetik bai erabilgarritasunari dagokionez. Zaila izango zaio industriari hura baino euskarri hoberik ateratzea, eta horregatik, hain zuzen, oraingoz ezinezkoa zaio musikagintzaren etsai nagusiari konponbidea bilatzea: pirateriari, alegia.

Alarma gorria disketxeetan

Azken urteetako krisirik larriena igarotzen ari dira mundu osoko disketxeak. Pirateriaren fenomenoa zabaldu zenetik, salmentek behera egin dute nabarmen, eta artista askok komunikabideetara jo dute beren eskubideak defendatzeko. Interneteko aferak (saretik musika dohainik jeistea) zalaparta handia sortu zuen, eta erabaki judizialen bitartez arau batzuk ezarri zituzten. Baina pirateriak hamaika aurpegi ditu, eta internetekoa horietatik bat besterik ez da. Grabagailu baten bitartez, etxean egiten diren kopiak, top manta bezala ezagutzen den kale salmenta… Gaur egun, edonon aurki daitezke pirateaturiko lanak. Hasiera batean, pirateriak multinazional handiei bakarrik eragingo ziela uste zen, salmenta handiko diskoak baitzituen jomugan. Baina berehala ikusi da pirateriak ez duela txiki eta handien artean inolako bereziketarik egiten. Azken urratsa, erabat koordinaturik dauden tokian tokiko sareak eratzea izan da. “Pirateria dezentralizatu egin dela esan daiteke”, azaldu digu Anjel Valdes Elkarlanean disketxeko arduradunak. “Horren atzean daudenek argi utzi dute marketinaz asko dakitela. Izan ere, salmenta handiko lanen kopiekin hasi ziren, baina denborarekin ohartu dira lurralde bakoitzak bere artista ezagunak dituela, eta, nahiz eta mundu mailan garrantzitsuak ez izan, eremu horretan, behintzat, badute zer esanik. Euskal Herrian, adibidez, dagoeneko hemengo artisten lanak aurki ditzakezu postu horietan. Eta Sevillara bazoaz flamenko eskaintza ikaragarria dago, hemen hainbeste ikusten ez dena”. Pirateriak eragiten dituen kalteak ez dira edonolakoak. Hainbat denda txikik ateak itxi behar izan dituzte irauteko adina lortzen ez zutelako. “Azken finean, kontuan izan behar dugu Euskal Herriko dendak ez direla hemengo artisten salmentatik bizi. Salmenta handiko diskoekin ateratzen dira aurrera, eta, paradoxikoki, disko horiei esker geure produktuak denda txikietan sartzeko aukera geneukan”. Orain, merkatal gune handietan lehiatzea besterik ez zaie geratzen. “Eta ez pentsa haietara ailegatzea erraza denik! Gune horietan salmenta handiak dituzten lanak bakarrik sartzen dira. Nolabait, melomania, diskoari ematen zaion balio afektiboa, desagertu egiten da. Lehen hamarren artean ez bazaude, hortxe amaitzen da diskoaren ibilbidea”. Valdesen ustez, borroka geroz eta gordinagoa da, eta aurrera egiteko bidea geroz eta estuagoa. “Euskal Herrian, disketxe independenteon borroka nagusia hamar salduenen artean egotea da. Udazkenean, Durangoko azokaren harira, bederatzi produktu aterako ditu Elkarlaneanek, eta gainerako disketxeak horren bueltan ibiliko dira. Guztira, bataz beste, 50-60 disko berri kaleratuko dira. Bada hamarrek bakarrik egingo dute aurrera, eta horietatik batzuk, gainera, kanpoan ekoitziak izango dira. Hau da, Kepa Junkeraren diskoa salduenen artean egongo da, baina diskoa Madrilen eginda dago. Horrek esan nahi du gure presentzia geroz eta txikiagoa dela”.a2mus5.jpg

 

Balio kulturalaren gainbehera

Etekin ekonomikoak ematen dituen heinean, argi dago pirateriak gurean jarraituko duela. Baina zergatik erortzen gara haren jokuan? Zergatik erosten ditugu kopia horiek? Merkeagoak izateak justifikatzen du dena? Iazko Durangoko azokan, pirateriari buruz antolatu zuten mahai-inguru batean, Gontzal Mendibil kantariak aitortu zuen behin kopia pirata batzuk erosi zituela. Eta asko dira tentaldi horri eutsi ezin izan diotenak. Valdesen hitzetan, horren atzean bada arrazoi sakon bat. “Ez dakit oso ondo horixe izan den pirateriaren iturburua, edo haren ondorioz gertatu den. Edozein modutara, nahiko agerikoa da musika beste modu batera kontsumitzen dela. Hau da, lehen zeukan balio sentimentala galduz joan da. Disketxetakook nostalgiaz begiratzen diegu lehengo garaiei. Agian horregatik bai multinazionalek bai disketxe independenteok geure katalogo fondoa birpasatzeari ekin diogu, eta aspaldiko taldeen diskoak bildumetan kaleratzen hasi gara. Ea modu horretan, behintzat, salmentak hobetzea lortzen dugun”. Balio sentimental horren galera nabarmenagoa da euskaraz egiten den musikaren inguruan. “Salmenten jeitsiera handiagoa izan da, dudarik gabe. Horrek esan nahi du Euskal Herrian egiten diren produktuen desbalorizazio kulturala gertatu dela. Analisia oso luzea izan daiteke. Batzuen ustez, kalitatea da gertatutakoaren erantzule. Baina denok dakigu zer gertatzen ari den hizkuntzarekin, nola arlo batzuetatik erasoak eta giroa nahasteko saioak besterik ez ditugun jasotzen. Gu David gara eta aurrean Goliat daukagu, baina borroka hau ez dut uste harri jaurtitzaile sinple batekin konponduko denik”. Nola oztopatu daiteke pirateria? Kopia antipiratak egin daitezke? Alejandro Sanzen azkeneko diskoa, adibidez, kopiatua ez izateko mekanismo berezi batekin grabatu dute. Baina berehala ohartu dira bide horrek ez duela funtzionatzen, diskoaren soinu kalitatea jeisten duelako. Egoera larria dela ikusita, dagoeneko Estatu Batuetan pirateriari aurre egiteko moduak ikertzen hasi dira. Ohiturak aldatu egin direla jakitun, lehen proposamena disko osoak saldu beharrean sarearen bidez kantu solteak eskaintzea izan da. Orain arte, behintzat, bide horrek emaitza onak eman ditu, baina ikusteko dago neurri iraunkorra izango ote den. Disketxe independente txikiek multinazionalek emandako urratsak adi-adi jarraitzea beste aukerarik ez dute. Enpresa txikiak izanik (baliabide teknologiko eta pertsonal gutxirekin) ez daukate ikerketan eta garapenean inbertitzeko adina dirurik. “Guk ezin ditugu merkatuaren legeak aldatu; daukagun indarrarekin ezinezkoa litzateke”, esan du Elkarlaneaneko disketxe arduradunak. “Historikoki, disketxe independenteoak multinazionalen sistema jarraitu dugu. Azken finean, haiek markatzen dute merkatuaren egitura, eta hortik abaitu behar gara denak”. “Nire ustez, etorkizunean CD formatoak iraun egingo du. Hau baino formato hoberik ez dago; bere akats bakarra pirateatu daitekeela da. Horregatik, ikusi beharko dugu banakako kantuen salmentak zer emaitzak ematen dituen. Beharbada horixe izan daiteke salmentak hobetzeko bide posible bat. Zeren argi eduki behar dugu pirateria ez dela desagertuko. Interneteko deskargak, etxean egindako kopiak, kale saltzaileak… Hortxe izango ditugu, betiko”.

Mafiak errudun

Normalean, kalean saltzen ibiltzen direnak bihurtzen ditugu pirateriaren erantzule. Baina Valdesentzat hori ere ez da zuzena. “Jende hori Hegoaldetik Iparraldera etorri zen biziraupen kontu hutsagatik. Beren ogiagatik borrokatu behar dute, guk geureagatik borrokatzen dugun bezala. Haien atzean dauden mafiak, jarduera honekin sekulako etekinak lortzen dituena, hori bai dela zigortu beharrekoa. Gobernuak mafia horien buruak harrapatzeko neurriak hartu beharko lituzke. Kontua zera da: nola inmigrazioaren arazoa hain handia den, agintariek nahiago dute jende hori pirateria bezalako delitu zurietan ibiltzea, lapurretan edo droga saltzen ibiltzea baino. Orduan ez dute inolako erresistentziarik jartzen, eta ez dira ohartzen zenbateko mina eragiten dioten kulturari”. “Egoera hau ez zait bidezkoa iruditzen. Kotxeak ezin dira pirateatu, baina diskoak bai. Badirudi aukeratu genuen lanbidea ez dela aspaldi uste genuen bezain segurua. Pirateriaren ondorioz, musikatik bizi zen jende on asko beste gauza batzuetara dedikatzen hasi dira. Artistak, estudioak, diseinatzaileak… Dena jarri du kolokan. Eta hau ez da arazo industriala bakarrik; soziala ere bada. Dudarik ez daukat kulturalki ere galera handiak ekarriko dituela”. Azkenaldian, irautea da disketxeen erronka nagusia. Multinazionalek egindako akatsen ordaina hauxe dela uste du Valdesek. “Hainbeste gezurrezko produktu kaleratu dituzten azken urteetan ezen normala dela jendeak musikaren sinesgarritasuna galdu izana. Hainbeste Operación triunfo, Spice girlseta delakoekin jendearentzat musika tontakeria bihurtu da. Horrela pentsatzea kultura falta handia iruditzen zait. Jendeak jakin beharko luke historikoki musikari, abeslari zein sortzaile handiak egon direla, eta ekarpen izugarriak egin diotela gizarteari. Ezezagutza handia dago musikaren inguruan. Elkarbizitzarako duen ahalmena ez dute inon erakusten. Musika onak, literatura onak bezala, bizitzaren lazturak bigundu egiten ditu. Ez genuke inoiz hori ahaztu behar”.