Santurtzitik Euskal Herrira

Estibalitz Ezkerra

bm04a.jpg


bm04b.jpg

Zuri-beltzezko argazkiak garai zoriontsuagoen errealitate pusketak iruditu zaizkit beti. Koloreagatik izango da agian, edo dagoeneko existitzen ez diren parajeak ikusteak eragiten duen nostalgiagatik beharbada. Dena den, halako erretratuetan agertzen diren pertsonen irribarreak zintzoagoak iruditzen zaizkit, sanoagoak nonbait. Esku artean dudan sardina saltzailearena bezala, esate baterako. XX. mende erdialdean atera zuten argazkia, Santurtzin. Uda izan behar zuen, uda sargoritsua gainera, emakumearen jantziek salatzen dutenez. Arrainez beterik darama buru gaineko otzara, arrantzaleak porturatu berri diren seinale. Argazkia egin zutenetik hona berrogeita hamar urte igaro diren arren, une honetan bertan gertatzen ariko balitz bezala senti dezaket eszena. Inguruan, kaioak. Santurtzi, 1983. Garabien kirrinken artean apenas entzun daitezke kaioen hotsak. Argazki bildumetan, geroz eta urriagoak dira zuri-beltzezko erretratuak. Kolore biziko argazkiek hartu dute haien lekua. Baina inguruan gertatu diren aldaketen ondoan, hori anekdota bat besterik ez da. Irratia piztu, eta lehen doinuak aditzean zur eta lur geratu gara. Rock doinuak euskaraz. Jakina. Santurtzi, 1983. Zaramaren Nahiko izan behar du horrek.

Hastapenak

Nahiko abestiaren bidez eman zen ezagutzera Zarama. Izenetik hasita, probokatiboak. “Lehenengo urtean “s”-z idatzi genuen izena. Banketxe batek oparitzen zuen hiztegi batean bilatu genuen, eta argi dago nahiko eztabaidagarria zela bertan jartzen zuena. Gure inguruarekin zerikusia zeukan izena nahi genuen, eta, gainera, polita izan behar zuen. Zarama egokia iruditu zitzaigun”, azaldu du Roberto Moso taldeko abeslariak. Harekin batera Txus Alonso (gitarrak), Tontxu Tabares (gitarra eta ahotsa), Ernesto Alaba (bateria), Jose Luis de la Fuente (teklatuak) eta Alfonso Herrero (baxua) aritu ziren Zaraman. Itziarren antolatu zuten musika lehiaketa batean bigarren geratu ziren, eta sari gisa lehen postuan sailkaturikoek zein bigarren geratutakoei bilduma batean abestia grabatzeko aukera eman zieten. Berehala kantu hura irratietan ematen hasiko ziren, taldekoei ekitaldietan parte hartzeko eskaintzak egingo zizkieten, disko bat grabatzeko proposatuko zieten… Baina itzul gaitezen abiapuntura. 1983. urtea zen, eta ordu arte pentsaezina zena egiten ausartu ziren: euskara eta rocka uztartzen. Ezkerraldeko talde bat zer eta euskaraz abesten. Erokeria galanta irudituko zitzaien hainbati. “Gaur egun Santurtzira bazoaz, ez litzaizuke arraro egingo zenbait berba euskaraz entzutea. Baina garai hartan ia-ia ezinezkoa zen”. Haiek ere ez zuten euskaraz hitz egiten, pixkanaka joango ziren hizkuntza ikasten. “Horregatik, ezinezkoa zirudien ezkerraldean euskaraz abesten zuen talderik sortzea. Bestetik, sinesgarritasunaren arazoa zegoen. Hau da, kontrakoa frogatuta ere taldeak zer harrera eduki zezakeen”. “Dena den, gaur egungoarekin konparatuta, orduko giroa askoz egokiagoa zen euskaraz aritzeko. Nahiz eta euskaldun gehiegi ez egon, oso jarrera ona zegoen hizkuntzarekiko. Nire inguruko jendearen artean, behintzat, hala zen. Herrian, pintada guztiak euskaraz egiten ziren. Urko, Benito Lertxundi, Oskorri eta garai hartako euskal musikarien jaialdiak jendez gainezka egoten ziren. Gaur egun, euskaldun gehiago egon arren, ez zait iruditzen orduko motibazio bera dagoenik. Ez nago hain ziur”. Rockarenak ere eman zuen zer esanik. “Gaur egun nahiko onarturik dago, baina orduan euskal giroan gutxiengo bat ginen euskal rocka defendatzen genuenak. Egin egunkarian sekulako eztabaida piztu zen, batzuek rocka ez baitzuten euskal musika kontsideratzen. Haientzat rocka inperialismoari loturik zegoen”. bm04c.jpg

 

Sei disko, hamabi urte

Aurre iritziak aurre iritzi, Zaramak bere bidea egitea lortuko zuen. Sei disko hamabi urteko epean, euskaraz rocka egin zitekeela frogatzeko nahikoa eta sobera. 1984, Indarrez. Estreinaldi indartsua. “Hobeto egingo genuela uste genuen. Aurre ikuspen handiak genituen, baina gero erdi bidean geratu ginen. Baina gaur egun, hainbeste urte pasa eta gero, bilduma dela-eta diskoa berriz entzun eta ezusteko handia eraman dut. Izugarri gustatu zait”. 1985, Gaua apurtu arte. Bidea egiten. “Bere garaian aurrera pausu bat zela pentsatu genuen, baina orain ez nuke halakorik esango. Oso abesti onak ditu, haien artean Zaramak bere ibilbide osoan egin zuen kanturik biribilena: Bidea eratzen. Norbait eta Biharamuna ere azpimarratuko nituzke. Baina lana berez nahiko irregularra da. Zenbait kantu ez ditut jasaten, diskoa jartzen dudanean saltatu behar ditut”. 1987, Dena ongi dabil. Gauzak hoberantz zihoazen seinale. “Egin genituen disko guztietatik bat aukeratzeko esango balidate, Dena ongi dabil-ekin geratuko nintzateke. Orekatua da, hasierako indarra antzeman daiteke oraindik, baina, aldi berean, hobeto jotzen dugu. Bueno, hobeto jotzen dugu, baina ez bikaina ateratzeko moduan. Dena den, esaten dutenez txarra izan zaitezke gutxi dakizulako jotzen, ala gehiegi dakizulako”. 1989, Bostak bat. Esperientzia ez hain baikorra. “Talde barruan iritzi ezberdinak ditugu. Niretzat disko horrekin huts egin genuen. Nolabait, geure ibilbidea laburbildu nahi genuen. Ez genuen aurrekoak bezala abestiz osaturiko disko bat egin nahi, baizik eta gai baten inguruan LP oso bat osatzea zen helburua. Hasiera batean, soldaduskaren inguruan egitea pentsatu genuen, baina gehiegi zela ohartu ginen. Azkenean, soldaduskari kantu bakarra eskaini genion, eta diskoa bera istorio futurista bat kontatzeko erabili genuen. Emaitza kaskarra atera zen. Lan horretatik Bostak bat eta Dominus bobiskum bakarrik aipatuko nituzke bakarrik”.bm04d.jpg

1991, Sexkalextrik. Iñakiren istorioa irrati guztietan. “Hortxe dago gure abestirik ezagunena, Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun. Oroitzapen onak ekartzen dizkit. Zenbait abesti gustatzen zaizkit, beste batzuk ez hainbeste. Gure LPrik ezagunena dela esango nuke”. 1994, Binilo Bala. Azkena. “Tontxu gitarristak ekoitzi zuen, eta nabaritzen da. Oso lan heavya atera zitzaigun, AC/DC eta Deep Purple-n ildotik. Ondo dago. Denok geneukan halako zerbait egiteko gogoa, eta, azkenean, egin genuen”. 1995eko uztailean agurtuko zen Zarama, non eta jaioterrian. Urte hartan Santurtziko egokitu zitzaion Ibilaldia antolatzea, eta . Ez zen bat-batean harturiko erabakia izan. Hilabete batzuetatik ideia hori buruan bueltaka zeukan Robertok. Eta Hertzainak taldeak beren erretiroaren berri eman zuenean, erabakiaren inguruan izan zitzakeen zalantzak erabat ezabatu zitzaizkion. “Nolabait pizgarririk gabe geratu ginen. Haiekin geneukan lehia hori oso garrantzitsua zen guretzat. Bazeuden beste pizgarri batzuk, jakina, baina Hertzainak desagertu zenean bertigo antzekoa sentitu genuen. Zerbaitek esaten zigun ‘txo! Bada gauzak planteatzeko garaia’”. “Hamabi urte generamatzan agertokietan. Nahikoa, ezta? Oso talde gutxik irauten dute hainbeste. Rolling Stones-ek hortxe jarraitzen dute, baina horrelako kasuak ez dira ohikoak. Euskal Herrian bertan, gure garaikoen artean La Polla Records eta Barricada dira gehien iraun dutenak. Ez ginen profesionalak. Profesionala bazara birritan pentsatzen duzu kontua, adin batetik aurrera lana topatzea zaila izaten baita. Baina aukera baduzu (eta guk bageneukan) gomendagarria da desagertzea beranduegi izan baino lehen. Nire ustez, une horretan mugan geunden”. Badira urte batzuk igaro ostean agertokietara itzultzea erabakitzen duten taldeak. Zaramakoek pentsatu dute inoiz horrelakorik? “Pentsatu bai, eta azken boladan behin baino gehiagotan eskatu digute bueltatzeko. Baina zorionez ala zoritxarrez (nik neuk ez daukat batere argi), gure kasuan ez da kontu erraza. Gitarra jolea Sevillan bizi da, baxu jolea Bartzelonan. Urtean behin afari bat egiteko geratzen gara, eta eguna aprobetxatzen dugu pixka bat jotzeko. Baina zuzenean jotzearena, gaur egun, guztiz ezinezkoa da”. Alabaina, taldearen musika eta historia ez da desagertuko. Iragan Durangoko azokan, Elkarrek Zaramaren lan guztien bilduma aurkeztu zuen, eta Robertok, berriz, urte haietako testigantza jasotzen duen Flores en la basura liburua. “Aspalditik neukan liburua egiteko gogoa. Iaz idatzita nuena Interneten sartu nuen (www.), eta handik gutxira paperean argitaratzeko aukera eskaini zidaten. Eta justu une horretan Elkar diskoetxekoek Zaramaren zein Errobiren diskografiekin bilduma bana kaleratzea erabaki zuten. Ez didazu sinetsiko, baina kasualitate hutsa izan da”. Eta anekdotak, garai haietako memento onak, hortxe geratuko dira, betiko. Gaur egun, Robertok nahikoa du orduko hainbat pasarterekin gogoratzea umore onez jartzeko. “Denborarekin gauza txarrak ahaztu egiten dituzu, eta onekin bakarrik gogoratzen zara. Joera hori daukagu. Zenbait talderi horixe gertatu zaie berriro elkartzea erabaki dutenean. Baina orduan ahazturik zituzten hainbat kontu azaltzen hasten dira, eta tira… Oroitzapenak errealitatea baino ederragoak izaten dira”.

Estibalitz Ezkerra

2004, Otsaila 01