Bilbo hiria pop rock lehiaketa

Kontaizu

bm28_1.jpg


Bilboko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailak antolaturik Bilbo Hiria pop-rock lehiaketa martxan jarri da berriro. 17. edizio igaro ondoren, Euskal Herrian zein estatu osoan musika lehiaketarik ospetsuena bihurtu da eta orain europar talde gazteentzako erreferentzia izateko asmoa du. Partehartzea europar taldeei zabaldurik dago eta 3 musika mota daude: “Pop-Rock”, “Metal” eta “Joera Berriak”. Sarien arloan ez dauka antzekorik: 34.000 euro eskudirutan, 2 diskoren grabaketa, musika tresnak eta nazioarteko zenbait jaialditan elkartrukeen bidez kontzertuak eskaintzeko aukera. Lehiaketa martxan da eta asteazken eta ostegunetan, iluntzeko 8etatik aurrera doako sarrerarekin hiru talde ikusteko aukera izango da hemendik eta ekain arte BilboRock aretoan. Lehiaketa honi esker hainbat talde bihurtu dira ospetsu, besteak beste, Su Ta Gar, Pilt, Atom Rhumba edota Australian Blonde.

Parte hartzeko oinarriak

"Bilbo Hiria" Pop-Rock lehiaketak hiru musika-alor biltzen ditu: pop-rocka, metala eta mugimendu berriak, horien aldaera guztiak barne. Gehienez disko bat argitaratuta duen eta lehiaketaren aurreko edizioetan saririk jaso ez duen edozein taldek parte har dezake.bm28_2.jpg

Horretarako, talde guztiek urte bakoitzeko abenduak 31 baino lehen gutxienez jatorrizko hiru abesti biltzen dituen maketa bat, binilo disko bat edo CD bat bidali beharko dute; horrez gain, taldearen historia laburra, helbidea eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa (edukiz gero) bidali beharko dira ondorengo helbidera: Bilboko Udala -Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Saila- ("Bilbo Hiria" Pop Rock lehiaketa), Ernesto Erkoreka plaza z/g. 48007 Bilbao (Bizkaia) Lanak jasotzeko epea amaitu ondoren, epaimahaiek (musika-modalitate bakoitzeko bana), guztira, 46 talde aukeratuko dituzte (pop-eko 25, metaleko 12 eta mugimendu berrietako beste bederatzi); horiek guztiak lehiaketako bigarren fasera igaroko dira zuzenean. Urte bakoitzeko martxoa eta maiatza bitartean, aukeratutako taldeek BilboRock-La Merced aretoan joko dute zuzenean eta metala eta pop-rock modalitateetako hiru talderik onenek amaierako kontzertuetan parte hartuko dute, ekainean. Sailkapeneko fasean, epaimahaiak, gehienez, aurreko fasea gainditu ez duten Bizkaiko 12 talderi egingo dio gonbidapena kontzertua eskaintzeko: popeko zortziri eta metaleko lau talderi. Aurreko aldietan bezalaxe, "Bilbo Hiria" Pop-Rock Lehiaketako antolaketak bilduma CD bat argitaratuko du; CD horrek sustapeneko izaera izango du eta komunikabideetarako bakarrik izango da. CDak talde partehartzaile bakoitzeko abesti bat bilduko du. Horrez gain, aukeratutako taldeen kontzertuak bideoan grabatuko dituzte ondoren lehiaketako web gunean edo antolatzaileek baimendutako beste edozein euskarritan igortzeko. Informazio gehiago:Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa

bm28_3.jpg

 

GOR DISKETXEA. 15 URTE EUSKAL HERRIAN MUSIKA SUSTATZEN

Aurten hamabost urte beteko dira Gor diskoetxea sortu zenetik. Urtemugak ospakizun berezi bat behar duelakoan jai handi bat antolatu dute. Apirilaren 8an izango da, larunbatarekin, Iruñeko Artsaia aretoan. Gaueko 10:00etan hasiko da, eta 02:30ean bukatu. Sarrera dohain izango da, eta bertan ariko diren taldeek musu-truk joko dute.

“Gure taldeek gogoz hartu dute jotzeko luzatu diegun gonbitea, eta honi esker emanaldian parte hartuko dutenen zerrenda luzea da. Jaiaren iraupena mugatzeko, beraz, talde bakoitzak eskainiko duen tartea oso laburra izanen da, hamar-hamabi minutu ingurukoa”.

Aipatu ere, emankizunen tarteetan hainbat bideo izango direla ikusgai, berriak zein iraganeko harri bitxiak. Taldeen zerrenda honetaz gain, sorpresa atsegin bat baino gehiago ere izango da jaian. Honakoak dira ariko diren taldeak: - Sök (Iruñea) - Ezinean (Azpeitia) - Stupenda Jones (Sakana) - Leihotikan (Iruñea) - Brigada Criminal (Lazkao) - Kerobia (Iruñea) - Chicarela (Lizarra) - Lendakaris Muertos (Iruñea) - Skunk (Hendaia) Gor diskoetxea aitzindaria dugu Euskal Herrian. Mariño eta Antonio Goñi anaiek zuzendua eta eskarmentu handia daukatenak euskal diskogintzan. Hamabost urte hauetan diskogintza erabat eraldatu da. Gor nafarrek euren katalogoan Euskal Herriko rock musikan esanguratsuak izan diren hainbat talderen diskoak plazaratu dituzte. Kasuan kasu, La Polla, Berri Txarrak, 7 Eskale, Su Ta Gar, Skalariak, Marea, Urtz, Koma edota Ken 7 talde gernikarraren azken diskoak. Honetaz gain beti izan dute talde gazte eta berriei diskoak plazaratzeko begi ona, punk doinuak, folka musika zein rock’n’rolla izan. Informazio gehiago: Bilbo Gor

 

Kontaizu

2006, Apirila 01