ZURA, euskaraz eginiko bossa nova.

Gotzon Uribe

Ez ohikoa den gauza da euskaraz abesturiko bossa nova doinuak entzutea. Brasilen sorturiko musika gustokoa dugunok, badaukagu orain berau euskaraz entzuteko aukera. Bidasoaldekoa den ZURA taldeak bere bigarrengo lana “Kiribil” diskoa aurkeztu digu, non bossa nova doinuak funk, jazz eta soul ikutuekin nahasten diren. Patxadaz entzuteko diskoa da honakoa, abesti ederrez betea.

Hondarribiko Dut taldean aritutako Xabi Strubell-en talde berria da ZURA, non gitarra jo eta abestu egiten duen; berarekin Nerea Olaxa kantaria eta Diego Garcia bateria jolea daude. Zuzeneko emanaldietan Kashbad taldeko gitarra jolea izandako Gorka Sesma eta Hans baxu jolea gehitzen zaizkie.

Diskoaren testuinguruari eta hitzei dagokienez, bertan maitasuna, itxaropena eta sentimendu goxoak biltzen dira. Hitzak Xabi Strubellenak dira eta Joseba Sarrioinandiaren portugesezko poema bat ere azaltzen da, “Propostas para o definiçao do exilio”.

Kolaboratzaile ezberdinak ere izan dituzte diskoa osatzeko, kasuan kasu, Ken Zazpi taldeko kantaria Eñaut Elorrieta , Gose taldeko Ines eta Anari eta Sorkun Rubio kantariak.

Iturri ezberdinetatik edaten duen bossa nova doinu berritzaileak aurkitzen ditugun disko hau, borobila bezain gomendagarria da, euskal musikarentzako haize freskoa dakarten abestiak.

Gotzon Uribe

2009, Urtarrila 07