FOUR FRIENDS bilbotarren lan berria

Gotzon Uribe

music_09_03_01

"Haruntzago" (Hotsak, 2009) Friendstarren hirugarren diskoa dugu. Orain arte bezala, kontroletan José Lastra izan da eta, Natxo Libertyren laguntzarekin, Lamiña estudioetan (Mungian) grabatu eta ekoiztu dute emaitzaren kalitatea bermatzeko. Four Friends taldearen lan berriak betidaniko ezaugarri batzuk izaten jarraitzen du, besteak beste: oinarri erritmiko sendo eta moldagarriaren gainean eratutako gitarra jokoak, garai guztietako jazz, blues eta souletik datozen eragin estilistikoak edota ekoizpenean hartutako errejistroek duten freskotasun eta hurbiltasuna.

Aurreko diskoetan legez, musikari handiei luzatu diete gonbitea eta oraingo honetan jazzaren nabardurak areagotzeko Gorka Benitez saxojole paregabearen ekarpena dago (Bartzelonan bizi den taldearen lagun zaharra da). Era berean, eta bluesaren izpiak azpimarratzeko, Carlos Jover armonika jolearen laguntza ere izan dute.

13 abestiz osaturiko diskoa dugu honakoa, tartean bertsio bat ere azaltzen delarik. Jazz eta doinu arinak jorratuz, disko honetan pop musikak ere badu bere txokoa. Diskoan agertzen diren testuei dagokienez Juanra Madariaga idazle bizkaitarrak osatu ditu gehienak.

Soul fina, pop-rock doinu alaiak, bossa nova, swing musika, rythm & blues estiloa edota folk ikutuko abestiak batzen dira lan berri honetan. Udaberriko egun eguzkitsuetan propio entzuteko lan ederra burutu dute bilbotarrek.

Gotzon Uribe

2009, Martxoa 24