Sagarroi taldearen "Haikua"

Gotzon Uribe

Sagarroi taldeak "Haikua" disko berria plazaratuko du apirilean. Lan berria prestatu dute Sagarroi taldeko kideek eta apirilerako kalean izango da. "Haikua" izeneko diskoa Kaki Arkarazorekin grabatu dute Andoaingo Garate estudioan, eta taldeak berak ekoitziko du bere ibilbideko bosgarren disko hau.

Abesti guztien hitzak haikuak dira; japoniar tradizioko molde poetiko honetan eraiki dituzte disko honetako abestien hitzak Karmele Jaiok eta Iñigo Muguruzak. Musika aldetik ere kutsu akustikoa duten abestiak dira guztiak.

Orain arteko Sagarroiren ibilbidean disko ezberdina dela esan daiteke, taldearen beste aurpegi musikal bat erakusten diguna. Soinu eta erritmo berriekin jolas egiten dute lan berri honetan.

2001. urtean sortu zenetik ibilbide oparoa izan du Sagarroi taldeak. Bost disko, Antzerkiola Imaginario eta "PCs de Colores"-ekin batera antzerki musikatu bat (Ezekiel) eta Euskal Herria, Katalunia, Estatu Espainiarra naiz atzerrian (Serbia, Kroazia, Kuba, Italia, Alemania, Suitza, Japonia eta Errusia) hainbat bira egin dituzte. Berriki, auto-produkzioaren bideari ekinez zigilu propioa sortu dute.

Munduan zehar hainbat herrialdeetan kontzertuak ematen dituen taldea da Sagarroi. 2006an "Sagarroi Japan Tour" birarekin Japoniako entzulegoaren aurrean aurkeztu ziren. 2008aren hasieran, eta Iban Zugarramurdik baterian eginiko denboraldi labur baina goxo baten ondoren, Iban Larreboure Urruñar gaztea sartzen da taldean, bateria jole eta taldekide berri bezala. 2008ko abenduan taldeak orain arteko azken bira "Mockba-tik Moskura" egiten du, Errusiako hiriburuko hainbat aretotan kontzertuak emanez.

Hona hemen taldeak eskeini behar dituen hurrengo kontzertuak:

Apirilak 25. Kafe Antzokia (Ondarroa).
Apirilak 26. Nafarroaren eguna. (Baigorri)
Maiatzak 1. Bonberenea. (Tolosa)
Maiatzak 10. Herri Urrats. (Senpere)
Maiatzak 15. Sidecar. (Bartzelona).
Maiatzak 16. Sala Siracusa (Tona)
Maiatzak 21. Arabatakada (Gasteiz)
Maiatzak 28. La Boca del Lobo (Madrid).
Ekainak 27. Irun.
Abuztuak 28. Areatza.

Gotzon Uribe

2009, Apirila 03