“CHECKPOINT ROCK” filma. Fermin Muguruzaren berriena

Gotzon Uribe

Javier Corcuera zuzendaria izan du lagun Irungo musikariak “Checkpoint Rock-Canciones desde Palestina” lan berria burutzeko. Palestinako musikaren inguruko film dokumentalaren estreinaldiarekin batera haren soinu banda jasotzen duen diskoa argitaratu da.

18 abestiz osaturiko diskoa da, talde eta musikari interesgarri ugari azaltzen direlarik. Kasuan kasu, DAM taldea, arabieraz kantatzen duen Palestinako lehen rap taldea, edota Amal Murkus emakumearen ahotsa, honakoa musika tradizionalaran bidean doana. Safaa Arabiyat emakumea ere azaltzen da, baina hau hip-hop doinuak landuz, Khalas taldearen rock musika, Walla’at taldea –musika tradizionala-, Habib Al-Deek lauta irakaslea, Gazako Palestinian Rapperz rap taldeko kantaria den Ayman zein Shadi Al_Assi kantaria, rap doinuak ahots melodikoekin nahasten dituena. Alboan Sabreen, Palestinako musika tradizionalean artista handia duguna zein Le Trio Joubran lauta jotzailea. Guzti hauekin batera, aipatu Manu Chao kantaria ere aritu dela diskoa osatzen duen kantu kolektibo baten erritmo eta melodia osatzen.

Diskoa 52 orrialdeko liburu bat lagun duelarik aurkezten da, bertan jatorrizko arabierazko hitzak eta hauen itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daude. Hauekin batera liburuxkan talde bakoitzaren argazkiak eta filmaren errodajean egindako irudiak biltzen dira.

Orotara lan interesgarria Palestinan gaur egun jorratzen diren musika ezberdinen berri izateko.
checkpoint_rock

Gotzon Uribe

2009, Maiatza 04