Ivan Julian eta Capsula Taldea elkarrekin

Gotzon Uribe

capsula_kontaizu

Seguraski momentuko euskal talderik erakargarrienetariako izango dugu Capsula taldea. Bere lan berria den "Rising Mountains" (BCore 2009) lana plazaratu berri dute. Bilbon bizi den argentinar bikotea dugu taldearen buru.

Capsula taldea gaur egon gurean dagoen rock talderik indartsuena eta esanguratsuena da. Beraien ospea nazioartean ere irabazi dute. Bere kontzertuak intentsitatez beteak izaten dira, adrenalina jarioz beteak. Bilbon finkatuta dagoen taldeak Europa, Canada eta AEBetako jaialdi askotan jo du. Azken berriak joan den hilabetean Texas hirian ospatzen den SXSW 2009 jaialditik datoz, David Frickerek (Rolling Stone aldizkariko editore gaztea) jaialdiko talderik esanguratsuena moduan aukeratu baizuen. Beren sonoridadea The Who eta Pink Floyd taldeen artean koka daiteke, beti ere Cramps edota Velvet Underground moduko taldeen eskuetatik igarota. Bere disko berria den "Rising Mountains" (BCore) lanean, rock musikan zehar bidaia egiten dute, rocketik psikodelia doinuetara igaroaz eta garage soinuak landuz.

 


Capsula taldea etengabe aritzen da han eta hemen jotzen, azkenengoz Estatu Batuetan zehar egin zuten bira batean ezagutu zuten Ivan Julian musikaria, 80. hamarkadan New York hirian eman zen “no wave” mugimenduaren suspertzailetariko bat. New York-eko Hed estudioan Capsula taldearen “Rising Mountains” azken diskoa grabatzen ari zirela elkar ezagutu zuten Ivan Julian eta taldeak. Estudioan elkarlanean aritu ondoren, honi asko gustatu zitzaizkion taldearen kantuak eta erritmo eta zarata lotzeko duten estiloa, eta horren ondorioz lan baten grabazioa batera egitea erabaki zuten. Horrela gauzatu zen egunotan kaleratzen den “The Naked Flame” diskoa. Bertan, Julianek aukeratutako kantuei Capsulak ukitu propioa eman die. Lan horretan erakusten digu konposatzaile handia dela orain ere, soinu bilatzailea, giro eta sentsazio bereziak sortzeko intuizio bereziarekin, hanka bat rockean eta bestea esperimentazioan daukana.

Ivan Julian 13 urterekin hasi zen gitarra jotzen eta ordutik ez da gelditu. Led Zeppelinen bertsioak egiten gaztetan, itsasoa zeharkatu eta The Foundations taldearekin aritu zen Ingalaterran. New Yorkera itzulita Richard Hell & The Voidoids taldea sortu zuen. 80ko hamarkadan Outsets taldearekin rockaren mugak zabaldu eta bide berriak eraiki zituen, gerora no wave eta post-punk taldeek zeharkatu dituztenak. Konposatzen jarraitzen badu ere, NY Hed estudioan lanean dihardu talde interesgarriak grabatzen: Fleshtones, Heavy Thrash, James Chance…

 

Gotzon Uribe

2009, Uztaila 02